Erreportajeak

2013ko otsaila
Kobazuloak, saguzarren babesleku

Saguzarrek mota askotako gordelekuak erabiltzen dituzten arren (zuhaitzatako zuloak eta arrakalak, giza eraikinetako zirrikituak eta ganbarak...) gehienetan kobazuloetan gordeta imajinatzen ditugu.  Saguzarren gehiengoa hainbat babesleku motatan gorde daiteke, baina badaude mota bakarreko babeslekutara lotuta dauden espezieak ere. Erreportaje honetan, lurpeko babeslekutan aurki ditzakegun saguzarren biologia eta kontserbazioari buruzko informazioa aurkituko duzue.

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Euskal Herrian, ohikoenak diren 21 saguzar-espezietatik 13-k erabil ditzakete lurpeko babeslekuak, urteko sasoiren batean behintzat. Horietako zenbaitentzat, ferra-saguzarrentzat (Rhinolophus ferrumequinum, R. euryale, R. hipposideros) esaterako, kobak edo meatzeak dira gordeleku garrantzitsuenak, eta koba-saguzarrarentzat (Miniopterus schreibersii), ia gordeleku bakarrak. 

Zergatik kobazuloak?

Saguzar espezie askok erabiltzen dituzte lurpeko babeslekuak. Kobazuloek eta meatzeek, predatzaileekiko babesaz gain, ingurune egonkor bat eskaintzen die; kanpoko eguraldia aldakorra den bitartean, babeslekuaren barruan hezetasun eta tenperatura baldintzak konstante mantentzen baitira. Ezaugarri horrek energia aurrezten laguntzen die saguzarrei, bai neguan eta baita udan ere. 

Neguan

Euskal Herriko saguzar guztiak intsektiboroak dira. Neguan, elikagai eskuragarritasuna asko murrizten da eta gainera eguraldi-baldintzak txarrak izan ohi dira saguzarrentzat; horregatik, saguzarrek urteko hilabeterik hotzenetan hibernatu egiten dute, azarotik apirilera bitartean, gutxi gorabehera. Torpor izeneko letargo-fase horretan sartu ahal izateko ingurune-tenperatura baxua eta konstantea behar dute, kobazuloek eskaintzen duten baldintza, hain zuzen ere. Baldintza horietan, saguzarrek euren gorputz-tenperatura ia ingurunekoa bezain baxua izateraino jaitsi dezakete. Modu horretan, metabolismoa asko murriztuz, energia kontsumoa minimizatzen dute eta, udazkenean gorputzean metatutako koipea pixkanaka errez, torporrean igarotzen dituzte asteak edota hilabeteak. Orokorrean, babeslekuko lekurik hezeenak aukeratzen dituzte gainera, lozorroan ahalik eta ur gutxien galtzeko egokiak baitira. Saguzarren hibernazioak hilabeteak iraun ditzaketen arren, neguko gaurik epelenetan saguzarrak esnatu egin daitezke, eta elikatzera eta ura edatera irtetea ohikoa da, Euskal Herria moduko ingurune epel batean. 

Lightbox Image
 

Udan

Udaberri amaiera eta uda artean, berriz, kobazuloak kumatzeko erabiltzen dituzte saguzarrek. Emeek tasa metaboliko altua mantendu behar dute ernaldian zehar, kumearen garapenerako eta edoskian zehar esnea ekoizteko. Gorputz-tenperatura altua mantentzea komeni zaie eta, ingureneko tenperatura epela izateak energia aurrezten laguntzen die. Horregatik, koba epelenetan babesten dira kumatzeko. Ama eta kume askoko kolonia handiak eratzen dira urteko sasoi horretan, eta, horrenbeste animalia elkartuta, kobak berez duena baino tenperatura altuagoa lortzen da, kumeen hazkuntzarako egokiagoa izan ohi dena.

Animalia zaurgarriak

Lightbox Image

Hibernazio- eta kumatze-garaian dira bereziki zaurgarriak saguzarrak. Torpor egoeratik atera eta berriz aktibatzeko, bihotz-taupadak eta arnasketa-erritmoa asko bizkortzen dituzte, eta, energia-gastu handia eragiten die horrek. Neguan sarri esnatzen badira, udazkenean metatutako energia-erreserbak agortzeko arriskua dute udaberria -elikagai eskuragarritasuna berriz handituko den garaia- iritsi baino lehen. Saguzarrak udaberrira ahulduta iritsiz gero, baliteke kume bat aurrera ateratzeko energia nahikorik ez izatea edo, besterik gabe, gosez hiltzea. Kumatze-garaian jasandako perturbazioen ondorioz emeek arazoak izan ditzakete ernaldian zehar, edo, kumeak dagoeneko jaio badira, babeslekutik ihes egin dezakete, amarekiko erabateko menpekotasuna daukaten kumeak bertan utziz. 

Asalduren ondorioak bereziki dira larriak saguzarrengan, honako bi ezaugarri biologikoengatik, nagusiki:

Tasa demografiko baxua

Urtean kume bakarra izaten dute, beraz, populazio bat murrizten bada (negu gogorra izan delako, udaberrian eguraldi txarra egin eta elikagai nahikoa eduki ez dutelako, babeslekuan perturbazioren bat gertatu eta kumeak hil direlako...) bere leheneratzea oso motela izango da.

Gregarismo altua

Saguzarrak talde handitan elkartzen dira; Euskal Herriko koloniak hamarnaka animalia izatetik 1000 animalia baino gehiago izatera irits daitezke. Horrelako kolonia handi bat ikusita, animalia oso ugariak direla irudi dakiguken arren, kolonia horietan eremu handi bateko populazio osoak elkartzen dira. Kilometro karratu askotako azalera erabiltzen dute, eta horregatik, koloniari eragindako edozein kaltek eremu oso batetako populazioari eragiten dio.

Lightbox Image
 

Kontserbazio egoera kezkagarria

Saguzarrak mehatxatutako animaliak dira bai munduan eta baita Euskal Herrian ere. Euskal Autonomia Erkidegoan, zerrendatuta dauden 23 espezietatik 21 mehatxatuta ageri dira Arriskuan dauden Espezieen EAEko Zerrendan. Faktore ugari dira egoera horren erantzule, baina babesleku egokien galera izan daiteke garrantzitsuenetariko bat. 

Kobazuloetan edo meategietan gordetzen diren espezieentzat jendearen gehiegizko presentzia izan ohi da babesleku horiek ez-egoki bihurtzen dituena. Mendian ibiltzeko ohitura asko zabaldu den moduan, kobazuloekiko kuriositatea ere hazi egin da azken hamarkadetan. Espeleologo izan beharrik gabe, esploratzeko errazak diren zuloetan geroz eta bisitari gehiago sartzen dira; dela norbere kabuz dabilen bisitaria edo antolatutako txangoetako turista taldea. Barrenbide estuetan linterna baten laguntzaz ibiltzearen zirrarari saguzar talde bat ikusteko aukera gehituta, erakarpena erabatekoa da. Tamalez, asmo bandaliko soilak dituzten pertsonak ere erakarriak sentitzen dira, eta kobazuloak zabartu edo saguzarrak nahita hil ere egiten dituzte.

Kasu gehienetan gertatzen den bezala, animalia hauen kasuan ere, laguntzeko modurik onena bakean uztea da. Herrialde askotan neurri zorrotzak hartzen ari dira saguzarren “babeslekuak babesteko”. Informazio-txartelen bidez, koba garrantzitsuenetan abisuak jartzen dira, urteko sasoi batzutan ala urte osoan zehar (saguzarren erabileraren arabera) barrura ez sartzeko eskatuz. Beste koba batzutan, berriz, jendearen sarrera eragozteko itxiturak eraikitzen dira; saguzarren hegaldia oztopatuko ez duten itxituak, noski!

Zer (ez) egin

Espeleologiazalea bazara eta koba edo meategi batean saguzarren bat ikusten baduzu, segi ondorengo gomendioak eta saguzarrek eskertuko dizute! 

  • Ez ukitu saguzarrak. Kontua eduki saguzarrak beren posiziotik ez mugitzeko, bereziki pasabide baxuetatik igarotzen ari zarenean.
  • Ez argazkirik atera saguzarrei. Flashak asko aztora ditzake.
  • Hibernatzen ari diren saguzarrak epeltzeak torporretik esna ditzake. Saiatu saguzarren azpian ez egoten edo espazio txikitan ez luzatzen; zure gorputzeko beroa nahikoa izan baitaiteke toporretik esnatzeko.
  • Ez zuzendu argi distiratsurik saguzarrei; argiak eta beroak esna baititzakete. Karburo-lanparak ekidin behar dira bereziki, sortzen duten bero eta keagatik.
  • Edozein estimulu gogorrek esna ditzake saguzarrak; beraz, koban gehiegizko soinuak egitea edo erretzea ekidin.
  • Kobazuloan saguzarren kumatze-kolonia bat badago, ez sartu.

Gomendioak: Hutson et al. 1995-etik moldatuak

Erlazionaturiko espezieak

Ferra-saguzar handia
Rhinolophus ferrumequinum
Ferra-saguzar txikia
Rhinolophus hipposideros
Ferra-saguzar mediterraneoa
Rhinolophus euryale
Geoffroy saguzarra
Myotis emarginatus
Natterer saguzarra
Myotis nattereri
Arratoi-belarri handia
Myotis myotis
Koba-saguzarra
Miniopterus schreibersii


Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...