Ipar-zerea
Balaenoptera borealis

Ipar-zerea ia mundu osoko itsasoetan bizi den balea da. Hala ere, Bizkaiko golkoan gutxitan ikus daiteke, noizbehinka hondartzetan  aleren bat agertu izan den arren. Espezie hau XX. mendearen bigarren erdian ehizatua izan da, eta gaur egun arriskupean dago, babestua egonagatik ere.

Balaenoptera borealis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Balaenopteridae
Deskribatzailea
Lesson, 1828
Estatusa
en

Deskribapena

Ipar-zereak igitai itxurako hegats dortsal irtena dauka, izurdeen hegatsen antzekoa, gorputzeko bigarren herenean kokatua. Hegats pektoralak eta isatsa nahiko txikiak dira. Gorputz lirain aerodinamikoa dauka, buru puntadunean amaitua, eta bertan gandor longitudinal bakarra ageri da, muturretik espirakulu pareraino luzatzen dena. Ahoan 350 bizar izan ohi du bataz beste. Hauek meheak dira, kolore beltzekoak marra argiekin, eta ez dira 80 cm-ko luzerara heltzen. Tolesdura bentralak nahiko motzak dira gainerako zereekin konparatuz, zilborra baino lehenago bukatzen baitira. Ezaugarri honen ondorioz, aho barrunbea zabaltzeko gaitasuna txikiagoa da beste zereen aldean. Sabelalde zuriska izan ezik, gorputz osoa gris iluna edo marroia izan ohi da, eta azalean zehar orban zuriak aurkeztu ohi ditu, zigarro marrazoak (Isistius brasiliensis) eginiko hozkaden ondoriozkoak. Tamaina aldetik, helduek 12-17 metro artean neurtzen dute normalean, batzuetan 18 metro neurtzera ere iritsiz, eta emeak arrak baino zertxobait handiagoak izaten dira. Era berean, ipar hemisferioan bizi diren baleek hego hemisferiokoak baino txikiagoak izateko joera dute.

Antzeko espezieak

Balaenoptera physalus
Balaenoptera physalus

Zere arruntak (Balaenoptera physalus) buruaren eskuineko aldea zuria dauka, ipar-zerearen kolorazioa homogenoa den bitartean. Gainera, zere arrunta tamainaz handiagoa da.


Balaenoptera acutorostrata
Balaenoptera acutorostrata

Zere txikia (Balaenoptera acutorostrata) eta ipar-zerea bereizteko, hegats pektoralei begiratu behar zaie. Zere txikiarenak kolore zurikoak dira, eta ipar-zerearenak, berriz, gris ilunak.


Balaenoptera edeni

Zere hau ez da Euskal Herriko itsasoetan bizi, tropikoetan baizik, baina bertan ipar-zerearen bizimodua ikertzeko arazoak ekarri ditu, urrunetik ikusita oso antzekoak baitira bi espezieak. Bereizteko, buruari erreparatu behar zaio: ipar-zereak gandor bakarra dauka buruaren erdialdean; aldiz, B. edeni-k hiru aurkezten ditu, bata erdialdean eta beste biak alboetan.

Banaketa

Zere honen banaketa tropikoetatik poloetaraino zabaltzen da, bi hemisferioetan. Munduko ozeano guztietan aurki daiteke, baina, bere generoko gainerako espezieekin alderatuz, latitude ertainetako itsaso epeletara mugatuagoa dago, 8-18 ºC-ko tenperaturak nahiago izaten baititu. Hori dela eta, arraroa da ipar-zerea itsaso izoztuetatik gertu aurkitzea, eta, era berean, Ekuatore inguruko ur beroek ipar eta hego hemisferioetako populazioak bereizirik mantentzen dituzte.

Espezie migratzailea da: udan latitude altuetako uretan elikatzen da, eta neguan zonalde beroagoetara migratzen du ugaltzeko. Bere udako banaketa ongi aztertua izan da, baina neguko banaketa oraindik ezezaguna da hein handi batean. Izan ere, itsas zabalean zehar migratu ohi du, eta kostalde inguruan ikustea zaila izaten da. Gainera, eskualde tropikal horietan Balaenoptera edeni izeneko zerea bizi da, ipar-zerearen oso antzekoa, eta horrek bi espezieak bereizita ikertzea zaildu du. Ipar Atlantikoan, udan Norvegia, Eskozia, Islandia, Groenlandia eta Kanada artean bizi da, eta negu aldera hegoalderantz joaten da, Iberiar penintsularen eta Afrikaren inguruko ur ozeanikoetara. Bizkaiko golkoko ugaritasunari buruz ez dago daturik, baina ur ozeanikoetako bisitari esporadikoa dela uste da. Zonalde hau bere neguko banaketaren barnean sartzen da.

Habitata

Ipar-zerea itsaso zabalean bizi ohi da, eta kostaldeko urak saihestu ohi ditu. Euskal Herrian, kostaldetik gertu agertu diren ale gehienak hondartzetan lehorreraturikoak izan dira.


Elikadura

Zere hau itsasoaren gainazaletik gertu dauden animalia txikiez elikatzen da gehienetan, bizarren artetik ura filtratuz. Ezaugarri honetan gainerako zereengandik bereizten da, hauek beren harrapakinak irentsi ohi baitituzte, iragazketaz harrapatu beharrean. Hori izan daiteke bere bizarrak meheagoak izatearen arrazoia. Zooplanktona osatzen duten krillak, anfipodoek eta kopepodoek zein arrain txikiek osatzen dute bere dieta. Hala ere, txitxarroa bezalako arrain handiagoak edo txipiroiak ere irents ditzake, bere generoko beste espezieen antzera. Ipar Atlantikoan, kopepodoak jaten ditu batez ere, krillaz neurri txikiagoan elikatzen delarik. Ozeano Barearen iparraldean, berriz, arrainak (Cololabis saira eta Theragra chalcogramma batik bat), krilla eta kopepodoak dira bere dietaren zatirik garrantzitsuena (Flinn et al. 2002).

Ugalketa eta ontogenia

Ipar-zerearen ugal estrategia beste zereek dutenaren antzekoa da. Estaltze garaia negu aldera ematen da eta bost hilabetez luzatzen da. Eme gehienek behin bakarrik obulatzen dute, baina ernaldu ezean, bitan edo hirutan ere obulatu dezakete ugalketa sasoi bakarrean. Urtebete inguruko ernaldiaren ondoren, kume bakarra jaiotzen da, 4,4 metro inguru neurtzen duena. Jaio eta 6-9 hilabetera, udan, kumeei titia kentzen zaie latitude altuetako bazkatze guneetan. Espezie honek 5 eta 15 urte artean lortzen du heldutasun sexuala, eta hortik aurrera, eme bakoitzak bi edo hiru urtean behin kume bat izan ohi du (Mizroch et al. 1984). Zenbaitetan, zere arruntarekin (Balaenoptera physalus) gurutzatu eta bi espezieen arteko hibridoak sortzen dira.

Bizimodua

Gehienetan 2-5 indibiduoko taldeak osatzen dituzte zetazeo hauek, baina elikatzen ari direnean talde handiagotan ikus daitezke. Hala ere, beren portaera soziala ezezaguna da oraindik, neurri handi batean. Elkarren arteko komunikazioari buruz ezer gutxi dakigu, baina jakina da indibiduoak frekuentzia baxuko soinu ugari igortzeko gai direla. Igerilari azkarrak dira (beharbada, zetazeo guztietan azkarrenak), 25 km/h-ko abiadurak lortzera heltzen baitira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Espezie honen harrapari nagusia orka (Orcinus orca) da.

Kontserbazioa

Ipar-zerea ez da tradizionalki baleontzien jomuga izan, baina 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gupidarik gabe arrantzatua izan zen, zere urdinaren (Balaenoptera musculus), zere arruntaren (Balaenoptera physalus) eta xibartaren (Megaptera novaeangliae) populazioak murriztu eta babestuak izan zirenean (Mizroch et al. 1984). 1976etik balea hau babespean dago, baina Japoniak 2002 urtean helburu zientifikoekin ipar-zerearen ehiza baimendu zuen, urteko 100 ale arrantzatuz. Ehiza komertzialaren eraginez, ipar-zerearen munduko populazioa % 80an murriztua izan dela estimatu da, eta hori dela eta, zere hau arriskupean dago. Itsasontziekin talka egitean zenbait ale hil direla ere jaso izan da, baina heriotza hauek garrantzi txikia dutela uste da, itsasbazterretik urrun bizi den zerea izanik, gertaera hauek ez baitira ohikoak (Reilly et al. 2008).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Flinn RD, Trites AW, Gregr EJ, Perry RI. 2002. Diets of fin, sei, and sperm whales in British Columbia: an analysis of commercial whaling records, 1963–1967. Marine Mammal Science, 18(3): 663-679

Mizroch SA, Rice DW, Breiwick JM. 1984. The Sei Whale, Balaenoptera borealis. Marine Fisheries Review, 46(4): 25-29

Reilly SB, Bannister JL, Best, PB, Brown M, Brownell Jr RL, Butterworth DS, Clapham PJ, Cooke J, Donovan GP, Urbán J, Zerbini AN. 2008. Balaenoptera borealis. IUCN Red List of Threatened Species. http://www.iucnredlist.org/details/2475/0 (2013/06/16)

Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.
Egilea: | Sorrera: 2013/02/05 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1767 | Argazki nagusia: Arasmacao

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...