Aspis sugegorria
Vipera aspis

Sugeek oro har eta sugegorriek bereziki duten fama txarrak asko zaildu die bizitza animalia hauei. Gizakiak egindako jazarpenak kalte ikaragarriak egin dizkie sugegorrien populazioei, leku askotan desagertzeraino.  jazarpen hori erabat bidegabea da halere, sugegorriak animalia lasaiak dira eta ahal duten heinean ihes egiten diote gizakiari. Lasai ibiltzen dira beren bizilekuetan sugandilak, satitxuak eta abar ehizatzen eta, ez dio erasorik egiten gizakiari asko aztoratu ezean.

Euskal Herriko sugegorrietan handiena da aspis sugegorria; 80 cm-ko luzeera gaindi dezake, baina, normalean, 60 - 65 cm-ko luzeera izaten du. Euskal Herrian, isurialde mediterraneoko mendietan aurkitzen da, Nafarroako Pirinioak eta Valderejoren artean.

Vipera aspis

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Viperidae
Deskribatzailea
(Linnaeus, 1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Aspis sugegorriaren ohiko luzera 60 cm-tik gorakoa da, baina, 80 cm gainditzera irits daiteke. Gorputz sendokoak dira, hala ere, arrak emeak baino argalagoak izan ohi dira eta  dimorfismo sexuala agertzen dute kolorazioan eta buztanaren luzeran. Gainontzeko sugegorri espezieen antzera, buztan motzekoa dugu sugegorri espezie hau. Buru zabala eta triangeluarra du, gorputzetik ondo bereizturikoa, zenbaitetan alderantzizko V forma agertzen duena.

Begi-niniak, sugegorri guztiak bezala, bertikalak ditu.  Bizkarrean sigi-saga itxurako lerroa agertzen du. Koloreak oso aldakorrak dira, adina, urte sasoia, habitata eta sexuaren arabera; gorputzeko ezkatak grisak edo horiak, urre edo kobre-kolorekoak eta, orban beltz edo berdexkadunak, ertz beltzekin izan daitezke. Alde bentrala iluna, grisaxka edo zurixka izan daiteke eta orban meheak izan ditzake.

Antzeko espezieak

Vipera latastei
Vipera latastei

Muturra oso altxatua du lataste sugegorriak, aspis sugegorriak baino nabarmen gehiago.


Vipera seoanei
Vipera seoanei

Mutur biribiluda du eta ez gorantza altxatua.


Kolubridoak

Sugegorriak beste sugeetatik bereizteko ondorengo ezaugarriak begiratu behar dira: sugegorriek begi-ninia bertikala dute eta kolubridoek biribila; buruko ezkatei erreparatuz, sugegorriek ezkata txikiak dituzte buruan, guztiak neurri berekoa gutxi gorabehera, eta, kolubridoek plaka-itxurako ezkata handiak dituzte. Gainetik begiratuta, sugegorriek hiruki-formako burua dute, atzean zabala eta muturralde estuarekin; forma hori, ordea, beste zenbait sugek ere imitatzen du mehatxatuta sentitzen denenan, arriskutsua dela sinestarazteko erasotzaileari.

Banaketa

Espezie europarra dugu aspis sugegorria eta alde mediterraneo mendebaldarrean iparraldeko eskualdeak betetzen ditu (Saint Girons, 1997). Frantzia, Suitza, Alemania eta Italiako hainbat lurralde zabaletan ere ageri da. Aldi berean, zenbait irletan (Sizilia, Elba, Montecristo)  bizi da. 

Pirinioetan barrena egiten du eta iberiar penintsula mailan ipar-ekialdeko mendiguneetan aurkitzen da (Gosá, 1997), aurre-Pirinioko arroak barne.

Vipera aspis Vipera aspis

Habitata

Basoko espezie termofiloa da. Substratu harritsuak eta hegoalderantz orientatutakoak atsegin ditu eta, hegal harritsu, baso-soilune, sastrakadi bazter, nekazaritza-pista eta harresietan topa dezakegu. Sasoi epelenetan ibaiertzetan eta hezeguneetan ere aurki daiteke, bertara jotzen baitu freskatzeko. Joera menditarra duen espeziea izan arren, aspis sugegorria itsas-mailatik 2000 m-raino  topatu izan da Sistema Iberikoan; frantziako isurialde pirenaikoan, berriz, 2.600 m-raino.


Elikadura

Helduek orohar mikrougaztunak jaten dituzte, hala ere, sugandilak edo antzeko narrastiak eta hegaztiak ere euren dietaren parte izan daitezke. Indibiduo gazteen dietaren parte nagusia sugandilek betetzen dute.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa udaberrian gertatzen da, aspis sugegorria hibernazio-sasoitik esnatu ostean, alegia. Espezie obobibiparoa izanik, emeak batazbesteko 15 sugegorri kume garraiatzen ditu bere baitan. Kume kopurua 5 eta 25 artekoa izaten da eta, horiek estaltzetik 2 - 3 hilabetera jaiotzen dira.

Arrek heldutasun sexuala 3 urterekin eskuratzen dute eta, emeek 5 urterekin. Arrak zein emeak 18 urte bizitzera hel daitezke. 

Bizimodua

Espezie eguartiarra den arren sasoi berotsuenetan jarrera gautiarra aurkezten du. Sarritan ikus daiteke harrien gainean termoerregulatzen. Udan euri-jasa baten ostean maizago ikusten da. Urritik apirila edo maiatzerainoko negu luzea, elurpeko ezkutalekuren batean hibernatzen igarotzen du.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Aspis sugegorriaren predatzaile naturalak hegaztiak eta Coronella generoko sugeak dira. 

Sugegorriek oso ondo banatuta dute eremua. Narrastien artean ez dugu aurkituko eremua horren zehaztasun handiz eta hain modu eraginkorrez partitzen duen beste animaliarik. Inguruko beste sugegorri-espezieen lehia saihestearren egiten dute. Portaera hori, gainera, ohikoa da Europako gainerako sugegorri-espezieen artean ere. Izan ere, guztiek jarraitu duten lerro ebolutiboa dela eta, berdintsuak dira espezie batzuen eta besteen beharrizanak, elikadura, gordelekuak eta, oro har, ohiturak (Gosá eta Rubio, 2006). 

Kontserbazioa

Espezie honen arazo nagusia habitat galera da nekazaritzaren intensifikazioagatik eta, neurri apalago batean turismorako egituren eta urbanizazioen garapenagatik. Jendeak aktiboki jazartzen du beste sugegorriak bezala eta, maskota moduan saltzeko harrapatzen da. Zenbait populaziok arazoak dituzte errepidetako heriotza-tasa altuengatik (www.iucnredlist.org).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . www.iucnredlist.org. http://www.iucnredlist.org/apps/redlist/details/61591/0 (2011/02/21)

Gosá A., Rubio X.. 2006. Sugegorriak: animaliak baino ez. Elhuyar, 222: 22-25

Gosá, A.. 1997. Vipera aspis. En: Pleguezuelos, J.M. Distribución y Biogeografía de los anfibios y reptiles en España y Portugal.

Saint Girons H.. 1997. Utilisation de l'espace vital par Vipera aspis (Reptilia, Viperidae) dans une region de Bocage de l'ouest de la France. Bulletin de la Société Zoologique de France, 84: 5-14
Egilea: Asier Diaz eta Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/02/21 | Azken eguneraketa: 2012/11/13 | Bisita-kopurua: 2171 | Argazki nagusia: Gabri Mtnez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...