Gaukarra, Andorra
Viburnum opulus

Gaukarra 4 m-ko altuerara hel daitekeen zuhaixka hostoerorkorra da. Hosto palmatilobatuak ditu, eta infloreszentzia deigarria dauka, lore antzu handiek eta lore emankor txikiagoek osatua. Apaingarri gisa erabiltzen da, eta lore guztiak antzuak dituzten hainbat barietate kultibatzen dira.

Viburnum opulus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Dipsacales
Familia
Adoxaceae
Deskribatzailea
Linnaeus
Estatusa
ne

Morfologia

2-4 m arteko zuhaixka tentea da. Enborra oinarritik adarkatzen da, eta adarrak zuzenak dira, azal arre zimur edo angelutsuarekin aldaska gazteetan. Hauek glabroak dira, gutxitan ile dispertsoren bat izan dezaketen arren. Begiak ezkatez babestuak egoten dira.

Hostoak

Hosto erorkorreko landarea da. Hauek paraera oposatua dute, 35-75 x 75-117 mm-ko linboarekin, eta palmatilobatuak dira irregularki horzkatutako 3-5 gingil zorrotz aurkeztuz. Berde argiak eta ilegabeak dira gainaldetik, marginetan izan ezik, non ileak agertzen diren. Azpialdea argiagoa da, ilaunduna, bereziki nerbioen inguruan. Txortena, 10-19 mm-koa, estipuladuna da, eta orriarekin lotzen den tokian disko erako 4-8 guruin izaten ditu.

Loreak

Zuhaixka honen infloreszentzia deigarria da, 4-6 cm-ko diametroduna, non kanpoko loreak antzuak eta handiak diren, eta barnealdekoak emankorrak eta txikiagoak. Unbela itxurako lore-elkartea da, zima korinbiforme ugariren elkarketaz sortua. 50-82 lore izaten ditu, eta bi brakteola.

Loreak zigomorfoak dira, usaingabeak eta zuri-horixkak. Kalizak hiruki itxurako bost gingil zorrotz ditu, glabroa edo ile dispertso gutxi batzuez estalia. Korola gamopetaloa, errotazeoa, kanpoko loreetan 5-8,1 mm-koa eta barnekoetan 1,8-2,3 mm-koa, bost lobulu biribildutan irekitako hodian elkartzen diren petaloez osatua dago. Lore antzuetan, estaminak maiz estaminodioz ordezkatuak izaten dira. Emankorretan berriz, estaminak 1,9-2 mm-koak dira, glabroak eta antera esferiko horidunak. Ginezeoa elkarren artean loturiko hiru karpelok eratzen dute, estigma trilobulatuan amaitua. Hiru karpeloetatik bakarra helduko da.

Fruituak

Landare honen fruitua drupa oboidea da, 8,5-10,7 x 7-9,5 mm-koa. Kolore gorri bizia du, glabroa da eta puntan estiloaren hondarrak ditu. Barnean 7,1-8,1 x 6,1-7,4 mm-ko pireno edo hezurra du.

Banaketa

Europa eta Asia mendebaldeko zatirik handienean zabaldua dago, baita Afrikako ipar-mendebaldean ere. Iberiar penintsulan, Kantauri itsasoko ertzean eta Pirinioetan agertzen da batez ere, eta erdialdeko mendikate sistemetan era dispertsoan agertzen da. Euskal Herriko ipar erdian hedatzen da, barnealdeko haran eta mendietan kostaldean baino ugariago betiere.

Viburnum opulus Viburnum opulus

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Cornus sanguinea
Zuhandorra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Ulmus laevis
Zumar dilindaria
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Gehienetan humusean aberatsak eta kalkareoak diren lurzoru heze edo lokaztuetan bizi da, hostoerorkorren basoen soilune eta orletan eta horien ordezko palaxuetan, 10-1000 m-ko altitudean. Nitrogeno ugariz ongarritutako lurzoruetan ez da hazten.

Fenologia

Apiriletik ekainera loratzen da, eta fruituak udan zehar heltzen dira.

Erabilerak

Apaingarri gisa oso erabilia da, lore guztiak antzuak dituzten barietateak (V. opulus var. roseum eta V. opulus var. sterilis) izanik lorezaintzan erabilienak. Bere fruitua kantitate txikitan jangarria da, eta marmelada egiteko erabil daiteke. Hala ere, kantitate handitan kontsumituz gero toxikoa izan daiteke, beherakoa edo goitikatzea eraginez. Enborraren azalak muskulu leunaren tentsioa lasaitzeko gaitasuna dauka, eta horregatik, tripako minaren aurka erabil daiteke, batez ere emakumezkoetan hilekoak eragindako minak lasaitzeko.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Pagadi, harizti eta ibarbasoen orletan hazten da, bai eta horien ordezko hesi bizietan ere. Populetalia albae ordenako komunitateetako landare bereizgarria da, non Athyrium filix-femina, Bryonia dioica, Carex pendula, Humulus lupulus, Lisimachia nemorum, Osmunda regalis, Ranunculus ficaria, Silene dioica, Solanum dulcamara eta Stachys sylvatica espezieekin batera ager daitekeen.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2014/10/23 | Azken eguneraketa: 2014/10/26 | Bisita-kopurua: 1293 | Argazki nagusia: Carl F. Bagge

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...