Onddoak

Armillaria mellea
Bizkarroia

Perretxiku honi eztiaren kolorea izateagatik jarri zaio “mellea” izena. Bizkarroi gogorra da, hil arte zoltzen ditu zuhaitzak eta ondoren usteldura zuria eragiten du egurra erabat deskonposatu arte. Basogintzan izurri kontsideratzen dute kalte handiak eragiten dituelako; beste batzuek, aldiz, onuragarria dela uste dute zuhaitzik ahulenak erasotzen dituelako. Gaztetan jangarri ona da.

Argazkia: Antton Alberdi
Armillaria mellea

Artikuluari buruz
Egilea: Antton Alberdi
Sorrera: 2011/10/07
Azken eguneraketa: 2013/04/04
Bisita-kopurua: 1280

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Physalacriaceae
Deskribatzailea: (Vahl) P. Kumm. (1871)
Sinonimoak
Armillariella mellea
Clitocybe mellea
Ekologia
Bizkarroia
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Pileoak 5-10 cm bitarteko diametroa eduki dezake. Gaztea denean globo-forma du, ondoren ganbila, eta heldutasunean zapaldua. Pileoaren ertza ondulatua da helduetan eta titi txikia izan ohi du. Ezti kolorekoa da, tono horixkatik oliba-marroiranokoa. Ezkata arrez estalia egoten den arren, euriarekin galdu egin ditzake. Itxura eta kolorea aldakorrak dira, parasitatzen duen zuhaitzaren araberakoak.

Estipea

Fibrotsua, luzea eta zilindrikoa, 10-18x1-2 cm-koa. Eraztun altua eta iraunkorra du, kolore zurikoa eta ehunadura mintzakarakoa. Eraztunaren inguruan estipea estriatua da; hortik behera, aldiz, ezkataduna edo leuna izan daiteke. Kolore arre-horixkakoa, heldutasunean estipea ilundu egiten da.

Orriak

Orriak dekurrente eta arkeatuak dira; meheak dira eta paraera estua dute. Hasieran zuriak, ondoren kolore horixka hartzen dute eta mantxa arre-gorrixkak izaten dituzte.

Mamia

Pileoan mamia zuria eta sendoa da, estipean fibrotsua edo larrukara. Gaztetan zapore leunekoa da, heldutan aldiz mingotsa eta usai ezatsegina du.


Mikromorfologia

Esporak

Esporak eliptikoak dira, 7-8 x 5-6 mikrakoak eta espora-jalkina zuria da.


Ekologia

Habitata

Zuhaitz-espezie gehienen bizkarroia da eta sorta handiak eratuz agertzen da. Zuhaitza bizirik dagoenean zoltzen du hil arte, eta, behin hilda, usteldura zuria eragiten du. Errizomorfoen bidez zoltzen ditu zuhaitzak eta karpoforoak agertzen direnerako kalterik handiena egina dago.

Perretxiko-garaia

Udazkenean sortzen ditu perretxikoak.

Jateko balioa

Gaztetan pileoa jangarri preziatua da. Luze egostea eta erabilitako ura botatzea gomendatzen da, pertsona batzuei intolerantziak sor diezaizkielako.

Antzeko espezieak
Kuehneromyces mutabilis

Txikiagoa da eta kanela koloreko pileo leuna du, ezkatarik gabea. Eraztuna ilunagoa eta galkorra da. Jangarri bikaina estipea baztartuz gero, baina batzuetan indigestioak eragiten ditu.


Pholiota squarrosa

Limoi-koloreko pileoa du eta kolore gorriko ezkataz estalia egoten da. Ezkata horiek Armillaria mellearen kasuan baino handiagoak eta ugariagoak dira. Estipea eraztunetik behera oso ezkatatsua da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...