Onddoak

Marasmius rotula
Marasmio gurpiltxoa

Perretxiko hau ez da jangarria, tamaina txikia izateaz gain, mamirik ez duelako. Txapela oso txikia eta zilborduna da, kolore zuria du. Estipea ere ez da handia eta gainera, oso mehea da. Behealdean kolore ilunagoa duen arren, goialdean txapelaren kolore antzekoa du. Orriak hasieran zuriak dira, eta gerora krema edo okre kolorea izaten dute. Orriak elkarrengadik oso bereziak daude, eta ez dute bat egiten hankarekin, lepoko bat osatuz estipearen inguruan. Hortik datorkio rotula, gurpil txikiaren izena. 2005eko ikerketa batean marasmio honen fruitu gorputzak kadmio metal astuna biometatzeko gaitasuna zuela ikusi zen.

Argazkia: Garikoitz Perurena
Marasmius rotula

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/04/04
Bisita-kopurua: 1288

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Marasmiaceae
Deskribatzailea: (Scop.) Fr. 1838
Sinonimoak
Agaricus rotula
Androsaceus rotula
Chamaeceras rotula
Merulius collariatus
Micromphale collariatum
Ekologia
Saprobio lignikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapel txikia du, 1,5 cm gehienez. Forma borobildua izaten du, zilborduna, zurixka eta ildo erradial batzuk ateratzen dira erdiko papilatik. Ertza uhindua eta horzduna.

Estipea

Oso mehea eta luzea da, leuna eta distiratsua. Marroi beltzaxka izaten da, baina goialdean kolore zurixkagoa du.

Orriak

Orriak oso bananduak daude elkarrengadik, hasieran zuriak eta ondoren krema edo okre kolorea izaten dute. Ez dute bat egiten hankarekin, lepoko bat osatzen dute estipearen inguruan.

Mamia

Mintzezko mamia, mehea eta zurixka.  Ez du zapore eta usain bereizgarririk.


Mikromorfologia

Esporak

Esporak zuri, leun eta fusiformeak dira. 6-10 x 3-4,5 mikrako tamaina dute.


Ekologia

Habitata

Espezie nahiko arrunta da. Hostozabalen basoetako egur hilean eta hostoetan agertzen da, eta talde handi samarrak eratzen ditu.

Perretxiko-garaia

Perretxiko hau udaberritik negura arte topatu dezakegu.

Jateko balioa

Ez da jangarria, txikia delako eta mamirik ez duelako.

Antzeko espezieak
Marasmius bulliardii

Marasmius bulliardiiren antza handia du baina erraz ezberdindu daitezke. Alde batetik, Marasmius rotula egur zatietan agertzen den heinean, bestea eroritako hostoen txortenetan eta nerbioetan ateratzen da. Bestetik, Marasmius bulliardiik txapel zuri okrea izaten du, puntu beltzarekin erdian. Azkenik, Maramius rotularen orriek forma bereizgarria izaten dute.


Marasmiellus ramealis

Marasmiellus ramealis espeziea Marasmius rotula bezalaxe lurreako egur zati edo adarreatan ateratzen da, baina marasmio gurpiltxoak ez bezala bere orriak adnatuak dira.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...