Onddoak

Sarcoscypha coccinea
Txanogorritxu

Persoon mikologoaren onddo kuttuna da honako hau, gure lurraldean aurki daitekeen askomikoto ederrenetakoa da. Katilu itxurako fruitu gorputza garatzen du. Tamainaz txikia edo ertaina baldin bada ere, daukan kolore gorri biziak nahastezina bihurtzen du. Horretaz gain, elurra dagoenean, hots, neguan azaltzen den onddo bakanetako da. Onddo hau biltzeko joera handia da, eta Europar Batasuneko herrialde batzuetan berau jasotzea debekatuta dago, esaterako Ingalaterran. Onddo honek ez dauka jateko inongo baliorik. 

Argazkia: Merulius
Sarcoscypha coccinea

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2013/03/01
Azken eguneraketa: 2013/03/02
Bisita-kopurua: 1335

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Ascomycota
Klasea: Pezizomycotina
Ordena: Pezizales
Familia: Sarcoscyphaceae
Deskribatzailea: (Gray) Boud.
Sinonimoak
Aleuria insolita
Helvella coccinea
Peziza insolita
Peziza coccinea
Ekologia
Saprobio lignikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Fruitu gorputza

Askomikoto honen fruitu gorputzak kopa itxurako egitura deigarria garatzen du. Onddo honek apotezio erako fruitu gorputza dauka, Morchella edota  Tuber generoko espezieak bezala, nahiz eta oso ezberdinak izan beraien artean. Tamainari dagokionez ez da oso deigarria, 2-5 cm-ko diametroa izaten baitu, deigarria egiten duena onddoaren kolore gorri bizia da. Apotezioaren kanpo aldeak kolore gorri apala edo zurixka izaten du. Ertza, laua izaten du eta barrurantz okertuta egoten da. Ertzaren bukaera horzduna da.

Hanka laburra garatzen duen onddoa da, asko jota 2 cm-ko luzerakoa. Hankaren kolorea koparen kanpoaldekoa bazelakoa da, zurixka edo gorri apala. Hanka iletsua, substratuari tinko eusten zaio eta bertan, kolore zuriko hifa zuriak ikusten dira. 

Mamiari dagokionez, onddo honena zuria edo gorri apala izaten da, oso malgua eta mehea. Taldekideak diren Pezizena baino hauskorragoa.


Mikromorfologia

Esporak

Esporada zuria duen onddoa da. Esporak, eliptikoak edo pixkat fusiformeak dira.  Kanpoaldean bikor txikiak izaten dituzte. Erpinetan, bikor hauek ugariagoak dira. Esporen tamaina, 25-40 x 10-12 µm-koa da.


Ekologia

Habitata

Gure basoetan nahiko ugaria den espeziea da honako hau. Hostozabalen basoetan, batez ere pagaditan, erdi lurperaturiko adarren gainean aurkitzen da. Europako gune batzuetan babestua dago, esate baterako Ingalaterran. 


Habitat bereko espezie batzuk:
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kukuma
Amanita ovoidea
Lanperna horia
Amanita citrina
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura


Perretxiko-garaia

Gure ingurunean neguan hazten den espezie bakanetako da, urtarrilean hasi eta maiatzera arte luzatzen da bere garai optimoa. Onddo ikusgarri hau sarritan ikus daiteke gune elurtuetan hasten, kontraste izugarria eratuz eremu horretan.

Jateko balioa

Espezie honek ez dauka inongo balio gastronomikorik, ez baitauka ez zapore ez usain berezirik. Horretaz gain, kontuan izan behar da gune batzuetan babestua dagoela.

Antzeko espezieak
Aleuria aurantia

Bi espezie hauek nahiko ezberdinak badira ere, nahastu egin daitezke. A. aurantiak kolore laranja dauka eta lur gainean, batez ere mugituriko lurretan hasten da, ez egur hilaren gainean. 


Sarcoscypha austriaca

Bi espezie hauek makroskopikoki bereiztea oso zaila den arren, mikroskopikoki bereiz daitezke. S. austriacaren esporaren ertzak ez dira ganbilak, moztuak baizik.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...