Ardura zaitez!

Lightbox Image
GARIKOITZ PERURENAREN BLOGA
 
Guztiok gure inguruarekiko sentiberatasuna dugunez guztioi arduratzen digu gure inguruan gertatzen denak. Ez dugu ahaztu behar, gainera, gure ingurua gure eraginpean dagoela etengabe, eta eragin horiekiko ardura onartu behar dugu ezinbestean. Horretarako duzue hemen irekita Biologiaren eta Ingurugiro Zientzien leihoa, zuen behatokia. 

Ardura zaitez! bloga | 2012/01/09 | Egilea: | Bisitak: 1176 | iruzkin

Ezagutza

Nire aitonak pagadiaren isiltasuna usaintzen besterik ez zekiela esaten zuen. Berak ardiak larratzen zeuden bitartean pagadiaren humeltasun sarkorra ikutzen zuela, eta orbelaren dantza motela entzuten. Berak bazekien zein zen ahabia, bazekien zein txokotan jasoko zuen hurrengo urtean onddo beltza, bazekien egurrarekin ikatza nola egin, bazekien lokazti horietan basurdeak eta oreinak ibiltzen zirela, bazekien kantuan zebilen txoria bizkarraldea urdina duela eta enborran gora ta behera ibiltzen dela.

Halere, nire aitonak pagadiak ezagutzen ez zituela esaten zuela gogoratzen dut. Telebistan behin baino gehiagotan entzuna zuela baso batek enbor dentsitate hau hala bestea zeukala. Edo pagadi hau azidofiloa zela eta beste hori ez. Edo pagotxa kopurua eta basurde dentsitatea zuzenki erlazionatuta zeudela. Behin baino gehiagotan entzuna zuen hori telebistan eta irratian. Eta berak ez zekien bere etxola ondoko pagadiaren enbor dentsitatea zein den. Ezta azidofiloa den ala ez. Basurdeen eta pagotxen arteko erlazioa zuzenki proportzionala zenik ere ezin zuen esan.

Askok pentsatuko dute nire aitonak pentsatzen zuen bezala. Haiek ez dakitela biologiaz ezer ez. Ezta fisikaz, edo matematikaz ere. Haiei basora joan eta isil-isilik basoa ikusi, ukitu, usaindu, entzun eta sentitzea gustatzen zaiela.


Ardura zaitez! bloga | 2011/12/15 | Egilea: | Bisitak: 1017 | iruzkin

Egunotan olatu ikusgarriak ikus daitezke Donostiako pasealeku berrian. Ura indarrez altxatzen da haitz labarrean gora eta, hurrena, aparra eta umeltasuna geratzen dira zartakoaren lekuko.

Ikuskizun itzela da itsasoak lurrari nola astintzen dion ikustea. Berripapera gehienek ere hala jasotzen dute irakurlearen arreta bereganatu nahi duten goiburuetan. Guztietan lelo bera sumatzen da: itsasoa bat-batean erotu dela dirudi, ezohiko gertakari ikusgarria eskaintzera etorriko balitz bezala. Eta jendea tropelka inguratzen da gertatzen ari dena haien argazki-kameretan gordetzeko asmoz.

Begietan lilura bera ikusi ahalko zaie Donostiako pasealekuan biltzen diren ikusleei eta egunotan ATLAS eta CMS detektagailuen emaitzak irakurri zain dauden fisikariei. Distira bera. Gertakaria errepikatuko ez delako beldurrez. Eta, argazki kamera bailitzan, haien txostenetan ondorio guztiak ondo gordeta uzteko asmoz egongo dira hauek ere. Inork ez luke unibertsoaren lehen partikula izan daitekeenari argazkia atera gabe geratu nahi.

Afera ez da orain eman den pausoa pausorik garrantzitsuena den. Pausoak ematea da kontua. Gizakiok aurrera goazela antzeman behar dugu, atzerako bidean ez garelako ondo sentitzen. Horregatik eusten diogu une batez olatuak jo aurretik atzera egiteko pausoari. Horregatik esaten digute unibertsoaren jatorria ezagutzeko beste oztopo bat gainditzekotan gaudela. Aurrera, atzera begiratu ere egin gabe. Hori omen da gizarteak behar duena.

Hori sinestarazi digute, behintzat. Eta norabide horretan gaudela aldarrikatzen eroso sentitzen dira gure bidea ireki nahi dutenak. Abiaduran handian. Bidean mendez mende naturak eraiki duena txikituz. Aurrera egin behar dugulako. Ahaztu dezagun jatorrian zer zen hemen genuena eta batu gaitezen aurrera joateko.

Donostiako ikuskizuna argazki kameran bezala, gure ingurunearen aldaketa ere buruan gorde beharko genuke. Bestela, aurrera goazelarik ezingo dugu gure abiapuntua non zegoen jakin. Orain ez dugu detektagailu berezirik behar gure ingurunearen sakailaz jabetzeko. Egunkarietako goiburuetan gutxitan jasotzen da aiher nagusiaren kontrako hitzik. Gutxi dira bide okerrari argazki salatzailea ateratzera datozenak, jada ohiko irudia  bihurtu zaigulako, ziurrenik. Aurrerako bide honek ez du aparrik utziko hemen zegoenaren lekuko.

Ardura zaitez!


Ardura zaitez! bloga | 2013/06/04 | Egilea: | Bisitak: 782 | iruzkin

Arga ibaia garbitzeko auzolana ekainaren 15ean

Azken hilabeteotako uholdeen ondoren Arga ibaia plastikoz eta bestelako hondakinez bete zaigu. Zabor hauek arriskutsuak dira animali eta landareentzat, bai eta geuretzat ere. Azken finean, hondakinen degradazioagatik lurra eta ura kutsatzen ari da. Hori dela eta LANDARE Produktu Ekologikoen Kontsumitzaileen Elkarteak Arga ibaia garbitzeko auzolana antolatu du ekainaren 15a, larunbatean. 

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...