Erreportajeak

2015eko
Ingurune antropizatuak: aukera berria ala tranpa?

Ingurune antropizatuak gizakiak sortutako habitatak dira. Antropizazioa, beraz, gizakiak eragindako ingurune naturalaren edozein eraldaketa geografiko izango litzateke. Habitat horien artean, adibidez, hiriak dauzkagu. Baina baita hain agerikoak ez ditugun eta Euskal Herrian oso ohikoak diren nekazal lurrak edota zuhaitz landaketak ere. Bertan bizi garen biztanleok paisai horiek ikustera ohitu gara, eta horren ondorio negatibo bat edozein eraso ekologikoren aurrean gure aldetik utzikeria azaleratzea izan daiteke. Paisaiaren gaineko, hau da eragin estetikoa argi badaukagu ere, zer nolako ondorioak dauzkate habitat hauek bertan bizi den faunaren gainean?

Ingurune antropizatuak: aukera berria ala tranpa?

Azken urteotan habitat naturalak aurrekaririk gabe eraldatuak izan dira ingurune antropizatuetan bihurtuz. Mundu mailan gaur egun adibidez, zuhaitz exotikoez konposaturiko landaketa artifizialek baso azalera guztiaren % 3,5-a osatzen dute (hau da, 140 milioi hektarea gutxi gora behera). Ingurune antropizatuek hautatze-presio desberdinak azaltzen dituzte habitat naturalekin konparatzen baditugu. Hori dela eta, aurretik egokitutako espezieak eta ad hoc aldaketa fenotipikoak pairatutako espezieek soilik beteko dituzte ingurune antropizatu hauek. Horren ondorioz, sortu berri diren habitat hauetan agertzen den biodibertsitatea, beraien baliokide naturaletan agertzen dena baino baxuagoa da. Baina, nahikoa da espezie kopurua begiratzearekin? Habitat antropizatuek soilik biodibertsitateari eragiten diote, ala haietan bizirautea lortzen duten animalien gainerako aspektu ekologikoak ere kontuan hartu behar al dira? 

Lightbox Image

Habitat antropizatuek animaliengan eragiten dituzten ondorioak aztertzen dituzten ikerlariak mundu mailan geroz eta gehiago dira. Gizakiak sortutako habitat batean pentsatuz gero ziur aski hiriak izango dira populazioaren gehiengoari burura etorriko zaizkion guneak. Hiriak partzialki eraikinez estalitako guneak dira zeinak sendoki zatikatuak dauden eta ertz efektu maila altua erakusten duten. Hori dela eta habitat naturalak asko desberdintzen dira gizakiak sortutako habitat hauetatik, beraz, habitat eraldatuak direla esan baino, habitat sortu berriak direla esan beharko genuke. Hortaz, bertan bizi diren izakiak bakanak dira, eta bertan bizirauteko moldapen bereziak garatu behar izan dituzte.

Hirietan ez ditugu soilik poluzio maila altuak topatzen. Zarata (kutsadura akustikoa) eta argi maila (argi-kutsadura) ere oso altuak dira eta baldintza horiek bertan bizi diren animaliengan eragina dutela frogatu da. Eragina ez da talde guztientzat berdina, eta argi dagoenez, kutsadura akustikoak, adibidez, komunikatzeko seinale akustikoak erabiltzen dituzten taldeen gainean ondorio altuagoak izango ditu; adibidez, hegaztiak. Ba al dakizu kantuaren eraginkortasuna hobetzeko asmoz hegaztiek kantari hasteko momentua eta denbora moldatu dezaketela? Urteak dira jada hegazti batzuek haien kantuaren bolumena hiriaren zarataren gainetik entzuteko altxatzen zutela frogatu zenetik. Horrez gain, gaur egun jakin badakigu aireportuetatik gertu bizi diren indibiduoak hegazkinak aireratzen hasi baino lehen (eta beraz, zaratarik handiena hasi baino lehen) hasten direla kantuan eta aldiz hegazkinen aktibitatea hasten denerako amaitzen dutela. Hiri baldintzen beste ondorio bat fotoperiodoaren aldaketa daukagu. Hegaztiek egunaren iraupena erabiltzen dute noiz ugaldu edota noiz migratu behar duten jakiteko. Hirietan argia egun eta gauez daukagu, beraz, animaliek beraien jarduerak aurrera eramateko gaitasuna galtzen dute. Ingurune baldintzen aldaketa guzti hauek eragiten dituzten jokaerazko eta fisiologiazko aldaketen eragina oraindik ezezaguna da, baina ikerlariek ziur aski estresa bezalako ondorioak pairatu ditzaketela uste dute. Hortaz, hainbat adituk, hirietan bizi diren indibiduoen gaineko kalteak ikertzeke dauzkagula iradokitzen dute.

Euskal Herrian oso ugariak ditugun beste habitat antropizatuak zuhaitz-landaketak dira, batez ere pinu (Pinus radiata) eta eukalipto (Eucalyptus sp.) landaketak. Hirien kasuan mundu guztiak onartzen du habitat mota horiek efektu negatiboa daukatela bertako faunarengan. Zuhaitz-landaketen kasuan, ordea, eztabaida handia sortu da azken urteetan. Ikerketa talde batzuen emaitzen arabera zuhaitz landaketak kaltegarriak izan daitezke biodibertsitate autoktonoarentzat. Lan desberdinek erakutsi dute zuhaitz-landaketetan hegazti edota intsektu espezie gutxiago bizi direla; baita indibiduo kopurua baxuagoa dela ere. Horrez gain badirudi eukalipto landaketek ibaietara heltzen den orbelarekin loturiko onddo komunitateak eragiten dituztela eta baita erreketan bizi diren ornogabeen komunitateak ere. Halere, beste lan talde batzuek zuhaitz-landaketen presentzia defendatzen dute, bertan galtzeko zorian dauden espezieak ere babesa topatzen dutelako baso naturala galdu deneko lekuetan. 

Lightbox Image

Argi dago ikerketa sakonagoak behar direla habitat antropizatuen inguruan. Nahiz eta hegaztien kasuan nahikoa ikerketa egon, zer gertatzen ari da beste animalia talde batzuekin? Adibidez, nola daramate anfibioek, munduko ornodun talderik mehatxatuena eta basoekiko dependentzia handia daukana, aldaketa guzti hauek? Ingurune berri hauek eta bertako fauna ezagutzea ezinbestekoa izan daiteke etorkizunera begira kudeaketa egoki bat egin ahal izateko. 

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...