Nazioarteko kontserbazio-figurak

Natura 2000 Sarea

Europako biodibertsitatea babesteko asmoz osatutako naturguneen sare bat da. Naturgune horiek Hegaztien Kontserbaziorako 79/409/CEE Arteztarauaren (Hegaztien Arteztaraua) eta Europako Nabitat Naturalen eta Nasafauna eta Nasafloraren Nontserbaziorako 92/43/CEE Arteztarauaren (Habitat Arteztaraua) baitan zedarritutako eremuak dira, alegia, Hegaztientzako Babes Bereziko Guneak (HBBG) eta Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) hurrenez hurren.

 

Hegaztien Babes Bereziko Guneak

Ituna: Hegaztien Kontserbaziorako 79/409/CEE Arteztaraua

Itun honek estatu kideak hegaztien dibertsitatea eta haientzako habitat-azalera gorde, mantendu edo berrezartzeko beharrezkoak diren neurriak hartzera derrigortzen ditu. Halaber, espezie, arrautza, habi eta habitaten babes-mailak ere xedatzen ditu. Zehatzago, estatu bakoitzak Hegaztientzako Babes Bereziko Guneak (HBBG) izendatu beharko ditu. Arteztarau honen hutsuneetako bat aipaturiko neurrien funtsa zertan datzan ez esatea da, honek Estatu kideek araua ez betetzea erraztu duelarik. Bestalde, hegazti-populazioen kudeaketa gauzatzeko, Arteztarauak hiru eranskin sortu ditu: Babes-neurri bereziak jaso behar dituzten hegaztiak (I. eranskina), Hegazti ehizagarriak (II. eranskina) eta Hegazti merkaturagarriak (III. eranskina).

Kontserbazio Bereziko Eremuak

Ituna: Europako Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbaziorako 92/43/CEE Arteztaraua (Habitat Arteztaraua)

Honen helburua biodibertsitatea kontserbatzea da, Europako habitat naturalen eta basafauna eta basafloraren babesaren bitartez. Horretarako interes komunitarioko habitat eta espezieen zerrendak eta haien mantentzerako eta berrezarpenerako ekimenak bultzatzen dira. Gainera, aipatutako ekimenok aintzat hartu beharko dituzte tokian tokiko beharrizan ekonomiko, sozial eta kulturalak. Estatu kide bakoitzak bere lurraldean Garrantzi Komunitarioko Eremuak (GKE) izendatuko ditu, arteztaraueko eranskinetan jasotako habitat eta espezieak barneratzeko. Hurrena, proposatutako GKE horiek onartu eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bilakatuko dira, eta Hegaztien Arteztarauean proposatutako HBBGekin batera Natura 2000 sarea osatuko dute. Eremu hauetan estatu kideek habitat naturalak edota eremua izendatu deneko espezie-populazioak kontserbazio-egoera egoki batean mantendu edo errestauratzeko behar diren neurriak aplikatu behar dituzte. Arteztarau honen goraipamena hauxe da: balore ekologikoen kontserbazioa bestelako politika sektorialen planifikazioan ezinbesteko elementutzat hartu behar izatea, kontserbazio-politika lurralde-antolaketaren osotasunean kokatzeko asmoa izanik.

Lotura: Nafarroako Natura 2000 Sarea
Lotura: EAEko Natura 2000 Sarea
Lotura: Frantziako Natura 2000 Sarea
Fitxategia: Nafarroako GKE eremuak (.kml | Google Earth | 2.9mb)
Fitxategia: EAEko GKE eremuak (.kml | Google Earth | 4mb)
Fitxategia: Iparraldeko GKE eremuak (.kml | Google Earth | 1mb)
Fitxategia: EHko HBBG eremuak (.kml | Google Earth | 0.6mb)

Hezegune garrantzitsuak (RAMSAR hitzarmena)

Ituna: Espainiako Ondare Naturalaren eta Biodibertsitatearen 42/2007 legean jasota

Hezeguneen eta bertako baliabideen (hegazti urtarrak, besteak beste) kontserbazioa eta ustiaketa egokia bultzatzeko ituna da honakoa. Gainera, nazio eta nazioarte mailako elkarlanaren bitartez munduan garapen iraunkorra lortzeko helburua adierazten da. Itun honek zazpi eskualde funtzional bereizten ditu: Afrika, Asia, Europa ekialdea, Europa mendebaldea, Neotropikoa, Ipar Amerika eta Ozeania. Hezeguneak babesteko honako egitura hau proposatu zen: erabakiak hartzeko 3 urtetik behin Kontratupeko Aldeen Batzarra, erabakiak indarrean jarriko zituen Komite Iraunkorra, koordinazioaz arduratuko zen Hitzarmeneko Idazkaritza eta aholkularitza teknikorako Talde Zientifiko eta Teknikoa bildu beharko dira.

Lotura: Espainiako Hezegune Garrantzitsuak
Lotura: Frantziako Hezegune Garrantzitsuak
Euskal Herriko Hezegune garrantzitsuak (.kml fitxategia | Google Earth | 0.2mb)

Biosferaren erreserbak (Man & Biosphere proiektua)

Ituna: Espainiako Ondare Naturalaren eta Biodibertsitatearen 42/2007 legean jasota

Garapen jasangarria lortzeko asmoz UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak habian jarritako proiektua da Man & Biosphere proiektua, eta horren baitan munduko habitat desberdinen ordezkariak aukeratuko ziren, hots, Biosferaren Erreserbak deritzenak.  Eremu hauek gizakiaren eta naturaren arteko erlazio orekatu bat mantentzeko asmoz izendatzen dira, eta nazioarteko sare bat osatzen dute. Eremu hauetako bakoitzean berauen erabilera mugatzeko zonifikazio bat egiten da eta lurraldearen antolaketa eta kudeaketa jasangarri bat bultzatzeko ereduak definitzen dira. Gune hauen izendapena nazioartekoa bada ere, estatu bakoitzak kudeatzen du, eta proiektuaren nazioarteko ordezkaritza batek jarraipen bat egiten du.

Lotura: Espainiako Biosferaren Erreserbak
Lotura: Frantziako Biosferaren Erreserbak
Euskal Herriko Biosferaren Erreserbak (.kml fitxategia | Google Earth | 0.1mb)

Hegaztientzako Gune Garrantzitsuak (HGG)

Eremu hauek BirdLife international erakundeak zedarritu ditu, mundu mailan hegaztien kontserbaziorako garrantzitsutzat jotzen dituelako. Suposatzen da eremu hauek osotasunean babesteko tamaina egokia dutela eta ingurukoetatik nahikoa desberdinak direla. Estatu batzuek Hegaztientzako Gune Garrantzitsuak euren legedian barneratzen dute eta, horrela, kontserbaziorako estatus legala izatera igarotzen dira. Hori gertatu bitartean, ez dute inolako kudeaketarik izaten.

 

Lotura: Espainiako HGGak
Euskal Herriko HGGak (.kml fitxategia | Google Earth | 0.7mb)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...