Everest mendia, munduko garaiena, Himalaiako mendikatean dago itsas mailatik 8.848 metrora. Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgayk 1953an "konkistatu" zuten gailur arrarifikatu hau, eta, beste askok jarraitu dieten arren, sasimendizaleak ugaritzen ari dira.
Mendiminez bloga | 2013/04/12 | Egilea: | Bisitak: 1933 |
iruzkin
Everest inguruetara begira Kala Pattarretik, mendebaldetik. Khumbu glaziarraren gainean altxatzen dira Khumbutse eta Nuptse mendiak, eta atzean, ezkutuan, Everesteko piramidea. ©Jorge García-Dihinx
2010. urtera arte, gailurrera igotzen ahalegindu ziren 5.070 pertsonetatik, 3.431 izan ziren helburua lortu zutenak, eta, horietatik, 142, oxigeno gabe burutuak. Hildakoak, berriz, 216 ziren 2010eko denboraldi amaiera bitartean. George Mallory alpinista britainiarrari Everest igotzearen arrazoiaz galdetu ziotenean, bere erantzun famatu hura eman zuen: "Han dagoelako". Mendian hil eta gorpua han gelditu den 120 pertsonen artean, bat harena da; bera, hain zuzen, gailurraren azpian dago. Gailurra igotzea lortu zuen ala ez, argitzeko dagoen misterioa da.
Everesteko gailur inguruko harriak itsas azpian eratutako kareharriak dira. Ondorioz, formulatu beharreko galdera bitxia honako hau da: nola iritsi dira hara gora? Edota, besteak beste, higadura-agenteak diren haizea, izotza eta ura kontuan harturik, nola jarraitzen dute oraindik harri horiek han? Erantzuna, menditzar hau aktibitate tektoniko handiena duen eskualdeetako batean egoteak ematen du, plaka euroasiar eta indiarraren arteko talka zonalde ikaragarrian, gorako bulkada eta tolestura gorenak batzen diren eremuan. Bi masa kontinentalen arteko talka duela 50 milioi urte inguru hasi zen, eta Himalaia mendikatea 25-30 milioi urte atzera hasi zen hazten. Gaur egun, Indiak oraindik iparralderantz bultzatzen jarraitzen du eta Everesteko gailurra 0,5-1 cm artean hazten da urteko.
George Everest topografo britainiarrak, 1852an, esan zuen 15 zenbakidun tontorra zela munduko garaiena. Hori dela eta, geroago, horrela izendatu zuten haren omenez. Orain dela gutxi gailurrean ezarri diren kokapen zehatzeko instrumentuek modu jarraituan ikuskatzen duten mendi honen altuera.