Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everest mendia, munduko garaiena, Himalaiako mendikatean dago itsas mailatik 8.848 metrora. Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgayk 1953an "konkistatu" zuten gailur arrarifikatu hau, eta, beste askok jarraitu dieten arren, sasimendizaleak ugaritzen ari dira.

Mendiminez bloga | 2013/04/12 (azken aldaketa: 2013/04/12 ) | Egilea: | Bisitak: 1861
Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everest inguruetara begira Kala Pattarretik, mendebaldetik. Khumbu glaziarraren gainean altxatzen dira Khumbutse eta Nuptse mendiak, eta atzean, ezkutuan, Everesteko piramidea. ©Jorge García-Dihinx

2010. urtera arte, gailurrera igotzen ahalegindu ziren 5.070 pertsonetatik, 3.431 izan ziren helburua lortu zutenak, eta, horietatik, 142, oxigeno gabe burutuak. Hildakoak, berriz, 216 ziren 2010eko denboraldi amaiera bitartean. George Mallory alpinista britainiarrari Everest igotzearen arrazoiaz galdetu ziotenean, bere erantzun famatu hura eman zuen: "Han dagoelako". Mendian hil eta gorpua han gelditu den 120 pertsonen artean, bat harena da; bera, hain zuzen, gailurraren azpian dago. Gailurra igotzea lortu zuen ala ez, argitzeko dagoen misterioa da.

Everesteko gailur inguruko harriak itsas azpian eratutako kareharriak dira. Ondorioz, formulatu beharreko galdera bitxia honako hau da: nola iritsi dira hara gora? Edota, besteak beste, higadura-agenteak diren haizea, izotza eta ura kontuan harturik, nola jarraitzen dute oraindik harri horiek han? Erantzuna, menditzar hau aktibitate tektoniko handiena duen eskualdeetako batean egoteak ematen du, plaka euroasiar eta indiarraren arteko talka zonalde ikaragarrian, gorako bulkada eta tolestura gorenak batzen diren eremuan. Bi masa kontinentalen arteko talka duela 50 milioi urte inguru hasi zen, eta Himalaia mendikatea 25-30 milioi urte atzera hasi zen hazten. Gaur egun, Indiak oraindik iparralderantz bultzatzen jarraitzen du eta Everesteko gailurra 0,5-1 cm artean hazten da urteko.

George Everest topografo britainiarrak, 1852an, esan zuen 15 zenbakidun tontorra zela munduko garaiena. Hori dela eta, geroago, horrela izendatu zuten haren omenez. Orain dela gutxi gailurrean ezarri diren kokapen zehatzeko instrumentuek modu jarraituan ikuskatzen duten mendi honen altuera.

Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everest kokapen geografikoa eskala desberdinetan.


Everest mendiak piramide forma du, ertz zorrotzez banandutako hiru aurpegi zapal baina malkartsuk eratzen baitute. Ipar aurpegia zein ekialdekoa Txinarantz begira daude, eta hego-mendebaldekoa, Nepalerantz. Hego-ekialde eta ipar-ekialdeko ertzak dira igotzeko bide arruntak. Gailurra zein goi-isurialdeak lurrazaleko atmosfera mailarik altuenean daude, eta horregatik, altuera horietan arnas daitekeen oxigeno kantitatea itsas mailan dagoenaren heren bat da.

Geologiari dagokionez, 3 arroka mota ezberdinek osatzen dute mendia. Beheko geruzan, oso tolestuta eta metamorfizatuta dauden eskisto eta gneisak ageri dira, kontuan izanda mendiaren zati handiena elur eta izotzez estalita dagoela. Bitarteko geruza, berriz, eskistoz eta granitoz inbaditutako hareharri eraldatuz osatua dago; malkar eta ertz aldapatsu eta ilunek bereizten dute. Azkenik, mendiaren goialdeko geruzan, kareharri grisa ageri da; tartean, ordea, Everesteko aurpegi piramidaletan nabarmen ikus daitekeen bezala, kareharri horidun geruza singularra ageri da, geruza horia ("franja amarilla") ere deitua.

Bestalde, Everesteko gailurrera igo nahi duenak <<herio zonan>> sartu beharra du, hots, 8.000 metrotik gora dagoen eremuan, non gizaki bakar batek ere ezin duen denbora luzez biziraun (laguntzarik gabe). Eskalatzaile edo "mendizale" askok oxigenoa erabiltzen dute, baina, hala ere, gorputzeko funtzioak moteltzen eta geldiaraziz joaten dira. Burua nahastu, gorputz-adarrak sorgortu eta elikagaien digestioa eten egiten da. Altitude horietan egonaldi luzea eginez gero, batez ere edema bat jasateko arriskua handia izaten da; ondoren, heriotza ere gerta liteke. 

Bukatzeko, azken urte hauetan mendi ikusgarri honetan gertatzen ari denaren inguruan, nahiago dut iritzi edo azalpen pertsonalik ez eman.

Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Andrew Irvine eta George Leigh Mallory (ezkerreko irudian), Everesteko gailurrerantz abiatu aurretik ateratako azken argazkian. Gailurra zapaltzera iritsi ziren edo ez argitzeke dagoen misterioa da.


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Eskubiko irudian George Everest topografo britainiarra, eta berak egindako Everest mendiaren lehen kartografia.


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everestera zein inguruko mendietara igotzeko zabaldu diren bideen mapa. Ondo markatuta agertzen dira 2 ibilbide nagusiak: Hego-ekialde eta Ipar-ekialdekoa.


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everesteko ipar aurpegia Rongbuk glaziarraren haranetik. Tontorretik jaisten den kanala Horbein korridorea da, eta bertatik igotzea eliteko alpinista batzuen esku dago soilik.


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Mendebaldeko ikuspegitik, Hego lepoa ikus daiteke. Bertan ezartzen da Hego-ekialdeko bideko azken kanpalekua. ©Jorge García-Dihinx


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Everesten goi-piramide perfektuan, nabarmen ikus daiteke "zerrenda horia" deituriko geruza berezia. ©Jorge García-Dihinx


Sagarmatha - Chomolungma / Zeruaren aitzinaldea - Unibertsoaren ama
Autoreak egindako irudia, argazki aereo batetatik abiatuz. Batzuetan, bertan ezin denean egon, imaginazioak eta ikusmenak lagundutako bidaiak egitea ondo dator.




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...