Albisteak

Hemen gara berriro!

Hemen gara berriro!

Azken urteetako arazoak gaindituta, EuskalNatura biziberritzeko gatoz.

2020/06/04
Mikel Etxeberria Okariz
Iruzkinik ez
2258 bisita

Dakizuenez azken urte hauetan arazo handiak izan ditugu webgunearekin. Azken hilabeteetan Kike Fernandezen laguntza handiarekin web orrialdea berriro ere martxan jarri dugu eta eskuragarri dituzue gure eduki guztiak.

R software librearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan ikastaroa, UEUren eskutik

R software librearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan ikastaroa, UEUren eskutik

Matrikulazio-epea urriaren 9an itxiko da

2015/09/18

Iruzkinik ez
2394 bisita

R softwarea oinarrizko tresna bihurtu da egungo jardun zientifikoak sortzen duen datu bolumen itzelari trataera estatistikoa emateko. Software honek trataera estatistikorako beharrezko diren tresnak eskaintzen ditu eta, kode irekiko softwarea izanik, norberaren erabilera eta helburuetara doitzen diren aplikazioak sortzea ere baimentzen du. Natur zientzien arloan software honen erabilera sustatzeko eta trebakuntza emateko ikastaroa antolatu du UEUk.

Betetzear da UEUko Natur Zientzien sailak antolatutako mendiko ikastaro praktikoa

Betetzear da UEUko Natur Zientzien sailak antolatutako mendiko ikastaro praktikoa

Uztailaren 20tik 25era bitartean izango da ikastaroa

2015/06/16

Iruzkinik ez
3000 bisita

Udako ikastaroen eskaintza askotariko eta interesgarria argitaratu zuen UEUk orain zenbait aste. Maiatzaren 25ean ireki zen izena emateko epea eta dagoeneko betetzear dira hainbat ikastaro! Natur Zientzien arloan, orain dela hiru urte Arturo Elosegik eta Arantza Aldezabalek antolatu zuten ikastaro zinez arrakastatsua errepikatuko dugu uztailaren 20tik 25era: “Mendiko teknikak basabizitzaren ikerketan. Ikastaro praktikoa Pirinioetan”. Mendian erabiltzen diren teknikak ezagutu eta horietako batzuetan trebatzea da ikastaroaren helburua, unibertsitatean dugun zenbait gabezia osatzeko. 2012an ikastarora joan zirenek itzultzeko aukera izan dezaten, gai berriak landuko ditugu toki desberdinetan. Aurtengoan, Artikutzatik hasi eta Lizararaino joango gara, Aralarren, Iratin eta Aztaparretan geldituz. Espezie konkretuetatik hasi, eta ekosistema osoen kudeaketa-lanak ezagutzeko aukera paregabea izango dugu benetako adituen eskutik. Eskaini genituen 20 lekuetatik 4 baino ez dira gelditzen, beraz, parte hartzeko gogoz bazeunde, ez ezazu azken momentura arte itxoin izena emateko!

INFORMAZIO GEHIAGO

Abian da EuskalNaturak antolatutako Baztango zeharkaldia

Abian da EuskalNaturak antolatutako Baztango zeharkaldia

Gautik igandera bitartean 30 laguneko taldeak Izpegitik Urdazubiko kobetarainoko mendi-ibilbidea egingo du

2015/04/15

Iruzkinik ez
2226 bisita

Urtero bezala, EuskalNatura Elkarteak biologia eta ingurugiro zientzietako ikasleentzako bost eguneko mendi-irteera antolatu du. Aurtengo ibilbidea Baztango bailaran zehar egingo da. Asteazkenean Izpegiko lepoan hasiko dute ibilbidea, eta Urdazubiko lezeetan amaitu igandean. Bidean, Itxusiko Harrietako paisaiaz eta hegaztiez, Xorroxineko landarediaz eta errekez, Zugarramurdiko geologiaz eta kondairez... gozatzeko aukera izango dute; beti ere, lagun artean eta euskaraz!

Natur Zientzien II. Topaketarako proposamenak biltzen

Natur Zientzien II. Topaketarako proposamenak biltzen

2015eko azaroan izango da NZTopa!-ren 2. edizioa

2015/02/09
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
3251 bisita

Duela 2 urteko arrakastaren ostean, hasi gara aurten ere Euskal Herriko naturaren inguruko langile eta naturzaleen elkargunea sortzeko lanetan. Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziak Sailak antolatuta, 2015eko azaroa amaieran antolatuko dugu Natur Zientzien II. Topaketa. Aurreko esperientziatik formula batzuk errepikatzekotan bagara ere, beste batzuk berritu asmoz gabiltza, eta horretarako zuen parte-hartzea gustatuko litzaiguke. Otsaila amaitu bitartean topaketaren formatuari, hitzaldi-gaiei, hizlariei edota bestelako aukerei buruzko proposamenak jasotzea gustatuko litzaiguke.

Informazio gehiago: www.naturzientzientopaketa.info

 

IKERGAZTE: Nazioarteko ikerketa euskaraz (I. Kongresua)

IKERGAZTE: Nazioarteko ikerketa euskaraz (I. Kongresua)

2015/01/20

Iruzkinik ez
1158 bisita

Asko gara ikerkuntzan dihardugunok eta asko gara eguneroko lan hori euskaraz egiten dugunok. Hemen, puntako ikerkuntza egiten dugu alor guztietan: giza zientzietan, gizarte-zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologia eta arkitekturan edota osasunean. Urteak daramatzagu UEUn arloz arloko profesional eta ikertzaileen bilkurak antolatzen, eta oraingo honetan jauzi garrantzitsu bat eman eta arlo guztietako ikertzaile euskaldunentzako bilgunea osatu nahi dugu. UEUren izaera bateratzaile eta integratzaileari zein UEUk euskararekiko duen konpromisoari eutsirik, IkerGazte 2015 ikertzaile euskaldunen lehen kongresurako deia luzatzen dizugu. Ikertzaile gazteen aldetik azken urteotan izan den hazkundea dela-eta, haiek bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea da xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

EuskalNaturak aurpegi berria du

EuskalNaturak aurpegi berria du

Webgunearen tripak eta itxura aldatu dizkiogu hazten jarraitzeko

2014/09/01
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
1447 bisita

2007ko urtarrilean martxan jarri genuenetik, 5 itxuraldaketa jasan ditu EuskalNatura webguneak. Guztiek webguneko edukiak modu errazago eta erakargarriago batean bistaratzea zuten helburu, eta horixe bera izan da azken itxuraldaketa honen helburua ere. Horrez gain, ordea, hainbat pantaila-formatutan ongi ikusteko diseinu moldaerraza jarri diogu; ordenagailutik, tabletetik edo telefono mugikorretik sartuta ere edukiak behar bezala ikusi ahal izateko. Itxuraldaketa ez da izan, baina, EuskalNaturari aldatu diogun gauza bakarra: tripei ere itzulipurdi handia eman diegu, eta horrek datozen hilabete eta urteetan eduki eta aukera berriak gehitzea ahalbidetuko digu. Gustuko izango duzuelakoan!

EuskalNatura ez da eguneratuko uztailean eta abuztuan

EuskalNatura ez da eguneratuko uztailean eta abuztuan

Irailean webgune berrituarekin itzuliko gara

2014/06/27
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
1348 bisita

EuskalNatura.eus webgunea ez da eguneratuko uztailean eta abuztuan, denbora tarte horretan webgune berria prestatzen jardungo baikara. Dena den, edukiak eskuragarri mantentzen saiatuko gara ahal den heinean, nahiz eta berritze-lanak direla eta egun batzuetan EuskalNatura ez den ikusgai izango. Irailean itzuliko gara diseinu eta eduki berriekin. Ondo pasa uda!

Mediterraneoa mehatxupean, beroketa globala eta azidifikazioa tarteko

Mediterraneoa mehatxupean, beroketa globala eta azidifikazioa tarteko

Kaleratu berri den diziplina anitzeko ikerketa batek bi fenomeno horiek Mediterraneo Itsasoarengan nola eragingo duten xehatu du

2014/06/13

Iruzkinik ez
1490 bisita

12 herrialdetako 100 ikerlaritik gorako lantaldeak elkarlanean egin duen MEDSEA proiektuak bere emaitzak plazaratu berri ditu Europako Batzordeak Bartzelonan duen egoitzan. Tenperaturaren igoera globalak eta itsasoen azidifikazioak Mediterraneo Itsasoan duten eragina aztertzea izan du helburu proiektuak eta aurkeztu diren emaitzak kezkagarriak dira oso. Hiru urte eta erdiko lanaren ondoren, ikerlariek ebatzi dute Mediterraneoko tenperatura eta azidifikazioa inoiz ez bezala ari direla emendatzen, batez ere erregai fosilen konbustioak atmosferara igorritako karbono dioxidoagatik. Mediterraneoko zenbait espezie sinboliko kinka larrian daude, ikerketak baieztatzen duenez.

Txingudiko eraztuntze-estazioan udako praktikak egiteko aukera ireki du Arantzadik

Txingudiko eraztuntze-estazioan udako praktikak egiteko aukera ireki du Arantzadik

Jaizubiako padurako migrazio posnupzialen eraztuntze-kanpainaren harira antolatu dira praktikak

2014/06/12

Iruzkinik ez
2888 bisita

Arantzadiko Ornitologia Saila 2006an hasi zen udako eraztuntze-kanpainak antolatzen. Aurtengoa ez da gutxiago izango eta Txingudiko hezeguneko eraztuntze-kanpainanaren baitan praktikak egiteko aukera eskaini dute. Praktikak bereziki interesgarriak dira master edota doktoretza-tesiak egiteko helburiarekin ikertaldeak ezagutu nahi dituzten ikasleentzat eta naturzale ororentzat. Aldi berean, eraztuntzaile titulua eskuratzeko parada ezin hobea ere bada.

Erlauntz galduaren bila

Erlauntz galduaren bila

Erleak gai dira erlauntzerako bidea gogoratzeko

2014/06/05

Iruzkinik ez
1849 bisita

Hegazti eta ugaztunek zerebroan mapa kognitiboak garatzen dituzte ezagunak dituzten tokietako erreferentziak erabiliaz orientatzeko. Erleen kasuan ez zen uste, inondik inora, zerebroak orientaziorako gaitasuna ematen zienik, izan ere, egituraz oso desberdina da intsektuen zerebroa ugaztunenen eta hegaztienen  aldean. Horren ordez, egundaino uste izan da erleak erlauntzerako bidea aurkitzeko eguzkiaren posizioaz baliatzen zirela. Kaleratu berri den ikerketa bat, ordea, baieztatzera dator erleek eguzkiaren posizioaz haratago, gaitasuna dutela euren zerebroan eraikitako mapak erabiltzeko erlauntzera itzultzerakoan.

Argitik materia sortzeko bidean

Argitik materia sortzeko bidean

Duela 80 urte formulatutako teoriari diseinu esperimentala eman diote zientzialariek

2014/05/24

Iruzkinik ez
1154 bisita

Breit eta Wheelerek 1934an iradoki zuten bi argi partikularen edo fotoiren arteko talkatik posiblea izan zitekeela elektroi eta positroi bana sortzea. Nahiz eta teoriak berak zentzua duen eta argitik materia sortzeko inoiz proposatu den teoria sinpleena izan arren, ikerlariek ez zuten uste inoiz frogagarria izan zitekeenik, izan ere, energia kantitate izugarria behar da esperimentua egiteko. Orain, fisikari talde batek Breit eta Wheeler-en teoria testatuko duen esperimentua proposatu dute, egungo teknologiarekin egingarria dena.

Zaindu barruan duzun hori

Zaindu barruan duzun hori

Digestio-aparatuko mikroorganismoek autismoarekin erlazio zuzena izan dezakete

2014/05/22

Iruzkinik ez
1082 bisita

Hesteetako mikroorganismoak gure baitako mikrobiota osatzen dute eta osasuntsu mantentzeko beharrezkoak zaizkigu, besteak beste, elikagaien digestioaren, zenbait bitaminaren sintesiaren eta mikroorganismo kaltegarrien aurkako defentsaren erantzule baitira. Hala ere, digestio-aparatuko mikrobiota horrengan desorekak gertatzen badira mikroorganismoek metabolito kaltegarriak ekoitz ditzakete digestio-aparatutik haratago organismo osoan eragin dezaketenak. Aditzera eman berri den ikerketa baten arabera, hain da handia mikrobiotaren desoreken eragina autismoa eragitera ere irits daitekeela.

Ba al dago eboluzioa aurresaterik?

Ba al dago eboluzioa aurresaterik?

Makila-intsektuak galderaren erantzule

2014/05/20

Iruzkinik ez
1852 bisita

Denboran atzera egingo bagenu, izaki bizidunek berdin eboluzionatuko al lukete? Egungo puntu berdinera iritsiko al ginateke? Bada ikerketarik baieztatzen duena baldintza berdinen eraginpean izaki bizidunek norabide berean eboluzionatzen dutela. Horren adibide, azken glaziazioaren ondoren lakuak eta ibaiak kolonizatu dituen espinosoa dugu, izan ere, mundu mailan kolonizatu dituen gune desberdinetan behatu da arrain espezie horrek ezkatak galdu dituela eta finagoa egin dela. Bestalde, intsektu espezie desberdinek genomako eskualde berean mutazio berdinak pilatu dituzte eboluzioan zehar, landare toxikoez elikatzea baimentzen dietenak. Adibide horiek, ordea,  salbuespen dira, eboluzioa zinez zorizkoa omen da. Hori baieztatzera dator makila-intsektu espezie batekin egindako ikerketa.

Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira

Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira

Ekaitz tropikalek eta urakanek poloetarantz desplazatzeko joera azaldu dute azken hamarkadetan

2014/05/16

Iruzkinik ez
2393 bisita

Katrina (2005) eta Sandy (2012) urakanen, Nargis zikloiaren (2008) eta Haiyan tifoiaren (2013) gisako ekaitz erraldoiek eta eurek eragindako hondamendiek gizarteratu dute klima-aldaketak muturreko fenomeno klimatikoengan izan dezakeen eraginaren inguruko eztabaida. Komunitate zientifikoarengan ere interes handia pizten du etorkizunean halako ekaitzek izango duten bilakaeraren ezagutzak. Hala ere, ez da hainbeste sakondu, esate baterako, ekaitz horien banaketa geografikoan. Kaleratu berri den ikerketa batek azaltzen du azken 30 urteotan ekaitz tropikalen intzidentzia ekuatoretik poloetarantz desplazatzen ari dela bi hemisferioetan.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...