Albisteak

Euskal Herriko naturzaleek zita izango dute Donostian azaroan

2013/09/16
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
bisita

Natur Zientzien I. Topaketa antolatu du UEUko Natur Zientziak sailak datorren azaroaren 9an eta 10ean Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Bi eguneko jardunaldien helburua naturari loturiko gaiak lantzen dituzten Euskal Herriko profesionalak, amateurrak eta naturzaleak elkartzea da, elkar ezagutu ahal izateko eta etorkizuneko harremanak sortzeko. Hitzaldiak, mahai-ingurua eta bestelako ekintzak izango dira, eta ikerketa taldeek, natur taldeek, erakundeek zein norbanakoek posterren bitartez azaldu ahal izango dute euren lanaren berri. Izena emateko epea azaroak 1 arte egongo da irekita, eta posterren laburpenak urriaren 18ra arte bidali ahal izango dira. 


Euskal Herriko naturzaleek zita izango dute Donostian azaroan

Asko dira Euskal Herrian naturarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzten pertsonak, eta are gehiago naturarekiko zaletasuna dutenak. Taldeen eta norbanako ezberdinen arteko harremanak eta elkarlanak ordea ez dira asko, eta elkar-ezagutza hori sustatze aldera sortu da Natur Zientzien I. Topaketa. 

Ikerketa taldeek gainerakoen lanaren berri ezagutu ahal izango dute, natur kudeatzaileek ikerketa taldeak ezagutu ahal izango dituzte, natur taldeek euren egitasmoak zabaldu ahal izango dituzte, eta ikasleek etorkizunerako lan-aukerak ezagutu ahal izango dituzte, besteak beste.

Hitzaldiak eta mahai-ingurua

Topaketaren atal bat hitzaldi gonbidatuek eta mahai-inguruak osatuko dute. 18 hizlari gonbidatu izango dira topaketan eta lau gairen inguruan solastuko dira:

  1. Egur hila: basoko biodibertsitatearen erregaia
  2. Abere-hilotzen kudeaketa Euskal Herriko mendietan
  3. Ur-baliagaiak eta horien zerbitzu ekosistemiko eratorriak
  4. Itsasoa: aldaketa klimatikoaren ubera

Lan-esparru ezberdinetan diharduten pertsonen ikuspuntua jasotzeko aukera izango da gai horietako bakoitzaren inguruan, eta modulu bakoitzak 4-5 hitzaldi izango ditu.

Euskarari eta zientziari estuki loturiko lau adituk, berriz, euskarak natur zientzietan duen paperaz eta izan beharko lukeenaz eztabaidatuko dute "Euskara Natur Zientzietan" izeneko mahai-inguruan. Lau adituak Txema Pitarke nanoGUNEko zuzendaria, Eider Carton Elhuyarreko kazetaria, Jose Ramon Etxebarria EHU fisikaria eta Juan Ignacio Perez Iglesias EHU biologoa eta errektore ohia izango dira.

Posterrak

Topaketaren helburu nagusia elkarren berri izatea izanda, posterrek berebiziko garrantzia izango dute, ikerketa taldeek, natur taldeek, erakundeek eta abarrek euren lan eta proiektuen berri emateko aukera izango baitute. Posterrek aurkezpen orokorrak zein proiektu jakinak aurkezteko aukera emango dute, eta topaketak iraungo duen denbora guztian egongo dira ikusgai. Gainera, larunbat arratsaldean posterrei zuzendutako saio berezia izango da.

Posterrak aurkeztu ahal izateko ezinbestekoa izango da egileetako batek gutxienez topaketan izena ematea, eta posterraren laburpena urriaren 18a aurretik bidali beharko da.

Bazkaria

Topaketa bazkari eder batekin amaituko da igande eguerdian, eta asteburuan landutako gaiei zein bestelako kontuei buruz hitz egiteko aukera bikaina izango da.

Izen-ematea

Topaketetan parte hartzeko prezioa 45 € da, eta matrikulak kafeak eta larunbateko luntx-bazkaria barneratuko ditu. UEUko bazkideek, ikasleek, langabetuek eta erretiratuek 38 € ordaindu beharko dituzte. Igandeko bazkarira joan nahi duenak, berriz, 15 € gehiago ordaindu beharko ditu.

Izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 1a arte, baina antolatzaileek ahal bezain pronto izena emateko deialdia egin dute, antolaketa errazte aldera. Era berean, posterren laburpenak ahalik eta azkarren bidaltzeko deialdia ere egin dute.

Informazio gehiago

Topaketari buruzko informazio guztia eta izena emateko jarraibideak honako webgune honetan topatu ahal izango dituzu:

www.naturzientzientopaketa.info

UEUko Natur Zientziak saileko talde dinamizatzaileko eta EuskalNaturako kideek parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Naturzale guztiak izango baitira ongietorriak! Beraz, animatu!

Euskal Herriko naturzaleek zita izango dute Donostian azaroan


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...