Albisteak

Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira
Ekaitz tropikalek eta urakanek poloetarantz desplazatzeko joera azaldu dute azken hamarkadetan

2014/05/16

Iruzkinik ez
bisita

Katrina (2005) eta Sandy (2012) urakanen, Nargis zikloiaren (2008) eta Haiyan tifoiaren (2013) gisako ekaitz erraldoiek eta eurek eragindako hondamendiek gizarteratu dute klima-aldaketak muturreko fenomeno klimatikoengan izan dezakeen eraginaren inguruko eztabaida. Komunitate zientifikoarengan ere interes handia pizten du etorkizunean halako ekaitzek izango duten bilakaeraren ezagutzak. Hala ere, ez da hainbeste sakondu, esate baterako, ekaitz horien banaketa geografikoan. Kaleratu berri den ikerketa batek azaltzen du azken 30 urteotan ekaitz tropikalen intzidentzia ekuatoretik poloetarantz desplazatzen ari dela bi hemisferioetan.


Ekaitzak ekuatoretik urruntzen ari dira
Ekaitz tropikalen intentsitate maximoko guneak, 1982-2012 urteetarako

Nature aldizkarian argitaratu den ikerketak azaltzen dutenez, ikerlariek azken hiru hamarkadetan ekaitzen intentsitate maximoko puntu geografikoak aztertzean behatu dute puntu horiek ekuatoretik geroz eta urrunago gertatzen direla. Zehazki, hamarkada bakoitzekoko latitudean gradu bat ari dira desplazatzen, ekuatoretik poloetaranzko norabidean. Joerak berdin jarraituko balu, baliteke hamarkada batzuetan ekaitz tropikalek egundaino euren eraginpetik at egon diren eskualdeak kolpatzea.

 Ekaitzen desplazamendua bat dator 1979 urtetik hona behatu den tropikoen hedapenarekin. Hainbat aldagai klimatikok baieztatzen dute hedapen hori, besteak beste, estratosferako ozono pilaketak (gizakiak eragindako berotegi-efektuzko gasen igorpenarekin lotua), estratosferaren eta troposferaren arteko mugaren loditzeak, eta Hadleyren zirkulazioaren zabaltzeak (basamortuak tropikoetan egotearen kausa). Ikerketaren egileetako den James P. Kossin-ek (Wisconsingo Unibertsitatea, AEB) adierazi duenez, “bi faktore azaltzen dute ekaitzen desplazamendu hori. Batetik, ekaitzen geruza altu eta baxuetako haizearen abiaduren arteko diferentziaren murrizketak eta, bestetik, intentsitate potentzialaren emendioak, zeina lotuta dagoen ekaitza sortzen den guneko ozeanoaren eta atmosferaren tenperaturarekin eta hezetasunarekin”.

Emaitza globalek poloetaranzko desplazamendua agertzen duten arren, badago eskualde mailako eta urtetik urterako aldakortasuna ere. Esaterako, Ipar Atlantikoan ekaitzen puntu gorenek ekuatoreranzko joera agertzen dute. Aldakortasun tenporala aztertzerakoan ezin ahaztu El Niño eta La Niña zikloen eragina ere, ekaitz tropikalen hedaduran eragiten dutenak biek ere. Hala ere, ziklo horien eragina kontuan hartzean ikerlariek ondorioztatu dute ez dutela ekaitzen epe luzerako joerengan halako eragin nabarmenik.

Ikerlariek onartzen duten bezala, plazaratutako ondorioak tentuz hartu beharrekoak dira. Izan ere, ikerketa 1970 urtetik aurrera eskuragarri izan ziren satelite bidezko datuengan dago oinarrituta eta baliteke, beraz, eskala planetariorako hain laburra den behaketa-denborarekin ateratako ondorioak erabat zuzenak ez izatea. Etorkizunera begira, ekaitzek kostetaranzko ala itsasoranzko joera izango duten ebaztea eta tropikoen hedapen horren atzean dauden mekanismoak identifikatzea dute helburu klimatologoek.

Iturria: Nature

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...