12 herrialdetako 100 ikerlaritik gorako lantaldeak elkarlanean egin duen MEDSEA proiektuak bere emaitzak plazaratu berri ditu Europako Batzordeak Bartzelonan duen egoitzan. Tenperaturaren igoera globalak eta itsasoen azidifikazioak Mediterraneo Itsasoan duten eragina aztertzea izan du helburu proiektuak eta aurkeztu diren emaitzak kezkagarriak dira oso. Hiru urte eta erdiko lanaren ondoren, ikerlariek ebatzi dute Mediterraneoko tenperatura eta azidifikazioa inoiz ez bezala ari direla emendatzen, batez ere erregai fosilen konbustioak atmosferara igorritako karbono dioxidoagatik. Mediterraneoko zenbait espezie sinboliko kinka larrian daude, ikerketak baieztatzen duenez.
Atmosferako karbono dioxidoak negutegi gisa jokatzen du Lurrak islatutako eguzki-irradiazioari atmosferan eusten. Gainera, karbono dioxidoa itsas azaleko urekin nahastu eta disolbatzen da, ozeanoen azidifikazioa eraginez. Zehazki, ikerlariek neurtu dute azken 25 urteotan Mediterraneoko tenperatura 0,67ºC igo dela eta 1995tik hona uraren azidifikazioak %10 egin duela gora. Egungo karbono dioxido emisioei eutsiz gero, 2050 urterako azidifikazioaren emendioa %30etik gorakoa litzateke. Industrializazio garaitik Mediterraneoaren azidifikazioa %150 igo dela kalkulatu dute.
Egoeraren larriaren isla, joerak berdin jarraituz gero Mediterraneo Itsasoko zenbait espezie sinboliko desagertze bidean lirateke, esate baterako, koral arrezifeak, bermetidoak, koral gorriak edota itsasoko fanerogamo belardiak. Proiektuaren koordinatzaile izan den Patrizia Ziverik (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Herrialde Katalanak) adierazi gisan, “egundaino ez dugu daturik izan beroketa globalak eta azidifikazioak Mediterraneoarengan nola eragingo duen aurresateko. Gure itsas ekosistemen aurkako mehatxu bikoitzaren aurrean gaude”. Ekosistema berezi horiek salbatzeko karbono dioxido emisioak gutxitzeko deia luzatu diote gizarteari.