Hesteetako mikroorganismoak gure baitako mikrobiota osatzen dute eta osasuntsu mantentzeko beharrezkoak zaizkigu, besteak beste, elikagaien digestioaren, zenbait bitaminaren sintesiaren eta mikroorganismo kaltegarrien aurkako defentsaren erantzule baitira. Hala ere, digestio-aparatuko mikrobiota horrengan desorekak gertatzen badira mikroorganismoek metabolito kaltegarriak ekoitz ditzakete digestio-aparatutik haratago organismo osoan eragin dezaketenak. Aditzera eman berri den ikerketa baten arabera, hain da handia mikrobiotaren desoreken eragina autismoa eragitera ere irits daitekeela.
Estatu Batuetako Mikrobiologia Elkartearen urteroko biltzarrean eman da ikerketaren berri. Baziren aurretiaz zantzuak adierazten dutenak autismoa duten haurren mikrobiota desberdina dela gainontzekoenen aldean. Hari horri tira eginez, Arizonako Unibertsitate Estataleko (AEB) Dae-Wook Kang ikerlariaren lantaldeak behatu du autismoa duten haurren gorotzetan mikroorganismoek ekoizten dituzten zazpi metabolitoren kontzentrazioa desberdina dela. “Metabolito horietatik gehienek zerebroan eragin dezakete bai neurotransmisore gisa eta baita neurotransmisoreen ekoizpenean parte hartuz ere”, adierazi du Kang-ek. “Gure susmoa da hesteetako mikrobioek neurotransmisoreekin erlazionatutako metabolitoen kontrola dutela eta horrek eragin dezakeela digestio-aparatuaren eta zerebroaren arteko komunikazioarengan eta zerebroaren beraren funtzionamenduarengan”.
Esate baterako, autismoa duten haurrek homobanilato eta N,N-dimetilglizina kontzentrazio baxuagoak dituzte. Homobanilatoa zerebroko dopamina neurotransmisorea degradatzean agertzen den metabolitoa da eta bere kontzentrazio anormalek neurotransmisorearen katabolismoan asaldurak daudela adieraziko lukete. N,N-dimetilglizina, aldiz, neurotransmisoreen ekoizpenerako erabiltzen den molekula da eta erabilia da, adibidez, autismoaren eta epilepsiaren sintomak apaltzeko. Horrez gain, glutamina/glutamato ratioa ere altuagoa da autismoa duten haurretan. Molekula bi horiek metabolizatu egiten dira ekoizteko azido gamma-aminobutirikoa, GABA ingelesezko sigletan. Aurretiaz behatu izan da glutamatoaren eta GABAren arteko desorekek erlazioa dutela autismoarekin erlazionatutako zenbait jokamolderekin.
Bestalde, sekuentziazio bidez egindako esperimentuek adierazten dute autismoa duten haurren mikrobiota desberdina dela, dibertsitate apalagokoa. “Hesteetako mikroorganismoen eta neurotransmisoreekin erlazionatutako metabolitoen arteko erlazioa ulertzeak mikrobiotaren eta autismoaren arteko elkarrizketaren berri emango digu eta horrek aukera eskain diezaguke autismoa duten haurren sintoma neurologikoen diagnosirako eta tratamendurako”, baieztatu du Kang-ek.