Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Latitude intertropikaletan egon arren, altuera garaiek eta prezipitazio ugariek izotz glaziarra agertzea eragiten dute, inguruko sumendietan zein Afrikako Kilimanjaro edo Ruwenzori mendiguneetan ikus daitekeen bezala.

Mendiminez bloga | 2013/05/07 (azken aldaketa: 2013/05/07 ) | Egilea: | Bisitak: 1657
Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Cotopaxi sumendia Micacocha aintziratik.

Sumendi ezagun hau Ekuadorren dago eta 1802an eman zuen ezagutzera Alexander von Humboldt esploratzaile eta zientzialari famatuak. Sumendia herrialdeko hiriburua den Quitotik 75 km hego-ekialderantz dago eta herrialdeko bigarren mendi garaiena da 5.897 metrorekin (Chimborazo da garaiena). Gaur egun, aktibo mantentzen den sumendia dela esan daiteke, azken erupzioa 1942an izan zen arren, 2003. urtetik aktibitate bolkandarra areagotzen ari baita.

Ondorengo mapan ikus daitekeen bezala, Cotopaxiko glaziarra latitude ekuatorialetan dago, eta horregatik, latitude intertropikaletako gainontzeko izotz-geruzen ezaugarri tipikoak ikus daitezke bertan. Horietako garrantzitsuena, eta agertzearen giltzarri dena, prezipitazio ugariak dira, latitude horietako ohiko tenperatura altuek soilik izotzaren garapena eragozten baitute. Hori dela eta, urteko prezipitazio-tasa altuak (metaketa) urteko urtze-tasak (ablazioa) baino handiagoak dira, eta horrek izotzaren iraupena ahalbidetzen du. 

Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Cotopaxi sumendiaren kokapen geografikoa Hego Amerikako lurretan.


Gainera, klima ekuatorialean prezipitazio- eta tenperatura-balioak nahiko berdintsuak direnez urte osoan zehar, ELA (Equilibrium Line Altitude), hau da, glaziar baten metaketa eta ablazioa bereizten dituen lerroa adierazten duen kontzeptu glaziologikoa, ez da urtaroen arabera aldatzen. 

Esandakoa erabat ezberdina da goi-latidude eta latitude ertainetan, urtaroen arabera, aipatutako lerroa altueran aldakorra baita. Horrez gain, ezaguna da zenbat eta klima epelagoa izan, orduan eta handiagoa dela ablazioa, eta hortaz, ELA gorago egongo dela altueran. Alderantzizko fenomenoa gertatzen da klima hotzagoa duten eremuetan. Horregatik, Ekuatorean dauden glaziarrek sentikortasun handia dute klimaren bariazioekiko, tenperaturan izaten diren aldaketa txikiek izotz-masan fluktuazio handiak eragiten dituzte eta.

Hori dela eta, Cotopaxiko glaziarra atzeraka ari da nabarmen, eta balio kezkagarrietan ari da gertatzen gainera. 1956-1976 urte-epean, glaziarrak bere masaren % 30 galdu zuen, eta 1976-2010 bitartean, berriz, % 40. Atzerakada horrek eragiten dituen ondorio eta arazoak honako hauek dira:

  • Gaur egun desagertuta dauden glaziar txikiek nekazaritzaren eta turismoaren beherakada eragin dute, bai eta biodibertsitatearen galera ere.
  • Glaziarrek Quito eta inguruko biztanleentzat ur edangarria hornitzen duten heinean, izotza desagertzea mehatxu handia da gizakiarentzat. Quito hiriburuak glaziarretatik datorren ur edangarriaren % 10-35 kontsumitzen du.
  • Energia-produkzioaren kontua, nolanahi ere, kezkagarriagoa da, herrialdeak sortzen duen energiaren % 50 energia hidroelektrikoa baita, eta hura glaziarren egoerarekin estuki lotua baitago.
  • Aditu batzuen esanetan, arrisku bolkanikoa igo egin daiteke, sumendiak presio txikiagoa baitu bere gainean. Andeetako mendikateetako bereizgarri diren larre-paisaia bere-bereak (paramoak) desagertze-arriskuan daude. Biota horiek glaziarretako urek elikatzen dituzte hein handi batean (% 25-30), eta hortaz, paper garrantzitsua betetzen dute gune hauen kontserbazioan, belaki eran funtzionatzen baitute, batez ere urtaro lehorrenean (azarotik otsailera).

Horregatik, ezinbestekoa da kudeaketa egoki bat glaziarren, bertako paisaia ikusgarrien zein gizartearen iraupena bermatzeko.

 

Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Ezkerreko irudia 1986ko Martxokoa da, eta eskubikoa berriz, 2007ko Otsailekoa. ©Image of the Day, NASA.


Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Cotopaxi sumendia uda sasoian.


Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Cotopaxiko sumendiaren kraterra, izotzak inguratuta ia bere osotasunean.


Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Ekuadorreko mendi garaiena den Chimborazo, 6.310 metrorekin.


Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Behe bailaretako "paramo" egitura hauetan, izotzak eragin handia izan du.


Cotopaxi: Ekuatorean ere gara daitezke glaziarrak
Goi-altitudeetan ikus daitezkeen "paramo" paisaia hauetan berriz, glaziarren eraginak berebizikoa da funtzionamendu egokirako.




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...