2013ko Urtarrilaren erdialdera, Zeelanda Berriko gailurrik gorenetako bat den mendiaren inguruan izandako labainketa itzelak magalak burrunbatu zituen. Harri, elur eta izotz erorketa masiboa Dixon mendian (3.019 m) izan zen Urtarrilaren 21eko eguerdiko 2:30etan. Mendi hau Aoraki/Mount Cook Parke Nazionalean dago, Zeelanda Berriko Hegoaldeko Alpeetan.
Gertaeraren ostean egindako analisi eta informeen arabera, harri eta izotz higakinak 500 bat metro erori ziren Dixon mendiaren hego isurialde malkartsutik behera. Ondoren, meseta zabalean (Grand Plateau) zehar hedatzen den Hochstetter glaziarrean behera jarraitu zuten higakinek elur-jausi erako fluxua eratuz. Guztira 3 kilometro baino gehiagoko luzeera eta 800 metroko jaitsiera izan zuen isurialdeko prozesu honek.
Durhameko Unibertsitateko David Petley adituaren hitzetan: "Gertatu dena lur labainketa oso ikusgarria da, jauzi altuera handia eta ibilbide luzea izan duena, baina ikusi ahal izan dudanagatik ez da ohiz kanpoko gauza izan".
Elur-jausia izan zen unean, 13 pertsona zeuden Grand mesetan dagoen aterpetxean (Plateau Hut). Horietako batek behean dagoen bideoetako bat grabatu zuen zuzenean. Bestea, Zeelanda Berriko Emergentzia Zerbitzuek grabatutako da.
Comments (2)
Antton Alberdi
reply
Eñaut Izagirre
1991an Aoraki/Cook mendian antzeko prozesua gertatu zen, baina hura askoz handiagoa izan omen zen, 7,5 kilometroko luzeera izan baitzuen. Gainera, luizi-masaren bataz besteko abiadura 200 km/h-tik gorakoa izan omen zen.
Aipatzen duzun Drukoa 2005ean izan zen (Bonattik zabaldutako eta bere izena zeukan pilarea erori zenekoa), baina 2011 amaieran eta 2012 hasieran ere izan ziren gertaera berriak.
reply