Annapurna, lehen zortzimilakoa
Gabonetara arte ez neukan sarrera berri bat publikatzeko asmorik, baina gaurko gertakizunak zein mendiarekiko dudan maitasun eta sentimenduek hala behartuarazi naute. Hortaz, gaurko sarrera hau bapatekoa eta espontaneoa izango da, sentimentuz betea.

Mendiminez bloga | 2012/12/14 (azken aldaketa: 2012/12/14 ) | Egilea: | Bisitak: 1407
Annapurna, lehen zortzimilakoa
Annapurnako ipar pareta. Bertan zabaldu zuten lehen bidea, aurrerago bide "normal" bezala ezaguna. Annapurnak baina ez dauka bide normalik, denak ere, sagu-zuloak baitira.

1950eko Ekainak 3, lehen 8.000 metro baino gehiagoko mendia igo zen: Annapurna.

Gailurra Maurice Herzog eta Louis Lachenalek zapaldu bazuten ere, inguruan alpinismo frantziarraren "la creme de la creme" batu zen: esandakoez gain, Lionel Terray, Gaston Rébuffat, Marcel Schatz, Jean Couzy…

Nepal ezezaguna zen garai haietan, eta gailurrera igotzeaz gain, lan geografiko itzela egin zuten Kali Gandhaki haran estuak banatzen dituen bi mazizoetan (Dhaulagiri eta Annapurnakoetan). Beraien lehen aukera Dhaulagiri izan bazen ere, eguraldiak eta mendiaren baldintzek atzera eginarazi zieten, eta bailararen beste aldean dagoen Annapurna itzelera bideratu zituzten indarrak, ipar aurpegitik tontorra "konkistatzera" iritsi ziren arte. Hala ere, Maurice eta Louisek prezio altua ordaindu behar izan zuten, gailurra zapaltzeak behatzak galtzea eragin baitzien. Lionel Terrayk esan zuen moduan: "Alferrikakoaren konkistatzaileak gara".

Beraiek zabaldu zuten bidea, eta ondoren etorri ziren gainontzekoak. Gaur egun tristea da; Maurice Herzog, espedizio hartako lider handia, 93 urte zituela zendu baita. Goian bego!

Horrela, ziklo moduko bat itxi bada ere, beraiek zabaldutako bideak aurrera darrai! Ez dezagun galtzen utzi!

Annapurna, lehen zortzimilakoa
Maurice Herzog (1919ko Urtarrilak 15 - 2012ko Abenduak 14) Annapurnako gailurrean, Louis Lachenalek ateratako argazki batean.


Annapurnari dagokionez, sanskritoz "Uzten Jainkosa", Himalayako mendikatearen parte den izen bereko mazizoan kokatzen da, Nepaleko ipar-erdialdean. Mazizoa 55 km luze da eta mendebaldean Kali Gandhaki haran sakonak mozten du (munduko arroil sakonena), Dhaulagiriko mazizotik bananduz. Iparraldean zein ekialdean berriz, Marshyangdi ibaiarekin muga egiten du, eta hegoaldean, Pokharako haranarekin. 

Gainera, mazizo osoa zein inguruko eremuak babestuta daude, Annapurnako Kontserbazio Area deiturikoan. 7.629 km2-rekin Nepaleko gune kontserbatu zabalena da, baina hala ere, turista eta mendizale asko batzen dira urtero, Annapurnako Zirkuitoa bezala ezagutzen den trekking ospetsua egiteko asmoz.

Bukatzeko, ezaguna da Annapurna I munduko 14 zortzimilakoen artean aurkitzen dela, 8.091 metrorekin hamargarren garaiena delarik. Hala ere, inguruan, altuera handiko beste hainbat tontor ere aurki daitezke: Annapurna II (7.937 m), Annapurna III (7.555 m), Annapurna IV (7.525 m), Gangapurna (7.455 m), Hego Annapurna (7.219 m)...

Horrez gain, zortzimilako arriskutsuena dela diote datuek, gailurrera iritsi direnen %40ak bere bizia utzi baitu bertan. Partikularki, hego aurpegiko bideak munduko eskalada zailenen artean aurkitzen dira.

Annapurna, lehen zortzimilakoa
Annapurnako hego pareta. Gutxi dira alde honetatik igotzeko saiakera egiten dutenak.


Annapurna, lehen zortzimilakoa
1950eko espedizio frantsesak erabili zuen bidea gailurrera iristeko.


Annapurna, lehen zortzimilakoa
Maurice Herzog gailurrera iritsi aurretik, eta ostean. Frantziara itzultzean heroiak ziren.


Annapurna, lehen zortzimilakoa
Louis Lachenalek gisa horretan egin behar izan zuen Kanpaleku Nagusitik beherako ibilbidea. Hegazkinera sartu eta irtetzeko ere espedizio-kideek lagundu behar izan zioten. 1955ean Chamonixeko Haran Txuriko grieta batek irentsi zuen, betirako han geldituz.


Bideoak




Comments (5)

  • Mikel Irastorza

    Mikel Irastorza

    18 December 2012 at 10:19 |
    Egia esan, igoera honetan atera zuten argazkian ez dirudi Herzog gailurrean denik ere. Beste eskaladetako argazkiren batean ere sentsazio bera izan dut maiz, niri behintzat ez zait hain bistakoa egiten gailurrean ateratakoak direnik. Ez nabil, arren, kasu honetan (ez beste inorenean) gailurra egin zutela zalantzan jartzen, izango dira nirea baina begi zorrotzagoak noski! Baina Pasabanekin superwoman sarirako lehian ibili zen korearraren kasuaz gogoratu naiz. Besterik gabe, gailur bat balekoa den ala ez erabakitzeko irizpideak zein diren jakin nahi nuke. Entzuna dut Katmandun badagoela halako autoritate bat argazkiak ikusi eta gailurra balioztatzen duena, ezta? Inork argitzerik bai?

    reply

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    18 December 2012 at 15:34 |
    Kaixo Mikel!

    Bai komentatzen dozun autoritate hori Elizabeth Hawley (Miss Hawley) britainiar anderea da. 89 urte dauzka eta 1960tik Nepalen bizi da. Inoiz ez da zortzimilako batean egon, baina kronista bezala ezaguna da, hau da, bere kargu dago igoera bakoitza baieztatu edo ezezkoa ematea. Gauza benetan tristea da egia esan.

    Bestalde, zalantza sortzearen gaixan inguruan... bueno niretzat, eta Iñaki Otxoa de Olza zenduaren hitzak gogoan: "mendia bidea da, modua, eta hori betez gero pastel osoa jan duzu, horrez gain gailurrera iritsi bazara, pastel horri ginda jarri diozu". Horrekin esan nahi dudana da oroitzapen hau ez dela igoeragatik soilik, baizik eta, Mauricek berak, zein espediziokideek suposatu zutenagatik. Himalayismoaren berritasuna eragin zuten, eta batez ere, hamarkada haietako espedizio astun eta tradizionalak baino, azkartasunean eta kordadaren garrantzian indarra zuen espedizioa zela.

    Eta ziur aski dena lotua doa, ez gendulako Reinhold Messner edo Jerzy Kukuczkarik ulertuko Lionel Terray edo Maurice Herzog gabe...

    reply

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    18 December 2012 at 15:39 |
    Hasieran esatia ahiztu jata, igoerak dokumentatzerako orduan (Ms. Hawleyri erakusteko) gailurreko argazkia beharrezkoa dela, eta alpinista ezagun batek edo bestek aipatu didanez, dudaren bat egongo balitz, tontorrerako bidearen zein gailurretik ikusten denaren deskribapena eskatzera hel daitekeela.

    Eta nor da hau igoera bat onartu edo atzera botatzeko? Ba antza, zortzimilako zirkuluetan errespetu handia duen pertsona.

    reply

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    18 December 2012 at 15:40 |
    Eta orain zertxobait begiratu dudala, britainiarra beharrean amerikarra da jeje.

    reply

  • Mikel Irastorza

    Mikel Irastorza

    18 December 2012 at 16:12 |
    Lehen esan bezala ez dut zalantzarik heroi hauen jardunaren inguruan eta noski, halako muturreko esfortzuaren ondoren nahikoa lan izango da lurrera ziplo ez erortzen argazkiaren perspektibaz edota gailurra ongi enfokatzeaz kezkatzen hasteko! Bitxia, bestalde, Howley andereñoaren kasua, banuen halako zerbait entzuna bai … tristea izan daiteke, baina ez al dio Himalayismoak hain berea duen kutsu epiko eta erromantikoa ere ematen guztiari?

    Artikulu ederra. Iruditzen zait, mendian profano garenontzat behintzat, Himalaya dela alpinismoaren Frantziako Tourra. Tamalez, maiz Otxoa de Olzak aipatutako pastel eta gindak alde batera utzi eta kirol-norgehiagoka soil bezala saltzen zaigu (eta erosten dugu). Hala ere, uste dut merezi duela hainbeste heroi, tragedia eta balentria eman dituen hari horri tira egitea. Zenbait artikulu idazteko eman lezake agian? Kar kar ;) Zorionak beste behin!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...