Erreportajeak

2012ko ekaina
Airetik uretara: saguzar arrantzaleak

Europako saguzar espezie gehienak ur inguruneetan, basoetan, zelaietan edota gure baratzeetan hain ugariak diren intsektuak jaten dituzte eta horien hazkuntza kontrolpean izateko izugarrizko garrantzia dute. Hala ere, ornodun txikiez elikatzen diren saguzarrak ere badira gure artean, besteak beste saguzar arrainjaleak. Elikadura mota bitxi honen inguruan gehiago jakin dezagun, bada.

Airetik uretara: saguzar arrantzaleak
Egilea: Ostaizka Aizpurua

Biologo zarauztarra Euskal Herriko Unibertsitatean saguzar hankahandiaren arrantza-mekanismoak aztertzen ari da bere doktoretza-tesian.

Arrainjatea saguzarretan

Saguzarren dieta-dibertsitatea gainerako ugaztunena baino askoz ere altuagoa da; izan ere, intsektuak, fruituak, loreak, nektarra, polena, odola eta ornogabeak hainbat espezieren dietaren parte dira. Hala ere, saguzar-espezie gehienak intsektiboroak dira, eta intsektuez elikatzea Europako saguzarren artean nagusi den elikadura-portaera da. Egungo dibertsitate trofikoak intsektiboriatik eboluzionatu zuen bi gertakari nagusiren ondorioz: ustiatu gabeko baliagai baten gertutasuna eta baliagaiak eskuragarri bilakatu zizkien zenbait aurreadaptazio. Litekeena da arrainjateak –karniboria mota espezializatua– trawlingetik eboluzionatu izana. trawling ehiza-teknika saguzar-espezie ugarik darabilte, eta uraren gainean pausaturik dauden intsektuak atzeko hankekin harrapatzean datza.

Lightbox Image

Arrainjatea espezie gutxi batzuen dieta-estrategia nagusia da; Noctilio leporinus eta Myotis  vivesi dira benetako arrainjaletzat jo daitezkeen espezie bakarrak. Nagusiki intsektiboroak diren arren, badira maila altuagoan edo baxuagoan arrainak ehizatzen dituzten espezieak; esaterako Myotis macropus, M. albescens, M. macrotarsus, M. ricketti, M. stalkeri, Megaderma lyra, Noctilio albiventris eta Nycteris grandis. Hala ere, duela gutxira arte Europako espezie guztiak intsektiboroak zirela uste zen. 2003 urtean, Euskal Herriko Unibertsitateko lantalde batek, Europan, arrainez elikatzen zen beste espezie bat bazela aurkitu zuen: saguzar hankahandia (Myotis capaccinii), intsektuak ehizatzeko trawling teknika erabiltzeaz gain, arrainak ere ehizatzen dituen espeziea.

Lightbox Image

M. capaccinii tamaina ertaineko saguzarra da, Europan ehizarako trawling teknika erabiltzen duten hiru espezieetako bat. Espezie honen hankak beste bi espezie horienak baino handiagoak dira –hortik datorkio izen arrunta–, eta behatzetan zurda luze bereizgarriak dituzte. Banda zabaleko ekokokapen dei motz eta bortitzak emititzen ditu, 80-90 kHz-tik 30 kHz-tarako kurba egiten dutenak. Intentsitate handieneko deia 50 kHz-ko frekuentzian emititzen dute. Espeziearen banaketa Mediterraneoko kostara mugaturik dago. Mendebaldeko muga Marokon eta Iberiar Penintsulan du, eta Ekialde hurbileraino eta Ekialde ertaineraino hedatzen da. Saguzar hankahandia derrigorrezko kabernikola da altuera baxuko lurraldeetan; lurpeko gune epelak nahiago ditu neguan, eta gordeleku hotzagoak udan. Saguzar hankahandiak lakuen, urmaelen, erreken eta ibaien ur-azalean ehizatzen du, eta ingurune mediterraneoan egindako ikerketek adierazi dutenez, artropodo urtarrak ehizatzen ditu: Dipteroak –Culicidae eta Chironomidae familiak–, nagusiki. Berriki, M. capacciniiren arrantza ohiturak hainbat lekutan dokumentatu dira, intentsitate ezberdinarekin, eta ondorioz, badirudi ez dela eremu edo garai jakin batera mugatutako portaera. Valentzian egindako ikerketa piloto batek erakutsi zuenez, bizirik dauden arrainak arrantzatzeko gai dira, horien dentsitatea oso handia edo uraren sakonera txikia direnean. Arrainak atzeko hanketako erpe zorrotzekin harrapatzen dituzte, gainerako saguzar arrantzaleek bezala.

Ekokokapena eta arrantza

Saguzarrek erabiltzen duten orientazio motari ekokokapena deritzo eta sonar baten gisara funtzionatzen du. Saguzarrek ahoaren edo sudurraren bitartez, frekuentzia altuko soinuak igortzen dituzte. Gehienetan gizakiaren entzumen gaitasunetik (20 kHZ) at dauden soinuak igortzen dituzte, zenbaitzu 250 kHz-raino helduz. Soinuek, parean dauden objektuen kontra talka egitean, saguzarraren belarriak jasotzen dituen oihartzunak sortzen dituzte. Zerebroak oihartzunok prozesatu ostean, saguzarrek ingurunearen soinu-irudi bat lortzen dute. Oihartzun horiek eraldatuta iristen dira, objektuaren ezaugarriak direla eta; hala nola textura, tamaina, mugimendua, forma eta distantzia. Kontzeptua sinplea den arren, prozesu konplexua da, eta saguzarraren aparatu sentsoriala oso sofistikatua da.
 
Ekokokapena euren harrapakinak detektatzeko ere erabiltzen dute. Saguzarrak ekokokapen-pultsuen bidez gai dira intsektu txikiak detektatzeko, jarraitzeko, sailkatzeko eta harrapatzeko. Hala ere, ekokokapenak baditu bere mugak, izan ere soinu uhinak izanik, distantziarekin desagertu egiten dira eta beraz, distantzia mugatu batean dauden harrapakinak soilik detektatzeko gai dira. Bestalde, soinuak aire-ur interfasea pasatzeko duen gaitasun txikia medio, saguzarrek ez dute ur azpian dagoena detektatzeko gaitasunik. Hala ere, ur azalak soinuarekiko duen portaera dela eta,  objektu txikiak oso erraz hautematen dituzte, eta hori dela eta ur azaleko intsektuak airekoak baino lehenago detektatzen dituzte, ehiza efizienteagoa bihurtuz. Ur azalak ispilu baten moduan jokatzen du, saguzarrak igorritako pultsuak urrunera islatuz. Ur azalean intsektu bat badago berriz, pultsuek talka egin eta saguzarrari bueltan etortzen zaio oihartzuna, intsektua berehala detektatuz. Hori dela eta, ur azalean hazten diren landareek edo haizeak sortutako olatuek asko zailtzen dute ehiza teknika hau darabilten saguzarren ehiza. Gehienetan horrelako ezaugarriak dituzten ur inguruneak saihestu egiten dituzte.
 
Lightbox Image
Saguzar hankahandiaren gorotzetan aurkitutako arrain arrastoen azterketaren bidez, Gambusia holbrooki espezie exotikoa arrantzatzen dutela ikusi da. Gambusia holbrooki, 1920 urte inguruan eltxoen aurkako tratamendu gisan sartu zen Iberiar Penintsulan eta mugako baldintza fisiko, kimiko zein biologiko jasateko duen gaitasuna dela eta, mundu guztian zehar gehien zabaldutako espezietako bat da. Lehen aipatu bezala, saguzarra ez da ekokokapenaren bidez ur azpian dagoena detektatzeko gai, baina gambusia arrainaren elikadura portaera bereziari esker horiek detektatu eta arrantzatzeko gai da. Izan ere, ur azalean dauden intsektu txikiak dira Gambusia holbrookiren dietaren oinarri, eta beraz, saguzar hankahandiak, gambusiak intsektuak jaterakoan sortzen duen ur azalaren apurdura detektatzen du, eta horrela arrainak arrantzatzeko gai da.
 
Ekokokapena, ordea, ez da saguzarrek orientatzeko eta harrapakinak ehizatzeko darabilten mekanismo bakarra. Uste gehienen kontrara, saguzarrek ikusi egiten dute, oso ondo ikusi ere. Azeri hegalariek (espezie bat salbu), gainera, ez dute ekokokapenik erabiltzen, eta ikusmena da beraien zentzumen garatuenetariko bat. Belarri handiak dituzten saguzar askok, bestalde, harrapakinak sortzen dituen soinuak jasoz lortzen dute ehizan egitea. Baliteke, saguzar hankahandiak ere arrainak salto egitean sortzen dituen splash-ak entzunez edota arrainaren zilar koloreko gorputzak uretatik kanpo sortzen duen distira identifikatuz arrantzatzea.
 

Arrantza ikertzen 

Ehizalekuen bila

Lightbox Image
Intsektuak jatetik arrainak jatera pasatzean gertatu behar izan diren aldaketak hobeto ulertzeko, saguzar hankahandiaren arrantza lekuak aurkitu ziren lehenengo. Horretarako kobara joan eta arpa tranpa bezala ezaguna den sare berezi baten bidez hainbat saguzar hankahandi harrapatu ziren. Behin harrapatuta, telazko poltsetan sartu eta bertan gorotzak lortu arte eduki ziren. Gorotz horiek lupa azpian begiratu eta arrain arrastoak zituztenak irrati transmisore batez markatu eta berehalaxe aske utzi ziren. Irrati transmisore horiek ez dute saguzarraren pisuaren %5a gainditu behar, izan ere, zenbait ikerketen arabera pisu gehiago izanez gero, animaliaren hegakeran eta beraz, portaeran eragin dezake. Markatu ondoren, antenen laguntzaz, irrati bidezko jarraipena eginez saguzar hankahandiaren ehizalekua topatu zen. Ondoren, bertan arrantza gertatzen zela ziurtatzeko, abiadura azkarreko kamera (500 frame segundoko) eta foko infragorrien bidez, saguzarrak arrantzan grabatu ziren. Saguzar hankahandia arrantzan naturan grabatzen zen lehen aldia zen.
 
Lightbox Image
Hemengo saguzarrak animalia gautarrak izanik, lan egiterako orduan gauera moldatutako materiala erabiltzea beharrezkoa da. Horregatik foko arruntak beharrean argi infragorria igortzen duten fokoak erabili ziren bideo grabaketak egiteko. Egun dakigunaren arabera, saguzarrak, gizakia bezala, ez dira argi infragorria ikusteko gai.
 

Ehiza teknikaren eraldaketa

Saguzar intsektujalea arrainez elikatzera pasatzeko hegaldian eta ekokokapenean aldaketak egon behar izan direla pentsatzea ez da harritzekoa. Izan ere, milimetro gutxiko intsektuak jatetik 3 cm inguruko arrainak jatera pasatzeko euren ehiza teknikan bilakaera bat egon behar izan da. Horretarako, saguzar horiek intsektuak ehizatzen eta arrantzan grabatu ziren. Bideo grabaketez gain ekokokapen pultsuen grabaketak ere egin ziren, horrela bideoa eta soinua sinkronizatuz, animalia honen ehiza teknikak deskribatu ziren.
 
Bideoan ikusi daitekeen bezala, intsektuak ehizatzerakoan saguzar hankahandiak ur azala behatz puntekin ukitzen du eta hankarekin intsektua ur azaletik hartu eta uropatagioaren (bi hanken artean dagoen mintza) laguntzaz ahora garraiatzen du. Arrantzan erabilitako teknika berriz ezberdina da. Saguzar hankahandiak indar handiagoz sartzen ditu hankak uretan eta behatz puntak sartzetik hanka osoa sartzera pasatzen da. Zenbait kasutan gorputzaren zati bat ere sartzen du uretan, hegoen hasiera mugaraino. 
 
Lightbox Image
Ekokokapen pultsuen azterketak ere zenbait ezberdintasun erakutsi ditu. Intsektuen ehizan ekokokapen-deia osoa da, aldiz arrantzan ez. Horren arrazoia oso garbi ez badago ere, arrainak ur azalean denbora mugatuz egoten direla izan daiteke. Arrainak ur azalean dagoen intsektua harrapatu bezain laister ur sakonera sartzen dira eta beraz, saguzarrak ezin du detektatu. Hori horrela izanik, saguzar hankahandiak bere ekokokapen pultsuen igorpena etengo luke baina ur azpian egongo litekeenaren bila joango litzateke; ondorioz, harrapari jakin bat harrapatzera beharrean, arrain-dentsitate handiko gunean arrainak zoriz harrapatzera murgiltzen direla uste da.
 
Lightbox Image
Saguzar hankahandiarentzat energetikoki oso garestia da arrainak arrantzatzea; hankak gehiago sartzen dituzte eta harrapakinaren pisua ere handiagoa da. Putzuan arrain dentsitatea baxua bada, saguzarra intsektuak janten ditu. Arrain dentsitate handia bada berriz, animaliari errentagarri zaio arrantza egitea, izan ere arraina arrantzatzeko probabilitatea handiagoa da eta harrapatuz gero, energetiko intsektu txiki bat harrapatzea baino askoz ere errentagarriagoa.
 

Kontserbazio-egoera

Beste animalien antzera mundu osoko saguzarren etorkizuna ez dago batere argi.  Europako saguzar guztiak babestuta dauden arren, euren babeslekuek eta ehizalekuek jasaten dituzten etengabeko kalteak euren biziraupena arriskuan jartzen dute. M. capaccinii espezie mehatxatutzat jotzen da Europan eta gainerako eremuetan. IUCNren espezieak galtzeko arriskuan oinarritutako eskalaren arabera, Zaurgarri kategorian sailkaturik dago, eta Espainiako Espezie Mehatxatuen katalogoan Arriskupeko espezietzat jotzen da. Espezie honen gordelekuak diren kobek jasandako kalteak (bisitarien eragozpenak, burdin hesi desegokiak...) eta ur-habitat egokien galerak espezie honen populazioan eragin handiak dituztela uste da. Beraz, saguzar hankahandia bezalako espezieak gure artean nahi baditugu beharrezkoa da jendeari hauen berri ematea eta euren habitatak eta gordelekuak babestea.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...