Sargazoen itsasoa Ipar-Atlantikoaren erdialdean kokatzen den eskualde ozeaniko zabala da: kolore urdin sakoneko urez betetako 3 milioi kilometro karratuko azalera. Uren gardentasun biziak oso ekoizpen biologiko baxuko eskualdea dela adierazten digu, hau klorofila eta bestelako partikulen kontzentrazio baxuei zor baitzaio. Ingurune ozeaniko gehienetan bezala, ur-masa handien gain jarduten duten eragile fisikoen arteko elkarrekintzak muga bortitzak ezartzen dizkio bertako ekoizpen primarioari, hots fotosintesiari.
Txikitasuna arau orokorra den paraje txiro honetan, komunitate biologiko ikusgarrienetakoak uraren gainazalean topatzen ditugu, itsas hondotik milaka kilometrotara zintzilik. Haizeek eta korronteek bazter honetara gerturatzen dituzte ozeanoetako nabigatzaile txikiak, bizitza ur gainean noraezean igarotzen dituzten ekosistema osoak.
“Sargazoen itsaso” Ipar-Atlantikoko giro antiziklonikoak bere erdialdean mugatzen duen guneari ematen zaion izena da. Giro antizikloniko hau munduan dauden bost giro antizikloniko handietako bat da, eta milaka kilometroko bidea egiten duen korronte-sistema zirkular batez osatuta dago. Euren norabide berdinean dabiltzan haizeek sorrarazten dituzte korronte hauek, baina bien arteko erlazioa begi bistakoa izan daitekeena baino konplexuagoa da.
Labur azalduta, latitude subtropikalaren gainean kokatzen diren presio atmosferiko altuek ordularien orratzen norabidean doazen haizeak sortzen dituzte Ozeano Atlantikoaren gainean (haize alisioak eta ekialdeko haizeak). Haize horiek, itsasoaren gainean jarduterakoan, gainazaleko ur-masen desplazamendua eragiten dute, baina ez norabide berdinean, euren eskuinalderantz (giroa izango denaren erdialderantz) baizik. Hau “Ekman-en garraio” deritzon prozesuarengatik gertatzen da, lurraren errotazio mugimenduari eta ur-geruzen arteko marruskadurari zor zaiona. Korronteen ekarpen etengabeek ur metaketa bat eragiten dute ozeanoaren erdialdean, bertako itsasmaila 2 metrotan igoarazi dezakeena (A Irudia).
Egoera horretan, eta grabitatearen eraginez, urak presio altuko guneetatik presio baxuko guneetara joateko joera aurkezten du, edo beste modu batera esanda, itsasmaila altuagoa den metaketaren erdialdetik maila baxuagoko periferiara. Lurraren errotazioak eragindako Coriolis indarrak, ordea, aurkako noranzkoan eragiten du, ura berriro metaketara bultzatuz. Bi indar hauek elkar deuseztatu egiten dira, eta emaitza bezala ur metaketaren inguruan (presio edo itsas maila berdineko lerroen gainetik) mugitzen diren itsas korronte antiziklonikoak sortzen dira, ipar-hemisferioan ordularien orratzen norabidea dutenak (B Irudia). Modu honetan sortzen diren korronteei “korronte geostrofiko” izena ematen zaie.
Beraz, Ipar-Atlantikoko giro antiziklonikoan lau korronte geostrofiko bereiz daitezke: Golkoko korrontea, berebiziko garrantzia duena lurreko beroaren garraioan eta Europan nagusi den klima epela baimentzean; Iparraldeko korronte atlantikoa; Kanarietako korrontea eta Ipar-ekuatoreko korrontea. Sargazoen itsasoa korronte hauen erdialdean gelditzen da, korronteak eta haizeak bareagoak diren konbergentzia-eskualdean.
Ozeanoetan ekoizpen primarioaz arduratzen izakiak uretan esekita bizi diren alga zelulabakar mikroskopikoak dira, fitoplanktona alegia. Alga hauek, hazi ahal izateko, gainontzeko izaki fotosintetizatzaileek bezala bi oinarrizko baliagai behar dituzte: argia eta mantenugai inorganikoak (batez ere nitrogenoa). Itsaso zabalean baina, sistemak berak duen dinamikak bi baliagaiak espazioan banatzea eragiteko joera du. Ur-geruza azalenetan argi ugari dago, baina mantenugaiak agortu egiten dira ekoiztutako biomasan barneratuak diren heinean. Ur-sakonetan berriz, ez da argirik iristen, baina gaineko geruzetatik sedimentazioz jasotzen duten materia organikoaren deskonposizio eta birmineralizazioari esker mantenugaietan joriak dira. Gainazaleko urak emankorrak izaten jarrai dezaten sakoneran metatutako mantenugaiekin berriz hornituak izan behar dira, eta hau lortzeko modu bakarra ur-zutabearen goitik beherako nahasketa gertatzea da.
Ur-masen nahasketa bertikala oso gertakizun zaila da latitude subtropikaletan. Sargazoen itsasoan, 200 metrotik gorako urak beti beroak eta dentsitate baxukoak dira, hondokoak ordea, hotzak eta dentsitate altuagokoak. Dentsitate diferentziak bi ur-masak guztiz bereizita mantentzen ditu, olioa eta ura bailiran, erdian termoklina deritzon muga gelditzen delarik. Subtropikoetako estazionalitate termiko baxuak eta eskualde honetako hidrodinamismo urriak, termoklinaren barrera hausteko behar diren baldintzak gertatzea ekiditen dute.
Hau guztia dela eta, giro antiziklonikoen erdiguneak oso leku oligotrofikoak dira (hala deritze mantenugai kontzentrazio baxuko eta ekoizpen primari gutxiko ekosistemei), eta bertan bizi diren algek mantenugaien eskasia iraunkor horretara moldatuta egon behar dira. Egoera hauetan oso arrakastatsuak dira tamaina txikia duten fitoplankton espezieak, azalera-bolumen erlazio altuagoa izategatik modu eraginkorragoan barneratzen dituztelako urriak diren mantenugaiak. Nagusitzen diren ekoizle primarioak pikofitoplanktonaren taldekoak dira, ezagutzen diren txikienak, 0,2 μm-ko diametro ñimiñoa izatera iritsi daitezkeenak.
Giro subtropikaletan oso ekoizpen primario tasa baxuak ematen dira, orokorrean 0,3-0,4 gramo karbono baino gutxiago metro karratuko eta eguneko. Hala ere, eskualde oligotrofikoak ozeanoen azaleraren %60 inguru betetze dute, eta beraz ekoizpen primario itsastar totalaren %30 baino gehiagoren erantzule dira. Ekoizpen baxu hau, neurri handian ur-zutabearen goiko aldean (alde fotikoan) gertatzen den mantenugaien birziklapen azkar bati esker gertatzen da. Gune oligotrofikoetako bazka sareak oso konplexuak dira, elkarren artean oso akoplaturik dauden maila ugariz osatuak. Kontsumitzaileek oso azkar sabeleratzen dute ekoizleek sortutako biomasa, eta azken hauek oso modu eraginkorrean erabili ditzakete lehenengoek askatutako hondakinak (amonioa, esaterako). Horregatik, lur ekosistemekin alderatzerakoan oso arraroa gerta daitekeen arren, ekosistema hauetako kontsumitzaileen biomasa ekoizleena baino askoz handiagoa izan ohi da.
Mantenugaiak hain urriak diren ingurune honetan, hainbat organismok bestelako mekanismoak garatu dituzte hauek eskuratzeko. Alga zelulabakar batzuk, nitrogenoa disolbatutako gatz inorganiko moduan (nitrato edo amonio) barneratu ordez, nitrogeno atmosferikoa (N2) hartu eta kimikoki erreduzitzeko gai dira. Prozesu honi nitrogenoaren fixapen deritzo, eta soilik alga prokarioto batzuk burutzen dute. Ozeano subtropikaletan oso ezaguna eta ikertua izan da Trichodesmium generoko zianobakterioa, begi bistaz ikusgarriak diren harizpi-sortak eratzen dituelako. Baina fixapena burutzen duten izaki gehienak mikroskopikoak dira, ikusteko edota laborategian hazteko oso zailak, eta horregatik duela gutxira arte ez dira oso ezagunak izan. Nitrogeno fixapenari ozeanoetan bigarren mailako garrantzia ematen zitzaion arren, azkeneko urteetako froga isotopiko eta genetikoek oso prozesu hedatua dela erakusten ari dira, ekosistema hauetako euskarri nagusienetako bat izan daitekeela iradokiz.
Milaka metroko sakonera duen itsasoaren gainean, milimetro gutxiko tarte estu batean, uraren gainazalak oso berezia den nitxo ekologikoa sortzen du, soilik prestatuta dauden izaki gutxi batzuk erabili dezaketena. Uraren gainazalarekin harremanean bizi den bizidunen taldeari “neuston” deritzo, eta ur gainean flotatzen edo juxtu gainazalaren azpian kokatuta, milaka kilometroko bidaiak egiteko gai dira korronteen eta haizeen mede. Komunitate neustonikoa bereziki dibertsoa izan ohi da giro antiziklonikoen erdiguneetan, gainazal-korronteek bertan elkartzeko duten joera dela eta. Talde oso ezberdinetakoak diren organismoak biltzen ditu, batez ere ornogabeak, hala nola krustazeoak, intsektuak, sifonoforoak eta moluskuak.
Kopepodoen taldeko krustazeo txikiak oso ugariak dira neuston ozeanikoan. Animalia hauetan neustoneko kide gehienek komunean duten ezaugarri bat antzeman daiteke: euren kolorazio urdin bizia. Kolore honek babes funtzio bikoitza betetzen du, alde batetik harrapariak ekiditen ditu gorputza ozeanoko urekin kamuflatuz, eta bestetik itsas gainazalera iristen diren izpi ultramoreen aurrean babesgarri ere bada. Aipatzekoak dira ere Halobates generoko hemipteroak, gure erreketako zapatarien ahaide gertuak, zeinak uraren gainazal-tentsioari esker itsasoaren gainetik irristatzeko gai diren.
Sifonoforoak knidarioen filumeko animaliak dira. Itxuraz marmoka baten antza duten arren oso desberdinak dira, banakako organismoak izan beharrean kide ugariz osatutako koloniak baitira. Marmoka baten parekoa den egitura flotatzaile bat dute, koloniako zooide edo polipoak bertatik eskegitzen direlarik. Eskifaia bat izango bailira, zooidek euren artean banatze dituzte koloniaren betekizunak. Batzuk elikaduraz arduratzen diren bitartean, beste batzuk ugalketaz arduratzen dira, eta hirugarren batzuk, knidozito deritzen zelula erresumingarriak dituztenak, taldearen defentsaz. Egitura flotatzaileak mota ezberdinetakoak izan daitezke, esaterako, Velella velella espeziean bela zapal batez hornitutako baltsa bat da, eta Physalia physalis espeziean kolore biziko eta gasez betetako flotagailu edo pneumatoforo bat. Bi espezie hauek gizakiok baino askoz lehenago asmatu zuten bela bidezko nabigazioa, milioika urte daramatzate ozeanoak alde batetik bestera zeharkatzen. Gainera, ozeanoaren alde ezberdinetako koloniek flotagailuaren morfologia ezberdina dute, lekuan lekuko haize nagusiak baliatzeko.
Ozeanoaren erdian galduta egon arren, sifonoforoek ere badituzte euren harrapakariak, eta hainbat molusku-espezieren dieta nagusia osatzen dute. Babeserako dituzten knidozito mingarriek ez dute inolako eraginik harrapakari jatun hauengan, eta are gehiago, irentsiak izan ondoren zelula hauek euren ehunetan metatzeko ere gai dira, oso animalia pozoitsuak bilakatuz. Bere harrapakinekin topo egiteko, Janthina generoko barraskiloek mukiz osatutako flotagailuak eraikitzen dituzte, sifonofoetara itsasten direnak talka egiterakoan. Glaucus atlanticus itsas bare ikusgarriak ahoz gora flotatzen du itsas gainazalaren azpian, gainazal-tentsioaz eutsita.
Itsasoa zeharkatzen dabiltzan nabigatzaile bakarti edo kolonialak anekdota huts kontsidera daitezke ozeanoaren zabalera guztia kontuan hartu ezkero. Baina badago espezie neustoniko bat, bere ugaritasun, ekoizpen tasa altu eta ekosistema berezien sortzaile izateagatik berebiziko garrantzia duena. Ozeano Atlantikoaren eskualde honi izena ematen dioten sargazoei buruz ari gara, Sargassum generoko alga arre flotatzaileei buruz alegia. Sargazoak arruntak dira ozeano guztietan, baina dagoeneko ikusi ditugun arrazoiengatik oso ugariak dira giro antiziklonikoen erdigunean. Hain altua izan daiteke Altantikoko gune honetan azal dezaketen dentsitatea, aintzinako marinelek bere izena eman ziotela eskualde osoari. Izan ere, marinelak eskualde honen beldur ziren, itsasontziak algetan trabatuta geratzen zirela uste zutelako. Gaur egun badakigu itsasontzi horiek geldiarazten zituena ez zirela alga horiek, giroen erdiguneko haizeen eta korronteen ahuleziak baizik.
Sargazoak euren adarretan dituzten gas-besikula batzuei esker mantentzen dira ur gainazalean, tamaina ezberdineko orban ikusgarrietan elkartuta. Sargazoen itsaso guztia kontuan hartuta, alga hauen biomasa ez da bereziki handia: egindako estimen arabera gramo bakarra dagokio eskualdearen metro karratu bakoitzari. Euren ekoizpen primarioa ordea, 10 karbono gramokoa da metro karratu eta eguneko, fitoplanktonarena baino bat edo bi magnitude-orden handiagoa. Hortaz, alga hauen ekarpena oso garrantzitsua da ingurune oligotrofikoaren ekoizpen biologikoaren emaitza totalari.
Gabezia nagusi den ozeano hutsean, sargazoak benetako oasi flotatzaileak dira. Euren frondeen azalerak, txikiak izanda ere, leku aproposak dira organismo ugariren bizileku izateko. Fronde hauek osatzen dituzten miniaturazko basoetan barrena jatorri bentonikoko espezie ugari topa ditzazkegu: lanpernak, briozoak, hidrarioak bezalako organismo sesilak esaterako. Karramarroak, moluskuak eta arrainak ere alga hauen ekosistemako biotaren parte dira. Animalia hauetako askok kolorazio kriptikoak aurkezten dituzte frondeen artean kamuflatzeko, Scyllaea generoko itsas-bareetan edota Histrio histrio sargazoetako apo-arrainetan ikusi daitezkeen modukoak. Gainera, sargazoe eratzen dituzten almadia naturalak babesleko ezin hobeak dira espezie askoren arrainkumeentzat. Esaterako, gure ibaietako aingirek milaka kilometrotako bidea egiten dute Atlantikoaren gune honetaraino, euren kumeak, angulak, sargazoen artean haz daitezen.
Tamalez, Sargazoaren itsasoari ikusi ditugun berezitasunak ematen dizkioten eragile fisikoek, nabigatzaile urdinak eta sargazoak elkartzeaz gain, gizakiok itsasora isurtzen ditugun hondakinen biltzailetzat ere jokatzen dute. 1970eko hamarkadatik dagoeneko ezagutzen da leku honetan giza-zaborrak kontzentrazio altuan ageri direla. Batez ere plastiko txikiak eta alkitranezko bolatxoak dira, itsas gainazaletik oso gertu esekita gelditzen direnak. Gaur egun, “Atlantikoko zabor mantxa erraldoiari” buruz hitz egiten da, kilometro karratuko 200.000 plastiko zati kontatzera iritsi izan baitira.
Plastiko hauek inpaktu ekologiko oso bortitza dute ozeanoetako ekosistema guztiengan. Komunitate neustonikoen etorkizuna arriskuan jartzen dute, organismo hauen nitxoarekin zuzenean interferitzen baitute. Horrez gain, arrainek, itsas dordokek, ugaztunek eta hegaztiek irentsi egiten dituzte eta euren urdailetan metatzen dira, animalia hauen heriotza eraginez. Azkenik, hondakin hauek kutsatzaile kimikoak adsorbatzen dituztela ere ikusi izan da. Aspaldiko marinelak ur hauetan barrena ibiliko balira berriro, bestelako itxura bat hartuko liokete paisaiari eta ziurrenik algak ez ziren izango euren beldurren iturri bakarra.
Comments (2)
Antton Alberdi
reply
Eneko Aspillaga
Hala da, Baltikoa oso itsaso eutrofikoa da. Bertara isurtzen diren erreka ugariek inguruko populazioetatik datozen mantenugaiak eta kontaminanteak garraiatzen dituzte. Gainera, oso itsaso azal eta itxia da, uren berriztatze-tasa oso baxuak dituena. Mediterraneoa, aldiz, oso itsaso oligotrofiko kontsideratzen da.
reply