Egitasmo hartatik gauzatzen ikusi duguna Iñurritzako Biotopoarena izan da. Aitortu behar dugu egin denarekin pozik gaudela, nahiz eta eremu horretan egiteko dagoenaz kezkaturik jarraitzen dugula, batez ere kudeaketarekin.
Udaleko teknikari batek bere garaian esandako “Iritak (Ihidieta) bokazio urbanoa du” esaldia nagusi izan da legealdiz legealdi eta da oraindik ere.
Duela gutxi jakin dugu Eusko-Jaurlaritzak Ihidietan egin nahi zen industrigunea egiteko eman behar zituen laguntzak ukatu dituela. Poz handiz jaso dugu Udalarentzat atzerapen izan daitekeena, guretzat aukera berri bat izan daitekeelako. Konprobaturik daukagu denbora pasa ahala gizarte osoa sentsibilizatuagoa dagoela natura-ondasunekiko, eta ziur gaude atzerapen horren ondoren Udala bera ere, oraindik begiak euro-zapiz estalirik baditu ere, desberdin ikustera iritsiko dela auzi hau.
Itxaropen horrek bultzata, Arkamurka Elkarteak ahalegin berri bat egingo du aurten lur-eremu guzti hori naturalizatzeko oinarriak aurkezten. Erakusketa handi bat prestatzen ari da jadanik irailerako.
Zarauzko hezeguneen historia
Zarauzko gaurko hirigunearen geografiari begiratzen badiogu duna-sistema batek babestutako ordeka bat da, diapiro baten higaduratik sortua. Beraz, itsas aldetik garapen handiko duna-sistema batek mugatzen zuen. Duna horren arrastoak gaurko Iñurritzako biotopoan dagoen golf zelaian ikus daitezke.
Duna-sistema horren mendebaldean kokatu zen hirigune zaharra eta kostaldean eraiki ziren handizkien etxe handiak.
Duna-sistemaren hegoaldean ordekagune zabala zegoen, dozenerdi bat errekek ureztatzen zutena, dena zingira bihurtuz.
Denborarekin, urteak pasa ahala, zarauztarrek bideratu zituzten noraezean zelaigunea hartzen zuten errekak, eta itsasora ere eman zieten irteera bakarra, lehen ziur aski irteera bat baino gehiago zituztenei.
Errekak bideratzeaz gain, laboreak egiteko gai ziren soroak sortu zituzten uren gorabeherei ihes egiteko erretenak eginez eta maila freatikoa jaitsiz.
Are gehiago, Zarauzko erreka-bideak eta, ondorioz, soroak itsasoko mareen menpe ziren urteko egun batzuetan eta horrek ekar zezakeen soroen kalterako zitekeen ur gaziaren erasoa. Horregatik, ordekako irteera bakarreko errekan konporta bat ezarri zuten, zeina mareagoran itxi egiten zen eta mareabeheran zabaldu.
Horrela lortu zituzten zarauztarrek oso emankor ziren soroak (“erriberak” deituak) mantentzea ia oraintsu arte.
Duela 50 urte, eta batez ere azken 30 urtetan, Zarautz oso herri estimatua suertatu da udatiarrentzat eta batez ere etxegileentzat. Hiriguneak muga guztiak hautsiz ordeka-gune osoa hartu du eta, ikuspegi naturalistiko batetik, dena aurretik eraman du, batez ere errekak. Erreka bat Santa Barbara izeneko mendian egindako tunel batetik zuzenean itsasoratu zuten (Iregain erreka) eta bere ibilgua guztiz etxe eta plazaz bete; beste erreka bat harri karratuz kanalizatu zuten (Abendaño erreka) eta beste hiru errekak azken unean pareta artean sartu (autopistatik N-632 errepide artekoa).
Garai hartan, duela 25 urte, kokatu behar da Zarauzko Arkamurkak udalari azaldu zion “Erriberetako parkea” proiektua.
Ordurako egina zen A-8 autopista eta honek hegoaldetik ezarri zion muga hiriguneari. Autopistaz hegoaldera eraiki zen industrialdea, Abendaño eta Errotaberri bailaretan, erreken errespetu gutxirekin egin ere.
Arkamurka elkartearen orduko eta gaurko proposamena
- Iñurritza ( Zarauzko erreka guztiak bereganatzen dituena) errekaren bokala naturalizatzea.
- Barnealderago, Ihidieta izeneko hezegunea berreskuratzea eta funtzionalki Iñurritzako bokaleko dinamikarekin lotzea.
- Asti aldea, hirigunetik aparte zegoen bailara, autopistaren irteerak “babestua” bere hartan mantentzea, urbanizatu gabe eta aintzinako erriberetako soroak mantenduz (naturalizazioak eta kotak baimentzen duen tokitan), errekei ezker-eskuin hedapen handiagoa emanez.
Erriberetako parkearen gaurko egoera
Arkamurka Elkarteak egindako proposamenak hitz polit asko jaso zuen, baina apurka-apurka etengabeko kimaketa jasan du. Udalak zerbait egin nahi eta Iñurritza ibaiaren bokale eta golf aurreko dunen inguruaz hitz egiten hasi ziren eta hainbat ekintza egin ere, batzuk onurakoak (dunetako landaketak, adibidez), besteak kalterakoak (araztegia bokalean kokatzea, adibidez).
1997. urtean biotopo izendatua izan zen Iñurritzako bokalea, golfeko eta bere aurreko duna-sistema. Babes-izendapen horrekin hobetu zen eremu horren etorkizuna. Padurako betelanak kentzea eta ur gezazko putzuen sorkuntza 2009an egin zen. Arkamurka Elkarteak ondo ikusi du egin den guztia eta gertutik ari da jarraitzen gune horren garapena eta gestioa.
Iñurritzako gune hori jadanik babestua egonik, aurten Arkamurka Elkarteak Zarauzko hezeguneen alde hasi duen kanpainak Ihidietak poligono industrial teknologiko bihurtzeko daukan arriskuak bultzata izan da.
Urte asko dira Zarauzko Udala ideia horren atzetik dabilela eta, egia esatekotan, Arkamurka Elkartea etsita zegoen jada. Iaz, ordea, Zarauzko Udalari espero zituen laguntza batzuk ukatuak izan zaizkio, alde batetik, eta, bestetik, Ur-komisaldegitik Ihidietan hainbat betelan egiteko debekua etorri zaio.
Noski, udalak helegiteak jarri ditu eta batek daki zertan bukatuko diren gauzak. Arkamurkakoek Ihidieta eta Asti babestu eta naturalizatzeko eskaerak han eta hemen ozenki zabaltzen ari dira.
Ihidieta eta Asti babestu eta naturalizatzeko hamaika arrazoi
1.-Interes patrimoniala eta interes historikoa
Duela 50 urte arte Zarauzko hirigunearen hegoaldera soro eta baratzak zeuden, “erriberak” esaten zitzaien. Mende asko aurretik, soro tarteetako erretenak ireki ziren eta errekak desbideratu lurra lehortzeko.
Hirigintza handia ezagutu du Zarautzek azken aldian eta garai bateko bizimodu eta ingurunearen arrasto guztiak borratu ditu. Garai bateko erribera horien gainean sortu dira auzo berri guztiak: Azken Portu, Poligonoa, Itsas-Mendi, Salbide, …. Sumendi bateko labaren antzera, hormigoiak estali ditu erriberak, errekak eta inguru horretan ziren baserriak: Tente, Tanton, Zubiarre, Astazubi, Marinenea, Salbide, …..
Ondare historiko horretatik Ihidieta eta Astin dago geratzen den apurra. Inguru hori babestearekin museo bizia manten genezake ondorengo mendeetan.
2.-Bizi-kalitatea gehitzea zarauztarrei
Ihidieta eta Asti hirigunearen ekialdeko muga dira, ez daude herritik urrun eta desterruan. Gaur egun ere alde hori herritar askoren ibilbidea da eta Astiren azken partea kirol-eremu.
Eskualde hori naturalizatuta mantentzeak beste ikuspegi bat ekarriko lioke herritarrari, naturako zikloekin lotuz bere egunerokotasuna: mareak, hegazti migratzaileen bisita, bertako landareen loraldiak, …
Babestu nahi diren bizidunak, hegazti bisitariei eskaini nahi zaien atseden eta elikatokia, uraren gorabeherei kendu nahi zaizkien oztopoak, et abar kontutan edukiz, proiektu honek eskaini beharko lioke herritarrei ingurune horretaz gozatzeko aukera, adibidez, oinezko bide bereziak eraikiz, behaketako dorreak eraikiz, …
3.-Interes paisajistikoa
Ohituak gaude interes paisajistikoa azpimarratzen erliebe-gorabehera handiak dituzten tokiengatik: Ur-jauziak, sumendiak, arroilak, labarrak, tontor elurtuak, … Zarauzko hirigunea ordeka batean eraiki da eta bere dimentsioa urrutitik begiratzeak ematen dio: Santa Barbaratik edo Talaimenditik, adibidez. (Paisaia lauak hegazkinetatik ematen dizkigute telebistan).
Paisaia laua ibilian deskubritzen da, pauso bat ez da bestearen berdina, oraintxe hemen zegoen lertxuna ehun metro haratago dago bat-batean; hemen putzu dena, lehor da haraxeago; hemen lezkadi dena, haltzadi da goraxeago.
Paisaia lauak ez dio mugarik jartzen gure begiradari, eta gela edo etxe artean bizi den herritarrarentzat atseden-gune bihurtzen dira. Zarauztarren bizi-kalitatea bat eginik legoke Ihidieta eta Asti bezalako parajeen kontserbazioarekin.
4.-Interes turistikoa, natur balioek bisitariak erakarriko lituzkete.
Zarautzen turismoa aipatzea udako kontuekin lotzea dakar edo eta gauza handiekin. Ihidieta eta Astiren naturalizazioak ez ditu autobuskadak erakarriko udako hondartza edo zenbait jatetxek bezala. Erriberetako parkeko turistak naturazaleak izango dira, ibilera mantsokoak, gida eta argazki-kameradunak. Ez dio halere garrantzirik kentzen proiektuari, hegazti migratzaileak bezala, Zarauzkoa baino handiagoak diren hezegunetara doazen pertsonak pausaldia egingo baitute bertan. Ez dira, agian, bada, kopuruz asko izango parke honetako bisitariak, baina bai paisai hauen maitaleak eta urteetan fidelak. Dagoeneko Iñurritzako biotopoko bisitariak internetez elkar hartu eta informazio-trukaketak etengabeak dira. Pentsa zer litzatekeen biotopoari beste lurralde hau lotuko balitzaio.
5.- Interes zientifiko-biologikoa
Iñurritzako biotopoa izendatzeko garaian duna eta kanalean berezi, bakan edo hor bakarrik bizi diren espezien zerrenda aurkeztu zen. Orain Ihidieta eta Astiko eremuaz ari garenean ere, aipatu behar dira ingurune horretan berezi diren bizidunak: Adibidez, berriki Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek
Hibiscus palustris landarea aurkitu dute eremu horretan, eta hori aurkikuntza oso garrantzitsua da Euskal Herrian oraindaino ez baitzegoen landare horren arrastorik.
Arrarotasunean ez dugu erori behar, ordea, nahikoa baita ikustea horretarako, adibidez, zenbat hegazti bizi diren paraje horretan. Haietako batzuk migratzaileak eta urte-sasoi batean edo bestean agertzen direnak eta beste hainbat urte osoan bertan bizi eta bertan kumatzen direnak.
Ezin da aipatu gabe utzi biodibertsitatearen gaia hezeguneaz jardutean. Hezeguneetan dagoen bizidun-kopurua handienetakoa da gure inguruko beste habitatekin konparatuz. Maiz nazkagarritzat jotzen dugun lokazti horretan animalia txiki asko dago eta espezie askotakoak. Espezie asko galtzen ari direla esaten denean, ez dira galtzen haien kontra zuzenean erasotzen delako bakarrik, baizik eta haien bizitokiak desegiten ari garelako baizik. Hezeguneak izan dira habitatik zigortuenak, ibai eta erreken ertzetan kokatu baita giza-aktibitaterik handiena.
Beraz, landare eta animalien bizitokien kontserbazioaren alde egitea, dibertsitatearen alde egitea da eta dibertsitatearen alde egitea bizidun guztion arteko orekaren alde egitea da.
6.-Uholdeen aurkako aukera bat
Ematen du Santa Barbara azpiko tuneletik Iregain Erreka desbideratu zenetik, bere ibilbidea hormigoituz, Zarautz libre dela uholdeetatik. Iazko azaroan Gipuzkoako beste eskualdeetan uholdeak izan zirenean, larri ibili zen Zarautz ere, marea gora egokitu zenean.
Erriberetako parkearen proiektua egokitu daiteke horrelako kasuetan errekako urak Ihidieta eta Astiko hezeguneetara desbideratzeko marea beheraka hasten den arte. Bestela esanda, hezegune handi hori ur-biltegitzat erabil daiteke uholdeen arriskuaren aurrean, garai bateko konportak egiten zuen bezala. Errekek ur asko dakartenean eta marea bizietako mareagora denean, konporta itxi egingo litzateke, ibaia parkeetako ur-eremuetara hedatuko litzateke lezkadi, erreka-bide eta soro-erretenetan urtegi handi bat osatuz eta marea beherantz hasten denean konporta zabaldu eta errekako ura hustu ahal izango litzateke. Parkearentzat ere oso dinamika natural eta polita litzateke.
7.-Interes pedagogikoa
Zaila gerta daiteke gaur egun hirigintza eta naturarekiko errespetua bateragarriak direla zarauztarrei adibidetzat erakustea. Herri-gunearen mugan bertan naturari emandako tratu duin eta errespetuzkoa, etxe ondoan egunero ikusiz, agian, zarauztarrak hasiko dira garapen jasangarria posible dela pentsatzen.
Bukatzeko
Hamaika arrazoiak zazpi dira eta zazpiak batean biltzen dira, alegia, oraindik gure geografian geratzen zaizkigun hezeguneak, handiak ala txikiak izan, mantentzen saiatu behar dugula, horien galerak biodibertsitatearen galera direlako.