Duela oso denbora gutxira arte zeruari so egin eta hodeiak irakurtzea zen eguraldia iragartzeko bidea. Gaur egun ere, hodeien itxurak eta bilakaera aurreikuspen on bat egiteko ezinbestekoak dira, ordenagailu eta satelite bidezko irudiei esker informazio gehiena lortu arren. Hori dela eta, erreportaje honek hodeiak ulertzeko eta zerua irakurtzeko gidaliburu izatea du helburu.
Hasteko, hodeiak zer diren argitu beharra dago: hodeiak atmosferako ur-lurruna kondentsatzean edo solidotzean eratzen diren egiturak dira. Beste era batera esanda: zeruan ura lurrun moduan dago, eta horrela dagoenean ez dugu ikusten; baina tarteka lurrun hori hoztu eta ura (likido) edo izotza (solido) bihurtzen da. Une horretan, likido edo solido forman dagoenean alegia, eguzki-izpiek tanta edo kristal horien kontra jotzen dute, eta atmosferako ura ikusgai bilakatzen da. Izan ere, airea ez dago sekula guztiz lehor, airean ura gas moduan nahasirik baitago (baina horrela dagoenean ezin dugu ikusi).
Beraz, hodeiak zer diren badakigu. Baina, nola sortzen dira? Horra hor funtsa. Zeren eta hodei guztiak uraz hala izotzaz osatuta badaude, zertan datza haien arteko desberdintasuna? Zergatik daude batzuetan izotzaz eta beste batzuetan uraz osatuta? Edo, zergatik iragartzen dute hodei batzuek euria eta beste batzuek ez? Bada, bilakaeraren arabera, batik bat. Hots, hodeiak non eta nola sortu diren argituz gero hodei horiek irakurri eta sailka daitezke.
Aire-masa batek ur-lurrun kantitate maximo bat eduki dezake. Eta maximo hori aire-masaren tenperaturaren araberakoa da (batez ere): aire hotzak ur-lurrun gutxiago gorde dezake aire beroak baino. Hots, aire-masa bat hozten denean honek eduki dezakeen ur-lurruna gutxitzen joaten da eta, horregatik, gehiegizko ur-lurrun hori kondentsatu edo solidotu (izotz bihurtu) egiten da (ikus 1. irudia). Beraz, hodeiak aire-masa bat hoztean sortzen dira. Hala ere, hodeiak osatu daitezen kondentsazio-nukleoak ere behar dira, micrometro 1eko diametroa duten hauts partikulak. Partikula hauei aerosol deritze, eta atmosferan zehar barreiatuta daude. Hauei esker, ur-lurrunak kondentsatzeko beharrezkoa duen gainazala aurkitzen du.
Hodeiak ura direla aipatu dut. Hauts partikula batzuen gainazalean kondentsatzen edo solidotzen den ura. Eta hodeiak eratzeko aire-masak hoztu egin behar direla. Beraz, hodeiak nola sortzen diren jakiteko airea zergatik hozten den jakin beharra dago. Bada, airea hozteko mekanismoak bi dira. Alde batetik, aireak hotzago dagoen gainazal bat ukitzen duenean gainazalak airea hozten du (botilako ur-tantak bezala). Orduan, airean dagoen ur-lurruna kondentsa daiteke eta behe-lainoak sor daitezke. Beste aldetik, aireak atmosferan gora egiten duenean geroz eta presio baxuagoekin egiten du topo. Horrenbestez, igotzen ari den aire-masa zabaldu eta hozten da. Prozesu horretan ur-lurruna ur likido bihurtzen da eta, aireak gora egiten jarraitzen badu, likidoa izotz bihurtzen hasten da (-5 eta -15ºC inguruan). Airea igoarazten duten prozesu garrantzitsuenak honakoak dira:
Atmosferaren presioa ez da berdina gainazal osoan zehar, hots, presioak leku batzuetan besteetan baino altuagoak dira. Horrek aire-masa handiak mugitzea eragiten du, presioa altua den lekuetatik baxua den lekuetara. Ibilbide horretan ezaugarri desberdinetako aire-masek elkarren kontra talka egin dezakete, ez baitira nahasten. Eta orduan aire-masa hotzak aire-masa beroa gora bultzatzen du (hotza beroa baino astunagoa delako) (ikus 2. irudia).
Airearen norabidean mendiak badaude hauek gainditzeko aireak gora egin behar izaten du. Horregatik haizeak jotzen duen mendiaren magalean hodeiak eratzen ohi dira. Batzuetan, gainera, airearen igoeragatik mendiaren bestaldean haize-uhinak sortzen dira, eta haizeak jotzen duen mendiaren kontrako aldean ere hodeiak era daitezke (ikus 3. irudia).
Eguzkiak ez du airea zuzenean berotzen, zeharka baizik: eguzki-izpiek lur gainazalaren kontra jotzen dutenean lurra berotzen dute, eta lurrak gainean duen airea ukitzean airea berotzen da. Berotu berri den airea ondoko aire hotza baino arinagoa da eta, horregatik, igotzen hasten da (ikus 4. irudia).
Lehendabiziko sailkapenetan hodeien itxura eta kolorea hartzen zen aintzat. Egun, ordea, Hodeien Nazioarteko Atlasaren irizpideak jarraitzen dira (World Meteorological Organization - WMO) hodeiak familia, genero eta klaseetan sailkatzeko. Familietan antolatzeko hodeien beheko mugari erreparatzen zaio, eta horren arabera hodeiak altuak (6-13 km), ertainak (2-6 km) edo baxuak (0-2 km) diren esaten da. Halere, badaude oso hodei altuak lurretik gertu garatzen hasi eta 10 km-arte irits daitezkeenak. Hurrena generoetan sailkatzea da, eta horretarako hodeien itxura behatzen da: kotoi itxurakoak (kumuliformeak), geruza horizontal baten gisakoak (estratiformeak) edo zuntz/ile formakoak (zirriformeak). Azkenik, klaseak genero bakoitzaren aldakortasunak jasotzeko erabiltzen dira; alegia, hodeiaren bolumena, zabalera, gardentasuna...
Hodeien sailkapen orokorra honako taula honetan laburtu daiteke:
Hodei motak ziurtasunez identifikatzeko zeruari askotan begiratu behar zaio. Eta oso zaila da soilik argazkien bitartez identifikazio fidagarriak egitea. Izan ere, argazkietan ezin da hodeien altuera, tamaina eta mugimendua ikusi. Halere hodeiak sailkatzeko gako (laster egongo da ikusgai) honen bitartez hodeiak identifikatzen hasteko bidea erraztea espero dut.
Familia: Hodei altuak
Generoa: Zirriformeak
Zirruak isolatuta agertzen diren hari edo banda luze formako hodeiak dira, zuriak eta inolako itzalik ez dutenak. Zuntz itxura eta zeta antzeko distira izaten ohi dute. Izan ere, oso tenperatura baxuko altueratan eratzen direnez izotz-kristalez osatuta daude, eta kristalak elkartzen joaten diren heinean haizeak hodeia luzatzen du. Batzuetan harizpiak elkartzen dira eta zirru zabalak eratzen dituzte, zirrostratuen oso antzekoak. Baina zirrostratuek osatzen duten geruza askoz ere zabalagoa da.
Familia: Hodei altuak
Generoa: Kumuliformeak
Zirrokumuluak oso hodei txikiak dira (besoa luzatuta dugula behatz txikiaren punta baino txikiagoak). Hodei hauek txuri-txuriak dira, ez dute inolako itzalik, eta erregularki banatzen dira multzoak osatuz. Zenbaitetan multzoak zabalak dira, baina beti pikor itxurako hodei txikiek eratzen dituzte (batzuetan uhinetan bilduta). Hauek ere oso tenperatura baxuko altueratan eratzen direnez izotz-kristalez osatuta daude, baina ur-tantak ere izan ditzakete.
Familia: Hodei altuak
Generoa: Estratiformeak
Zirrostratuak errezel itxurako hodei-geruzak dira, esne kolore apal eta homogeneodunak. Oso meheak dira eta gehienetan zeruaren zati handi bat estaltzen dute. Eguzkia bere atzetik ikusten dugunean halo deitutako fenomenoak sortzen ohi dira. Hodei hauek izotzaz osatuta daude, eta aire-masa beroak aire-masa hotzen gainetik labaintzen direnean eratzen dira. Hodei meheak direnez, ez dute eguzkia estaltzen, eta zeruan zirrostratua dagoenean lurrean dauden objektu eta abarrek itzala sortzen dute (altostratu nahiz estratuetan ez bezala).
Familia: Hodei ertainak
Generoa: Kumuliformeak
Kotoi itxurako hodeiez osatutako hodei geruza. Hodeitxoetako bakoitzak itzalak izaten ohi ditu (erliebea igartzen zaie) eta besoa luzatuta dugula behatz txikiaren punta baino handiagoak eta 3 behatz baino txikiagoak dira. Hodei ertainak direnez ur-tantek osatzen ohi dituzte, baina tenperaturak oso baxuak badira izotz kristalak ere izan ditzakete. Aire-masa ezegonkorrek eratzen dituzte. Horregatik, fronteekin erlazionatutako hodeiak dira. Altokumulu lentikularrak, ordea, ez ditu ezaugarri horiek betetzen. Hodei mota hau haizeak mendiekin talka egin eta kontrako aldean sortzen diren uhinengatik sortzen da. Horregatik ertz leunetako hodei bakar eta handia izaten da, eta zeruan geldi dagoela dirudi.
Familia: Hodei ertainak
Generoa: Estratiformeak
Zeruaren zati nahiko zabalak estaltzen dituzten hodei geruzak homogeneoak dira. Hodei hauek kolore grisekoak izaten ohi dira, baina gehienetan ez dira eguzkia guztiz estaltzeko adina lodiak izaten (hodeiaren guneren batetan bederen). Nahiko leunak dira eta ez dituzte ez goiko ez beheko ertzak listuak edo zirpilduak. Hodeiaren goiko aldean izotz kristalak egoten dira, eta behean ur-tantak. Askotan zirrostratuak jaisten direlako agertzen dira.
Familia: Hodei baxuak
Generoa: Kumuliformeak
Hodei txikiagoz osatutako mosaiko itxurako hodei geruza. Mosaikoa osatzen duen hodeietako bakoitza besoa luzatuta dugula 3 behatz baino handiagoa da, eta bata besteekiko oso itxura ezberdina izan dezake, baina beti izaten dute zona ilunagoren bat (alegia, gugandik nahiko gertu daudenez haien erliebea garbi ikus daiteke), eta haien azpiko aldeak nahikoa definituak dira (ez dute ertz zirpildurik). Oro har ur-tantaz osatuta daude eta haizearen turbulentziengatik eratzen ohi dira.
Familia: Hodei baxuak
Generoa: Kumuliformeak
Kumuluak kotoi itxurako hodei isolatuak dira. Oinarria laua dute, haien ertzak ondo definitutakoak dira eta, gehienetan, goiko aldean konkorrak garatzen dituzte, gorantz hazten ari diren seinale (konkor horiek azalore itxura ematen diete). Gehienetan ur-tantaz osatuta badaude ere, kumuluak gorantz hazten dira askotan, eta horrelakoetan goiko zatietan izotz-kristalak ere egon daitezke. Hodei hauek korronte termikoengatik eratzen dira, alegia, konbekzioagatik.
Familia: Hodei baxuak
Generoa: Estratiformeak
Estratuak lainoak dira, hodei geruza zabal eta grisak. Haien beheko aldea, ninbostratuetan ez bezala, nahikoa definituta egoten da eta eguzkiaren esfera ondo markatuta ikusten da hodei honetan zehar (halere, ez da beti eguzkia ikusten batzuetan oso lodia delako). Batzuetan antizikloiekin erlazionatuta sortzen dira (behelaino moduan), baina beste batzuetan fronteengatik eratzen dira.
Familia: Garapen bertikal handiko hodeiak
Generoa: Kumuliformeak
Kumuloninboak garapen bertikal izugarria duten hodeiak dira; izenak adierazten duen bezala, asko hazi diren kumuluak dira. Bada, hodei hauek egun sargorietan eratzen dira, bero itzela eta atmosfera ezegonkorra batzen direnean. Beroak kumulu itxurako hodei konbektiboak osatzen ditu. Eta atmosfera ezegonkorrak kumulu horiek hazten jarrai dezaten bermatzen du. Emaitza kotoi itxurako konkorrez beteriko hodei altua da. Kumuloninboen goi-ertza troposfera eta estratosfera arteko mugaraino iristen da. Bertako tenperatura baxuek ura izozten dute eta bertako haizeteek hodeia barreiatzen dute. Horregatik, kumuluek ez bezala, kumuloninboen goialdean zona leunak agertzen dira. Oso hodei altuak direnez bertan ur-tantak nahiz izotz kristalak (goiko aldean) daude. Maiz, txingorra ere gordetzen du hodei mota honek.
Familia: Garapen bertikal handiko hodeiak
Generoa: Estratiformeak
Ninbostratuak geruza itxurako hodei zabal, lodi eta ilunak dira. Oso hodei dentsoak direnez ez dute eguzkia ikusten uzten. Geruza hauen azpiko aldea irregularra da maiz zuntz itxurako hodei txikiagoak ikusten dira, hodei nagusitik erauzita bezala. Hodei hauek ur-tanta asko izaten dituzte, eta euria dakarte.
Hodeiek eguratsaren informazioa ematen digute (haizea, tenperatura, hezetasuna…), eta informazio horrekin eguraldia iragarri daiteke. Ordea, hodeiak ondo identifikatzen eta ondo interpretatzen jakin behar da. Bestela, iragarpenean hanka sartzea oso erraza da. Edonola, hodei-motak baino gehiago, zeruaren bilakaera izango da informazio gehien emango diguna.
Oso ohikoa da egun sargorietan hodei altuak ikustea. Eta, horregatik, zirru itxurako hodeiak eguraldi onarekin lotzen ohi ditugu. Ostera, zirruak batzen baldin badoaz eta azkenean zeru osoa (edo zati handi bat behintzat) hodei altuz betetzen baldin bada (zirrostratu motako hodeiaz, alegia) eguraldiaren aldaketa datorrela esan daiteke. Izan ere, zirruak zirrostrato bihurtzen dira aire-masa bero bat aire-masa hotz baten gainetik labaintzen denean (hots, fronte bero baten eraginez). Bilakaera horren jarraipenean altostratuak agertzen dira. Eta, azkenik, altostratu horiek jaitsi eta trinkotzen dira ninbostratuak sortuz.
Eguraldi ona dagoenean askotan ikus daitekeen beste hodei mota bat kumulua da. Izan ere, esan bezala kumuluak eguzkiak lurraren gainazala gogor berotzen duenean sortzen dira, aire-masek gora egitea eragiten duelako. Bada, eguratsa ezegonkor dagoenean eta eguzkiak benetan gogor jotzen duenean gora doazen aire-masa horiek gora egiten jarraitzen dute erraztasun handiz, eta orduantxe sortzen diren kumuluak izugarri hazten dira. Horrelakoetan, baliteke kumulua kumuloninbo bilakatzea, udako ekaitzetan gertatzen den bezala.
Azkenik, badaude euria iragartzen duten bi hodei mota. Lehenengoa hodei genero askotan agertzen den castellanus motako hodei espeziea da. Berau aire-masa bero bat aire-masa hotz baten azpian dagoenean agertzen ohi da. Orduantxe aire-masa beroak goian daukan aire-masa hotza berotzen du, eta konbekziozko hodeiak eratzen dira (beheko aire-geruzak lurraren gainazal bero batek bezala eragiten du). Hodei mota hauek euria oso fidagarritasun handiaz iragartzen dute. Euria iragartzen duen bigarren hodei mota altokumulua da. Beno, altokumulua agertzea baino gehiago, zeru zati handi bat altokumuluz estalita egotea (horrelakoetan zerua adreiluz estalita dagoela dirudi). Hodei horiek gehienetan labaintze prozesuek sortzen dituzte, hau da, fronteekin erlazionatuta dago. Beraz erdal atsotitz batek dioena imitatuz “adreiluzko ortzia, gutxi barru euria”.
Edonola, datorkigun eguraldiaz jabetzeko onena norberak hodeiak identifikatu eta horiek zer nolako bilakaera daukaten ikustea da. Horrela, norberak ikusi ahal izango du aurreko egunetan ikusitako hodeiek zer nolako eguraldia ekarri duten, eta behaketa horretatik ondorioak atera. Ariketa polita izan daiteke, eta nik hemen idatzitakoa ezeztatu, indartu edo informazioa gehitu diezaiokezue. Egiozue so zeruari!
Comments (4)
Eñaut Izagirre
Ikuspuntu geografikotik, pare bat gauzatxo soilik:
1) Ninboestratuak, garapen bertikaleko hodeiak baino, altuera ertain-baxuko hodeiak dira, ez dute zertan, garapen bertikal handia eduki behar. Hori bai, kumuloninboekin gertatzen den bezala, euri prezipitazioak eratzeko gaitasun handiena duten hodei-motak dira.
2) Kumuloninbo edo kumuluak aipatzean, interesgarria izango litzake forma berezi eta nahiko ez-ohikoak diren mammatus hodeiak ezagutzera ematea. Baldintza bereziak ematen direnean, izotz-kristaltxo horiek hodeiaren beheko geruzetara jaisten dira, baina ez dute prezipitatzeko beste pixurik, eta hortaz, eskegita gelditzen dira, hodeiari forma berezi bezain polita emanez.
Hori besterik ez, orokorrean primeran dago eta!
reply
Garikoitz Perurena
Eskerrik asko. Ninboestratuena ados, baina Haeckel-en irizpidea erabili dut (bere liburu batean garapen bertikaleko hodeiak kontsideratzen ditu, nahiz eta altueran ertainean edo baxuan egon, bi geruza betetzen dituztelako).
Mammatus hodeiak izugarriak dira bai. Halere, hodei genero bakoitzeko aldaerak ez ditut hemen sartu, hodeietarako sarreran uztea erabaki dut. Ea hemendik aurrera hodeiak sailkatzeko grina pizten zaigun!
Izan untsa!
reply
Antton Alberdi
reply
Garikoitz Perurena
reply