Argazkilaritza-asteburua Urbasan

Argazkilaritza-asteburua Urbasan

UEUko Natur Zientzien sailak antolatuta Urbasako mendigunean egingo dugu urriko azken asteburuan natura-argazkilaritza ardatz izango duen irteera. Udazkeneko kolore ederren laguntzaz argazkiak atera eta materialaz, teknikez, metodoez eta abar jarduteko aukera ezinhobea izango da honako hau, eta baita Euskal Herriko gainerako natura-argazkilaritza zaleak ezagutzea ere.

Asteburu osoko irteera Abartzuzan hasi eta Dorraon amaituko dugu, Nafarroan, hain zuzen. Dena den, Andoingo basoa (Araba) ezagutzeko parada ere izango dugu, eta baita Goñi eta Dorrao artean dagoen Andiako mendizerra ere. Larunbat gaua Goñiko Dorrekoa jauregi-udalekuan igaroko dugu, eta, bertan, egunean zehar ateratako argazkiak ikusi eta argazkilaritzaz jarduteko aukera izango dugu.

Horrenbestez Urbasa mendigunearen hegoaldea, iparraldea eta ekialdea ezagutzeko aukera izango dugu, eta baita udazkeneko koloreek lagunduta bertako edertasuna argazkietan islatzeko parada ere.

Egitaraua

Larunbata

10:00: Elkartzea Abartzuzako plaza nagusian
10:30: Irantzuko arroilara bisita
13:00: Abartzuzara buelta eta Andoinera bidaia (autoz)
14:00: Bazkaria Andoinen

15:00: Andoingo basora eta Tobariako ur-jauzietara bisita
18:00: Andoinera buelta eta Goñira bidaia (autoz)

20:00: Hitzaldiak eta mahaingurua Goñiko Dorrekoa jauregian
21:30: Afaria
22:30: Egunean zehar ateratako argazkien emanaldia eta tertulia

Igandea

08:00: Gosaria 
09:00: Goñitik Dorraorako mendi-ibilaldia (15 km oinez)
10:00: Goñitik Artetarako bidaia (autoz; oinez joango ez direnentzat)
10:30: Artetako ur-jauzira bisita (oinez joango ez direnentzat)
13:00: Artetara buelta eta Dorraora bidaia (autoz)

14:00: Bazkaria Dorraon
15:00: Egunean zehar ateratako argazkien emanaldia eta tertulia Etxarri-Aranatzen
18:00: Irteeraren amaiera

Kostua eta antolaketa

Irteeraren kostua 20 €-koa da UEUko bazkideentzat eta 25 €-koa bazkide ez direnentzat. Bertan sartuko dira larunbateko afaria, larunbateko gaua igarotzea eta igandeko gosaria. Norberak eraman beharko ditu, aldiz, bi egunetako bazkariak.

Ahalik eta auto gutxien erabiltzeko, izena ematen dutenak eskualdeka antolatuko dira, eta autoek egindako bidaia 0,29 €/km ordainduko da. Auto bakoitzean doazenak moldatu beharko dira bidaia ordaintzeko; hau da, kotxe-gastuak ez dira aurrez aipaturiko 20/25 euroetan sartuko.

Igandean bi aukera izango dira. Nahi duenak Goñitik Dorraora oinez joateko aukera izango du Andiako mendikatean barrena. Autoak eraman behar dituztenak (eta Artetara joatea nahiago izango lukeen edonork), aldiz, Artetako ur-jauziak ezagutzeko aukera izango dute.

Gomendioak

Reflex kamera digitala ekartzea gomendatzen da, argazkilaritza-teknikak lantzeko eta argazkiak ordenagailura pasata berehala pantaila handian ikusteko aukera ematen duelako. Kameraz gain, argazkiak ordenagailura pasatzeko kablea eramatea ere gomendatzen da.

Kamerarik gabe ere irteerara joateko aukera badago, norberak argazkiak atera gabe ere gainerakoengandik ikasteko aukera izango baitu.

Mapa

Ondorengo mapan irteerako gune interesgarrienak daude adierazita.

Izen-ematea

Izena emateko azpiko formularioa bete behar da urriaren 5a eta 24a bitartean. Izena eman aurretik 20 (UEUko bazkideek) edo 25 (ez bazkideek) euroko banku-transferentzia egin behar da azpian adierazitako kontu korrontera, eta agiria formularioan atxiki. Diru-sarrera egiteko arazorik izango bazenute adierazi formularioko oharrak atalean edo idatzi euskalnatura@gmail.com helbidera.

Kontu korrontea: 2101 0040 63 0012591533 (Kutxabank)
  • Hartzailea: Ibon Aristi
  • Gaia: Urbasa - norbere izen-abizenak

Izen-emate formularioa

Partehartzaile kopuruaren muga bete da. Dena den, interesatuta egonez gero euskalnatura@gmail.com helbidera idaz dezakezue (ez egin transferentziarik) eta inork atzera eginez gero harremanetan jarriko gara zuekin. 

Leave a comment

You are commenting as guest.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...