Kronika
Argazkilaritza-asteburua Urbasan
2012ko urriak 27-28

Bakedanon (Nafarroa) genuen hitzordua larunbatean goizeko hamarretan. Egun tristea, grisa, hotza eta haizetsua, baina asteburu eder bat pasatzeko asmoz bildu ginen 25 lagun Urbasa hegoaldean, paraje ezinhobean, dagoen herri txiki honetan. 

Urederraren iturburua

Asteburuko lehenengo bisita Urederra ibaiaren iturburu famatu eta ederrera izan zen. Bakedanoko frontoian azalpenak jaso eta iturbururantz abiatu ginen hogeitabost lagunok. Behin errekaren bazterrera iristean argazkilaritza-digitalaren inguruko lehen azalpenak jaso genituen (RAW formatua, esposizio-balioa eta hura baldintzatzen duten faktoreak...). Poliki-poliki Urederra ibaiaren txoko politenetan gelditu eta kamerarekin esperimentatzeari ekin genion. Diafragma ireki, itxi, sentsibilitatea igo, jaitsi...

Goiza horrelaxe joan zitzaigun, kameraren botoi guztiak ikutzen, eta ingurune paregabean argazkiak lagunartean ateratzen. Ibaia, gainera, oso hazita zetorren eta ezohiko Urederra bat ezagutzeko aukera izan genuen. Lau ordu pasa egin genituen bertan. Bazkaldu, berriz, bakedanoko frontoian egin genuen.

Pilatosen balkoia

Goizean ingurune itxi batean argazkiak ateratzen ibili ostean, Pilatosen balkoia igo ginen, Urederraren iturburuaren gainera, hain zuzen. Bertatik Urbasa hegoaldeko amildegi eta kolore bizidun basoak erretratatzeko aukera izan genuen. Dena den, ez genuen denbora askorik igaro bertan. Autoko termometroak 2 ºC markatzen zituen, eta haizea kontutan hartuta sentsazio termikoa nabarmen zen 0 ºC baino baxuagoa.

Tobariako ur-jauziak

Urbasa autoz igaro eta Andoin herriaren gainean dauden Tobariako ur-jauzietan egin genuen hurrengo geldialdia. Urederran gertatu bezalaxe, kaltzio karbonatoaren prezipitazioaren eraginez sortutako toba kalkareoek Tobaria erreka putzu eta ur-jauzi ugaridun ingurune zoragarria bihurtu dute. Euripean eta dezenteko hotzarekin egin genuen Andoindik ur-jauzietarako bidea, ederki lokazturiko bidean gora.

Ur-jauziei hainbat argazki atera genizkien, eta baita gu geu ur-jauziaren ia erdi-erdian jarri eta gure buruari argazkia atera ere!

Goñiko Dorrekoan hitzaldiak, afaria eta gaubela

Goñiko Dorrekoa etxea udan udaleku gisa erabiltzen den eraikin paregabea da. Etxea kudeatzen duen talde eragileari egin genion etxea uzteko eskaera, eta zorionez Andia mendizerraren magalean kokaturiko etxe dotore horretan hitzaldiak eman, afaldu, tertulian aritu eta lo egiteko aukera izan genuen.

Iluntzeko zazpirak pasata iritsi ginen Goñira. Blai. Dutxatu eta hiruzpalau lagunek afaria prestatzen zuten bitartean, gainerakoak Antton Alberdiren eta Danel Solabarrietaren azalpenak entzun genituen adi-adi. Anttonek egunean zehar landutako argazkilaritza digitalaren oinarriak errepasatu zituen eta Danelek Adobe Lightroom softwarean argazkien antolaketarako eta ediziorako aukerak azaldu zituen.

Afari eder baten ostean jolasean eta tertulian goizeko ordu txikietara arte izan ginen Goñiko jangela dotorean. Batzuk beste batzuk baino hobeto -izan zen gaixki gaixki gaixki erretiratu zenik ere...-, goizaldeko bostetarako lo-edo ginen denok.

Andiako pagadia

Goiza sorpresa eder batekin hasi genuen. Leihotik kanpora begiratu eta Goñi eta inguruak zuri-zuri aurkitu genituen. Elurra ari zuen. Batzuei besteei baino gehiago kosta zitzaien jaikitzea, baina gosaldu ostean, goizeko hamarrak jo aurretik mendian gora abiatuak ginen naturaz eta argazkilaritzaz gozatzen jarraitzera.

Lehenengo geldialdia basoan sartu aurretik egin genuen, eta hein dinamikoaz aritu ginen bertan, esposizio-balio ezberdinekin eta "bracketing" teknika erabiliz argazkiak ateratzen. Ondoren, mendian gora egin eta pagadi elurtuan barrena sartu ginen Andiako goi-lautadara bidean. Pagadian animalia, landare eta onddo ugari erretratatzeko aukera izan genuen, eta baita taldeko argazkia ateratzeko denbora hartu ere!

Hiru ordu eta erdiko buelta egin ostean, Goñira jaitsi, aldatu eta Etxarri-Aranatzera abiatu ginen, bertako udalak kultur etxeko gela utzi baizigun argazkilaritza digitalaren inguruko kontuak ikasten jarraitzeko.

Etxarriko kultur etxean amaiera

Etxarriko frontoian bazkaldu genuen. Kanpoan 5 ºC baino gutxiago, eta frontoian zeuden 7 graduak bero iruditu zitzaion bati baino gehiagori. Kronika hau idatzi duena erdi hipotermiko zegoela aipatu beharra dago... Tabernan kafe bero bat hartu eta irteerako azken faseari egin genion.

Etxarriko kultur etxean HDR-az eta Adobe Photoshop programa erabiliz egin daitezkeen milaka gauzen inguruan jardun genuen. Azkenik, asteburuan ateratako argazkirik onenen bilduma egin eta diapositiba-emanaldia egin genuen guztion gozamenerako.

Arratsaldeko seiak pasata eman genion bukaera argazkilaritza-asteburu ederrari. Nekatuta baina pozik itzuli ginen guztiok norbere etxera, hurrengo irteeraren zain.

Maialenek Tobariatik jaisten (zaparrada handi baten azpian, mela-mela eginda) esan zuen bezala... "Bueno, eguraldiak aguantatu digu behintzat!". Ez zen hala izan (gainerako 24 kideok bat etorri ginen horretan), baina asteburu ederra pasa genuen lagun artean.

Irteerako argazkiak

Comments (6)

  • Maialen Sistiaga

    Maialen Sistiaga

    30 October 2012 at 10:31 |
    Oso kronika polita! Ia izan genuen giroa bezain polita ;)

    reply

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    30 October 2012 at 10:52 |
    Giroa = eguraldia-ez ez zera ariko, ezta? Egia da larunbateko eguraldi exkaxik gabe igandeko elurterik ez genuela izango. Beraz, merezi izan zuelakoan nago.

    reply

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    30 October 2012 at 17:01 |
    Eguraldia aparta!
    Noiz ikusiko ditugu berriz horrelako Urederra edo Andia inguruak? Elurrarekin umeen antzera ibili ginen jeje! Horrez gain aipatzekoa da izandako talde-giro bikaina eta batzuen lo gogo apurra!
    Hurrenguan zain...

    reply

  • Danel Solabarrieta

    Danel Solabarrieta

    30 October 2012 at 20:28 |
    Bai ba! oso kronika polita!

    Egia esan behar badut, orain Tobariara ez joateaz arrepentitzen hasita nago... urjausiaren argazkia superguai da :-P

    Ea laster ikusten garen ba, ni ere hurrengoaren zain geratzen naiz.
    Danel

    reply

  • Ander Izagirre

    Ander Izagirre

    30 October 2012 at 22:49 |
    Iep!
    Egualdixa onena izan ez bazan ere, imajinatzen dot zelan pasauko zenduten! Kronikako argazkixak ikustian kriston inbidixia sartu jata. Ia hurrengo baten ere berriz antolatzen dozuen, hontan jun ezin izan geranentzako, jeje. Ondo segi!!

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    31 October 2012 at 15:19 |
    Inbidia pixkat ere ematen du. Argazkiak politak benetan. Ea hurrengoan...

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...