Aurten ere, urteroko legez, Euskal Herriko bazterrak ezagutzera atera ginen EuskalNaturaren eskutik. Bost eguneko zeharkaldian, Arantzazutik Guardiarainoko bidea egin genuen, baso hostogalkorreko paisaia berdeetatik Arabar Errioxako sastrakadi eta mahastietara. Arabako lurrak izan ziren protagonista ibilbidean eta etapa bakoitzean aditu baten konpainia izan genuen gai bat lantzeko. Eguraldia lagun eta giro bikainean, nahi baino azkarrago iritsi zitzaigun itzultzeko eguna.
EHUren Leioako Campusean elkartu ginen; goizeko bederatzietan genuen autobusa Arantzazura joateko. Gora-beheratxo batzuk gaindituta, hamaikak aldera ekin genion bideari. Lehenengo eguna eta zangoak fresko, martxa ederrean iritsi ginen Urbiako larreetaraino.
Martin Arriolabengoa, EHUko geologoa, izan zen lehenengo eguneko aditua. Formazio karstikoen orokortasunez, Euskal Herriko adibide konkretuez eta jendearen galderak medio, askotariko gaiez hitz egin zigun; arbeltxo eta guzti, azalpen eta irudiak erabiliz, asetu zituen taldekideon jakinminak.
Hasierako maldak gaindituta eta azalpenak ibilaldian tartekatuz, arina egin zitzaigun San Adriango leporainoko bidea. San Adriandik gora doan galtzada erromatarrean bazkaltzeko tartea hartu genuen eta, apur bat berandu genbiltzanez, Aratz inguratzea erabaki genuen gora igo gabe.
Aratzen hego-mendebaldetik igaro eta arabar lautada aurrez aurre genuela, pinudietako pistetan barrena joan ginen altuera galduz. GPSaren eta PR eta GRen marka zuri-gorri eta zuri-horien laguntzaz, lortu genuen zuzen xamar Eginora iristea.
Eginoko otoitz-etxean zain genituen edari eta mokaduak, egunaren azken argiez patxada ederrean gozatzeko. Afari-legea egin eta afalondoa gehiegi luzatu gabe hamabiak aldera erretiratu ginen, hurrengo goizean berriz ere bideari ekiteko.
Egun fresko eta ederrarekin batera esnatu ginen denok, Urbasa zeharkatzeko irrikitan. Eulatetik Andoinerako bidea kotxez egin bagenuen ere berehala eduki genuen zangoak berotzeko aukera, Andoindikan gora Legaireko zelaietara iristeko altura irabazten genuen bitartean tenperaturak ere gora egin baitzuen.
Legaireko zelaietan Neolitoko artzain euskaldunek eraikitako egituren aztarnak ikusteko aukera izan genuen, eta beraien esanahia erabat ulertu ez arren, ikusgarriak iruditu zitzaizkigun bai tumulua eta baita Mendiluzeko mairubaratza ere.
Legaireko errekastoa basoan barrena jarraitu genuen Igorotaraino, pagadiak eskainitako itzalaz gozatuz. Igoritatik Itaidara iritsi eta pagope batean bazkari azkarra egin ostean Joxean Mujika, EHUko Arkeologia irakaslearekin elkartu ginen, Euskal Herriko historiaurreari buruz zertxobait gehiago ikasteko gogotsu.
Itaidako zutarri eta trikuharriaren eta Urkibiko tumuluaren ondoan entzun genituen bere azalpenak, eta aukeran eguzkiak gogorregi jotzen zuen arren, oso interesgarria iruditu zitzaigun Joxeanek kontatutakoa.
Arratsalderako iragarrita zegoen ekaitza gerturatzen ari zitzaigula ikusirik, Eulatera beharrean gertuago geneukan Larraonara jeistea erabaki genuen, bai GPSak eta baita mapak ere garbi adierazten zuten bidezidor bat hartuta. Behin basoan, konturatu ginen bidezidorra seguruenik gu jaio aurretik desagertu zela; hala ere, giro alaiean zeharkatu genuen sastrakadia eta konturatu orduko Larraonako latsarriko ur freskotan genituen oinak beratzen.
EuskalNaturako irteeretan gertatu ohi denaren kontrara, Eulateko aterpetxean kokatu ondoren iritxi zen ekaitza. Hala ere, Xabino txakurra alboan genuela herria ezagutzeko aukera eduki genuen arratsaldean. Gauean irteeretako jolas klasiko baten bariantea ezagutu ahal izan genuen, eta izan otso ala Kamomila, goizago ala beranduago, azkenerako guztiok joan ginen ohera.
Gau euritsuaren ondoren goiz argitsuan atera ginen Eulatetik Lokiz mendizerrarantz. Bidean erreka mediterraneoen ezaugarri batzuk ezagutu ahal izan genituen Ibon Aristik eskeinitako azalpenei esker.
Ezpelaren kontra borroka egin ostean iritsi ginen Lokiz mendizerraren gainera eta Lana bailararen ikuspegi ederra agertu zitzaigun parean, amildegiaren azpian.
Pagadian bazkaldu eta alde bietara pareta altuek babesten duten Arnabako labarretatik jeitsi ginen Gasteainerantz.
Gure txoferrak zain genituen bertan eta batzuk Bernedora iritsi bitartean zain gelditutakoek eliza-atariko itzalean deskantsua hartu zuten.
Afalondoan Antton Alberdi, saguzarretan aditua, entzuteko aukera izan genuen, eta erreka bazterrean saguzar asko ikusi ez bagenuen ere, detektore berezien bidez entzun behintzat egin genituen!
Erlaxatzeko eguna izan zela esan daiteke laugarrena. Goizean esnatu eta gosaldu ahala, kotxeen joan-etorri batzuetan Quintanara joan ginen guztiok. Bertan, Azaitz Unanue ornitologoa genuen Izkiko Parke Naturaleko Life proiektu baten berri emateko.
Kotxeak bertan utzita, Life Proiektuari eta eguneko protagonistari, okil ertainari buruzko azalpen batzuk entzun eta txangoari ekin genion. Asaitz lanean aritu den hainbat partzela bisitatu genituen, eta hauetako batean, okil ertainaren hainbat ale ikusteko aukera izan genuen.
Izkiko bueltatxoa bukatu ostean, bazkaritara Korresera joan ginen, berriz ere kotxeetan. Bertan, bi plan izan genituen aukeran: Izkiko Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa bisitatzea eta Korresen inguruko txango bat egitea. Aurreko egunetako hanketako babak desohitzearen beldurrez edo, batzuek txangoa egitea hautatu genuen, eta zortzi bat kilometroko bueltatxoa egin genuen Soila mendiaren hego magaletik barrena eta Izki ibaiak landutako arroilatik gora.
Arratsalde erdialderako Bernedoko aterpetxean ginen, zerbezatxo batzuen laguntzaz “Bolo txapelketa” bat inprobisatuz. Gaua ere, jendearen energia amaiezinaren ondorioz, han hemenka jolasean ibiltzeko aprobetxatu genuen.
Azken eguna. Paisaia atlantikotik mediterranearrerako azken saltoa. Bernedotik abiatu ginen Guardiaraino.
Kantabriako mendilerroa igotzeari ekin genion ipar-magaletako basoetatik. Iñaki Odriozola, EHUko biologoa genuen eguneko aditua. Pagadiak lanbrotan igo genituen, eta mendilerroaren hegira iritsi ahala, Iñakik azaldutako klimaren eta landarediaren aldaketak ondo baino hobeto ulertu genituen, bertan izagurrazko eguzkia izan baikenuen.
Mendilerroa bere lerrorik estuenetik zeharkatu ostean, Larrasa eta Palomares gainen arteko lepotik igaro ginen, eta ibilaldiaren azken kilometroak egin genituen.
Biasterira uste baino berandutxoago iritsi ginen. Bertan, bost eguneko neke eta minak erantzi, hankak freskatu eta merezitako otartekoa bazkaldu genuen, Biasteri bisitatzera joan ziren turista argazkilarien objektibopean.
Azkenean, autobusa hartu eta siesta gozoan, ohartu ginerako Bilboko Termibusen ginen bueltan.
Hurrengo urtekoaren esperoan, beste behin ere ... Bejondeigula!