EuskalNatura duela bost urte hasi zen sareaz haratago egitasmoak garatzen, Euskal Herriko natura gizarteratzeko eta naturarekin zerikusia zuten unibertsitateko ikasleei mendi-ingurunearekin harremana estutzeko asmoarekin. Erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta abar antolatu ditu taldeak azken bost urteetan, eta baita hainbat eguneko hiru mendi-irteera ere. Lehenengoa, duela lau urte, Orreagatik Izabara bitartean egin genuen lau egunetan. Beste lau egun behar izan genituen Valderejotik Subillanarako bidea osatzeko bi urte beranduago, eta aurten Nafarroako Pirinioetan ezagutzeke gelditzen zen ibilbidea egiteko aukera izan dugu bost egunean zehar.
EHUren Leioako Campusean hasi genuen eguna; goizeko zortzietan genuen zita bertan. Bertatik Aritxulegirako bidea egin genuen autobusez eta goizeko hamaikak baino apur bat lehenago ekin genion oinezko bideari. Mendebaldera Gipuzkoa eta ekialdera Nafarroa utzita, bi probintziak banatzen dituen mendilerroari jarraitu genion Aritxulangainara iritsi arte. Bertatik ekialderako bidea hartu genuen, Bianditzetik barrena, Bidango bidegurutzera iritsi arte.
Bertan genuen irteerako lehenengo hitzordua goizeko 12:30etan Artikutzako parkeko bi gidarekin eta basozain batekin. Bidangotik Artikutzako herrira bitarteko pagadian zeharreko bidea egin genuen beraiekin eta Artikutzako parkearen historia, haren kudeaketa eta bertako berezitasunei buruzko informazioa azaldu ziguten. Besteak beste, ikazkintzaz, egur hilaren garrantziaz eta egurraren degradazioaz aritu ginen.
Artikutzan erreka bazterreko parkean bazkaldu eta makinako kafe beroa hartu ostean Izurako malda gogorrei egin genien aurre. Izerdi tanta bat baino gehiago laga genuen bidean, baina arratsaldeko bostak inguruan iritsi ginen Izuko gainera. Bertatik, ipar-mendebaldera begiratuta egunean zehar egindako ibilbide ia guztiaren ikuspegi ederra, eta ekialdera bista altxaz gero, berriz, Adi mendia parean; baina urrun, lau egun urrun.
Haizeak Izu gainean deskantsatzea eragotzi zigun, eta bertatik Arantzarako jaitsiera malkarrari ekin genion segituan. Hasieran biderik ez, ondoren mendi-bidea, eta azkenean, porlanezko pista. Gogorra egin zitzaien gure oinei azken kilometroak porlana zapaltzen jaistea, eta hori bezain gogorra gure iztarrei, erreka zulotik Arantzarako ehun metroko desnibela gainditzea. Izuko 500 metroak baino gogorrago ia.
Aterpetxea genuen zain Arantzan, eta zerbeza “fresko” batzuekin egin genion ongi-etorria geure buruei. Dutxa ederra hartu, eta tenperatura epelak aprobetxatuz kanpoan lasai egoteko aukera izan genuen afalordura arte. Afaltzeko fideoak (asko, gehiegi?) zopa apur batekin, eta saltxitxak piperrekin tomatetan. Kutixia. Afalostean gaubelatxoa eta ordubata ingururako denok ohera, iratzargailua goizeko 7:15ean baitzegoen jarrita.
Ederki gosaldu ostean, aurreko eguna baino ordubete lehenago ekin genion ibilbideko egunik luzeenari. 28 km aurretik, bi mendate gainditu behar izan genituen bigarren egunean. Arantzatik goizeko bederatziak pasata atera ginen, eta Apaolaranzko gorako bideari ekin genion.
Ordubetea bete aurretik ginen lepoan, eta sorpresa berezi bat izan genuen bertan. Asmoa otadian barrena mendi-magala gurutzatzen Espelosinera jaitsiko gintuen pista hartzea zen, baina gure harridurarako suhiltzaileekin eta mendiko teknikariekin topatu ginen. Gu pasa behar ginen otadiari su eman behar ziotela esan ziguten, eta Apaola mendiaren beste magalaren atzetik bidali gintuzten. Hasiera batean aurreikusitakoa baino 40 minutu gehiago iraun genuen pistara iristen, baina Euskal Herriko mendietan nahiko sarri egiten den jarduera bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen. Oraindik erre gabe zuten otadiaren ertzetik igaro eta mendiko pista hartuta Espelosineraino jaitsi ginen.
Espelosinen hamaiketakoa egin ostean, Bidasoa ibaia zeharkatu eta Iruribietako bailaran barrena sartu ginen, Bertizekin muga egiten duen Ezkingo lepora bidean. Porlanezko bidean lehenik, eta harri txintxarrezko pistan ondoren, poliki-poliki ibaiaren ertzetik altuera irabaziz egin genuen aurrera. Bailara ikusgarria da Iruribietakoa, ibai bazterrean harizti mistoa duena eta mendi-magaletan pagadi zabalak. Tartean-tartean badira pinu-landaketak ere. Bailaran apurka goraka gindoazela zerua belzten ari zela ikusi genuen. Bagenekien arratsalderako euri-zaparradak iragarrita zeudela, baina lehor mantentzeko esperantzarekin egin genuen gora.
Ezkinera iristeko presaz ginen arren, zerua guztiz belztu zenean bazkaltzeko gelditzea erabaki genuen, guztiz blai egin aurretik. Esan eta egin. Gelditu, janaria motxilatik atera, eta zaparrada. Zaparrada handia. Bazkaltzen amaitzeko denborarik gabe, trastoak jaso, txamarrak, zirak eta fundak jantzi eta gora berriz ere. Ordu erdi inguruko bidea genuen bazkaldu genuen lekutik leporaino, eta euripean egin genuen bide guztia.
Euripean zain genuen Ezkingo gainean Mikel Mugiro basozaina ere. Ordu erdi pasako atzerapenarekin iritsi ginen berarekin genuen hitz ordura, baina irribarre zabal batekin hartu gintuen. Pena pixka bat ere eman geniola pentsatzen dugu, guztiok blai eginda baikeunden. Hala ere, oso gustora jaso genituen bere azalpenak. Bertizko Jaurerriko Parke Naturalaren inguruko azalpenak eman zizkigun lehenik, eta ondoren, Bertizko animalia ikoniko nagusien inguruko informazio xehetua eskaini zigun. Parkean bizi diren sei okil espezieen berri eman zigun, eurek sortutako arrastoak azaldu zizkigun, eta baita kantuen bitartez ezagutzeko irizpideak eman ere. Berarekin egin genuen Ezkingo lepotik Oronozerainoko tartea, Aizkolegiko bidean zehar. Hainbat puntutan gelditu ginen, eta okilak ikusi eta entzuteko parada izan genuen. Arratsaldeko seiak inguruan iritsi ginen Bertizko aparkalekura, eta aterpetxea Elizondon hartuta genuenez, autoz mugitu ginen Oronoztik Elizondoraino.
Behin aterpetxean, GPS-aren erabilerari buruzko hainbat azalpen jaso genituen, afaldu aurretik. Afaltzeko, berriz, makarroi pertzakada tomatea eta txorizoarekin; eta ondoren, karaokea! Goizeko ordubietarako, gehienok, ohera.
Irteerako ibilbiderik motzena genuen aurrean, eta lasai xamar hasi genuen goiza. Beti bezala ederki gosaldu eta bederatzi t’erdiak pasata irten ginen Elizondotik. Eguraldi eguzkitsu eta freskoak lagunduta apurka-apurka Argibel aldera hartu genuen GR-11 bideko markei jarraituz. Baserri-ingurune lasaian zehar egin genituen lehen kilometroak, eta aurreko egunetan botatako elur eta eurien eraginez erreka bat baino gehiago topatu genuen gure bidean behera.
Bidearen erdialdean edo, Haritzek irteerako azaña egin zuen orein-adar parea aurkituta. Ez zitzaion aurkikuntza doan atera, ordea. Hesiaren gainetik jauzi egitean txarratxa iztarrean katiatu eta sekulako zauria egin baitzuen. Gizona pozik, ordea, bere trofeoarekin. Bost kilo gehiago motxilarako, baina zenbatu ezin den poztasuna barrura.
Argibelera iritsi baino ordu erdi bat lehenago-edo egin genuen hamaiketakoa, eta leku hartatik ibilbidea zeinen urrun hasi genuen konturatzeko parada izan genuen. Izan ere, Aiako Harria genuen parean; parean bai, baina urruti, oso urruti. Satisfakzio konpletoa.
Egun hasierako oskarbia desagertzen joan zen apurka, eta eguraldia lainotu egin zen guztiz. Iparraldera begiratuta, Auza eta Iparla ingurura, zerua beltz-beltz ikusten zen, eta gure gainean tanta bat edo beste ere erori zen. Tanta horiek eraginda-edo bi lagunek ezagutu zuten Argibelgo belardiaren hezea, txirrist egin eta erorita.
Eguraldia okerrera zihoala ikusita aurrera egitea erabaki genuen behin Argibelera iritsita, eta Alduderanzko bideari ekin genion, mendi-larreetan aurrena, eta asfaltozko bidean ondoren. Ordu eta erdi inguru behar izan genuen Aldudeko eliza parera iristeko. Eguerdiko ordubiak eta erdietan izan zen hori, eta bertan egin genuen bazkaria. Gure zoriontasunerako, gainera, eguzki apur bat atera zen orduan, eta siestatxoa egiteko aukera izan genuen.
Alduden Erreka Gorri aterpetxean hartu genuen ostatu. Aterpetxe guztia guretzat, deskantsatzeko denbora nahikoa eta sobera izan genuen bertan. Arratsaldeko zazpietan saguzarrekin genuen zita, eta bertan izan ginen iluntzeko bederatzirak arte Anttonek, Lidek eta Ostaizkak emandako azalpenak entzuten. Ondoren afaria, 21 “fabada asturiana” lata denera; eta, nola ez, dena bukatu.
Afalostean, berriz, ultrasoinu-detektoreak hartu eta Aldudeko ibai-ertzera gerturatu ginen saguzarrak entzuteko asmoarekin. Suerte bikaina izan genuen, gainera, ibai-saguzar (Myotis daubentonii) bat gure aurrean ehizan ibili baizen han egon ginen denbora guztian. Entzun bakarrik ez, ehizan ikusi ere egin ahal izan genuen. Ondoren, errepide bazterrera hurbildu eta faroletan intsektuak ehizatzen ari ziren saguzarrak entzun eta ikusi genituen. Amaitzeko, berriz, gaueroko gaubela, eta txintxo-txintxo, ordubiak aurretik ohera.
Aurreko egunean egindakoaren kontrara, Baxenafarroatik Nafarroa Garairako jauzia egin genuen egun honetan. Aldudetik Urepelerako errepidean egin genituen lehen kilometorak, lehen eguzki-izpiekin batera. Urepele igarotzean, berriz, errepidea utzi eta mendi-bideari ekin genion Lindutsera bidean. Bidean baserritar batekin egin genuen topo, eta goialdean zegoen haizearen berri eman zigun; eta baita asmatu ere!
Ordubete inguruko igoeraren ostean, Harriondoko kaskoaren ondoan egin genuen etena, zelai batean, eguzkitan. Baserritarrak adierazitako haize zakarra nabaritzen hasi ginen gune horretan, eta hamaiketakoaren ostean etorri zen sustoa. Ibilbideari berrekin eta gutxira haizeak gure ondoko zuhaitz erraldoi bat lurrera bota baitzuen. Ahal bezain laster basotik irten, eta hasieran pentsatutako ibilbidean aldaketatxo bat egin genuen, haize bortitzarengandik babesteko asmoz. Mendi-bidetik joan beharrean Urepeletik Lindutsera doan bide asfaltatua hartu genuen, mendi-magalak babestuta.
Ordu erdi inguruan iritsi ginen Lindutsera, eta, nola ez, haizeak ez zigun bertan denbora asko egoten utzi. Lehenbaitlehen beheranzko bidea hartu eta Orreaga eta Urepel bitarteko galtzada zaharrean behera joan ginen. Ipar-mendebaldeko haize gogorretik babesturik, pagadiaren erdiko soilgune batean bazkaltzea erabaki genuen. Bazkaldu eta siesta. Paradisua!
Bazkaldu eta kuluxka bat egin sotean Auritzerako bideari berrekin genion. Aldapa apur bat gehiago jeitsi ostean segituan iritsi ginen bailara-hondora, eta ordekan egin genituen hurrengo kilometroak. Elur urtu-berriaren eraginez heze-heze zegoen ingurune guztiak, eta putzuetan urteko lehen igel eta uhandreak ikusteko aukera izan genuen. Erreka zeharkatzeko zailtasunen bat edo beste ere aurkitu genuen, baina guztiok zein oreka ona dugun demostratzeko aukera izan genuen.
Eguneko zatirik gogorrena Auritzetik Urrobi kanpingerako hiru kilometroko tartea izan zen, ziurrenik. Asfaltozko errepide ertzetik hiru kilometroko zuzengunea luze egiten da, eta hala egin zitzaion bat baino gehiagori. Dena den, osorik eta pozik iritsi ginen guztiok. Ibilbidea zerbeza batekin amaitzea bezalakorik ez dago, gainera.
Arratsaldeko sei t'erdietan Iker Elosegiran bisita izan genuen. Laborantza Ganbarako kideak Euskal Herriko Paisaiaren eta haren eraldaketaren inguruko hitzaldia eman zigun hasteko, eta ondoren, sai arreari buruz jardun zen. Taldeak arretaz entzun zituen bere azalpenak, eta solasaldirako bidea ere eman zuen hitzaldiak.
Trasto guztiak utzi, dutxatu eta ibai-ertzeko belardian prestatu genuen afaria. Makarroiak tomatearekin eta txorizoarekin berriz ere, baina Elizondokoak bezain onak edo hobeak zeuden, ziur! Ilunpean tertulian aritu ostean, tabernako terrazara erretiratu ginen, eta bertan izan ginen kalakan, gauero legez, goizeko ordubiak ingurura arte.
Azken eguna eguraldi zoragarriarekin hasi genuen. Ohi baino beranduago gosaldu genuen, kanpingeko taberna ez zutelako goizeko 8:45 baino lehenago irekitzen. Dena den, gosaldu aurretik guztia antolatuta, egunero antzera, goizeko 9:30ak inguruan ekin genion ibilbideari.
Urrobiko kanpingetik Txarperrorako bidea hartu genuen, apurka-apurka altuera irabaziz. Pare bat ordu egin genituen pagadi eta belardietan barrena, eta eguerdia aurretik iritsi ginen Txasperroko lepora. Bertan, Garikoitz Perurenak, paisaiaren eta naturguneen kudeaketari buruzko hizketaldia eman zigun, eta gai horien inguruan eztabaidatzeko aukera izan genuen eguzki-bero goxoan.
Bertatik Sorogainera jaitsi ginen GR11 bidearen markak jarraituz. Sorogainen GPSak beharrik gabeko abenturatxoa pasarazi zigun, bidea erreka bazterrekin zihoan arren, guk erreka bi aldiz gurutzatu behar izan baikenuen botak eta galtzerdiak eskuan hartuta. Horrenbeste aldiz botak kendu eta jarri, bazkalordua gainera etorri zitzaigun, eta Sorogainetik Adira doan bide zoragarria hasi aurreko bailara sarrerako belardian bazkaldu genuen.
Bazkaldu ostean berriz ere botak kentzea tokatu zitzaigun, erreka hazi-xamar baitzetorren eta ezin zelako harrien gainetik jauzika igaro. Beraz, berriz ere oinustu, eta ur izoztua zeharkatzea besterik ez genuen izan. Ondoren ibilbideko txokorik ederrenean sartu ginen. Sorogainetik Aratungo lepora doan bidea Euskal Herrian topa daitekeen txokorik ederrenetariko bat da. Odia errekaren bazterretik, ezpelez atondutako harkaitzen azpian eta pagadiaren babesean apurka-apurka altuera irabazten du guztiz enkajonatutako bailaratxoak. Ondoren, erreka ezkerraldean utzi eta pagadian barrena igarotzen da bide malkartsua sigi-sagak egiten Adiko leporaino iritsi arte. Aldapa gogorra izan arren jendeak erraz eutsi zion erritmoari, eta amaiera aldera eraso bat baino gehiago egon zen, indarrak soberan, antza!
Aratungo lepoko eguraldi bikaina aprobetxatuta taldeko argazkia egin genuen bertan, azkenean! Bost egun behar izan genituen ondo formatutako taldeko argazki bat egiteko… Bertatik, Adiren iparraldeko malda zeharkatuz, mendebaldeko leporantza hartu genuen, eta aurreko igoera pikoak gure eztarriak lehor xamar utzi zituela-eta lurpetik ateratzen zen errekasto batean gelditu ginen ura edan eta jasotzera. Zilbetiko lagunak zain geneuzkala eta abiadura azkartu genuen momentu horretatik aurrera, eta Zilbetiranzko pista hartu genuen. Bidea uste baino luzexeagoa egin zitzaigun, tartean espero ez genuen goranzko bidea ere topatu genuelako, ziurrenik. Hala, ia hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin iritsi ginen Gernika koadroaren erreplika marraztuta dagoen lekura, proiektatutako Zilbetiko harrobiaren ezker-goialdeko erpinera, alegia.
Han Zilbetiko herritarrak aurkitu genituen, eta margolanaren inguruan pankartak, banderak eta bestelako erreibindikazio-ikurrak. Harrobiaren kontrako plataformako kideek proiektuaren eta euren asmoen berri eman ziguten, eta ez genuen aukera galdu taldeko argazki bat ateratzeko “Gernika”-ren parean; argazkia atera zigun emakumea oso argazkilari ona ez zen arren… Herritarrek “Zaindu ezazu pago bat” egitasmoan parte hartzera animatu gintuzten, eta gutako hainbatek egin genuen geure ekarpena Zilbetiko harrobiaren kontrako plataformaren alde, baita EuskalNatura elkarteak berak ere.
Bertatik hogei minutuko bidea besterik ez zitzaigun gelditzen Zilbeti herriraino. Lasai-lasai oinez egin genituen azken kilometroak, eta herrira iristean, sorpresa! Herritarrek askaria prestatua ziguten! Erroskilak, hestebeteak, zerbeza… Bikaina!
Ordu erdi ingurura iritsi zen autobusa Zilbetiko sarrerara, eta arratsaldeko zortziak inguruan ekin genion bueltako bideari. Bost egun zoragarri igaro ostean hurrengoa noiz egingo zain. Hankak zisko eginda, baina irribarreak aurpegian. Bejondeigula!
Comments (3)
Ostaizka Aizpurua
reply
Maialen Sistiaga
reply
Ander Izagirre
reply