Ira-belar urdina
Aconitum variegatum ssp. pyrenaicum

Ira-belar urdina euskal endemismoa dela esan genezake, soilik mendebaldeko Piriniotan eta euskal mendietan azaltzen baita. Oso lore politak ditu baina ez da ikusteko espezie erraza, soilik altitude handiko guneetan hazten baita. Gainera, "Kaltebera" eta "Sentikorra" kategoriatan sailkatuta dago EAEko eta Nafarroako Zerrenda Gorrietan.

Aconitum variegatum ssp. pyrenaicum

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ranunculidae
Ordena
Ranunculales
Familia
Ranunculaceae
Deskribatzailea
Vivant & Delay, 1981
Estatusa

Morfologia

Landare iraunkor belarkara dugu, lurpeko tuberkulu biribilduekin eta errizoma lodiekin. Metro baterainoko zurtoin tenteak ditu, sinpleak edo adarkatuak.

Hostoak

Hostoak, txandakatuak eta palmatisektuak. 5-7 lobulu erronboide dituzte, nerbio nabari askorekin eta erretikulatuak.

Loreak

Loreak urdin-morexkak dira, panikulak osatzen dituzten luku-erakoak. Lore askeak izaten dira, iletsuak eta guruintsuak. Lore zigomorfoak dira, hau da, periantoa eratzen duten bost sepaloetatik bat handiagoa da, kanpaitxoa alegia, bi aldiz zabala baino luzeagoa. Bost petalo dituzte baina murriztuta agertzen dira eta maiz sepaloen artean ezkutaturik daudela eta zaila suerta daiteke hauek aurkitzea.

Fruituak

3-4 folikulu glabrok osatzen dute fruitua. Haziek zeharkako 4-6 lamina txiki dituzte aurrealdean, hegoak balira bezala.

Banaketa

Aconitum variegatum espeziea, Europako mendebaldeko mendietan aurki daiteke. Bi subespezie daude, bakoitza zona desberdin batean. 'variegatum' subespeziea Alpeetan bizi da; 'pyrenaicum', berriz, mendebaldeko Pirinioetan eta euskal mendietan (Aizkorri-Aratz eta Aralarren). Izan ere, euskal eremuak osatzen du banaketa-zona osoa. Iparraldeko mendi gutxi batzuetan topatuko da, gehien bat Gipuzkoan, baita Araban ere baina hemen du bere muga geografikoa subespezie honek. 

Aconitum variegatum ssp. pyrenaicum Aconitum variegatum ssp. pyrenaicum

Ekologia

Ira-belar urdinaren populazioak belar handietako multzoetan integratzen dira, normalean erlaitz aldapatsuetan zintzilikatuta eta kareharrizko harkaitzen azpian, leku hotz eta ospeletan, lainoa sartzen den eskualdean batik bat.

Fenologia

Udaldian loratzen da, uztailetik irailera bitartean, eta fruituak udazkenaren lehen erdian heltzen dira.

Kontserbazioa

"Kaltebera" eta "Sentikorra" kategoriatan sailkatuta dago EAEko eta Nafarroako Zerrenda Gorrietan, hurrenez hurren. Populazio gehienak leku zailetan bizi dira, gizakia eta abereak ia iritsi ezin diren tokietan. Horregatik, egungo artzaintza estentsiboari eutsiz gero, ez dirudi gizakiak inongo arriskurik adieraz dezakeenik ira-belar eder honen inguruan.

Barneko faktoreak dira aintzat hartzekoak: populazioaren urritasunak eta isolamenduak arriskuan jar dezakete ira-belar honen biziraupena. Mundu-mailan oso eremu txikia hartzen du espezie honek, eta populazio onenak Euskal Herrian ditugu. Honenbestez, gure lurraldean izaten duen kontserbazioaren menpe dago, neurri handi batean, espeziearen biziraupena. Horregatik beharrezkoa da populazioak zenbatzea, gehienak oso txikiak direlako, eta haien egoera aztertzea. Landarearen propaguluak hartzea eta toki egoki batean landatzea ere komeni da, ikerketa zientifikoa egiteko eta, gero, ingurune egokietan sartu ahal izateko.

Egilea: | Sorrera: 2012/04/18 | Azken eguneraketa: 2014/01/16 | Bisita-kopurua: 1421 | Argazki nagusia: sortiebotanique.canalblog.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...