Pasmo-belarra edo Izukeslea
Anagallis arvensis

Sendabelarra den Anagallis arvensis, landare ezaguna da dituen erabilpen anitzengatik, eta Pimpinela escarlata liburuko heroiaren ikurra izateagatik. Askok liburuaren izena eman diote landare honi. Antzina uste zen eguraldia iragartzen zuela, izan ere, zerua hodeitsu eta euria iristear dagoenean loreak ixten ditu. Euskal Herrian oso ugaria da, edozein bide ertzean aurkitu dezakegu.

Anagallis arvensis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Ericales
Familia
Primulaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa

Morfologia

Urteko terofito belarkara dugu, glabroa eta etzana.  6-50 cm bitarteko lau angeludun zurtoin herrestariak ditu, baina hauen muturren hazkuntza goranzkoa da.

Hostoak

Hostoak oposatuak dira, gutxitan bertizilatuak eta obalatu-lantzeolatu formakoak. 8-18 x 4-10 cm bitarteko neurria dute, azpialdean maiz puntu orbelkarak dituzte, ez dute peziolorik eta guruindunak dira. Goialdeko hostoak estuagoak dira behealdekoak baino.

Loreak

Loreak pentameroak dira, hostoen galtzarbetatik hazten direnak. Pedizeloa, 3-35 mm neurrikoa dena, loraldi garaian galtzarbeko hostoa gainditzen du. Fruitua emateko garaian ostera, pedizeloa okertu egiten da. Kaliza, 3,5-5 mm-koak eta lantzeolatuak diren bost sepaloz dago osatua. Korola, 4-7 mm-koa, urdina, gorria, arrosa edo argiagoko kolorekoa izaten da. Petaloak obatu-eliptikoak dira, ertz oso edo horzdunekin. Hiru zelulaz osatutako guruin pedunkulatuak dituzte, azken zelula globosoa izanik, hiruak oinaldean lotuak egonez. Androzeoa 5 estaminez dago osatua. Estaminak, 0,5-1,5 mm neurrikoak dira, antera hori eta harizpiaren oinalde ilaundunarekin. Ginezeoak esfera-formako obulutegia du, estilo gorrixka duena.

Loreak goizeko 9etan zabaltzen dira eta arratsaldeko 3ak aldera itxi.

Fruituak

Fruitua kapsula da, ilaunduna eta 3 mm-rainoko diametroa izan dezakeena. Arrea da eta estiloak daraman tapakia irekitzean 6-45 hazi askatzen dira, piramide moztuaren formakoak eta toxikoak direnak.

Banaketa

Kosmopolita da. Ia Europa osoan agertzen da, altitude altuetan eta lurralde hotzetan izan ezik. Iberiar Penintsulan oso ugari da, baita Euskal Herrian ere.

Anagallis arvensis Anagallis arvensis

Ekologia

Itsas mailatik 1500 m-ko altituderaino dauden laborantza lur, bide-ertz, zabortegi edota materia organikoa pilatzen den kareharrizko hormatan hazten da landare hau. Argia behar du, tenperatura altua, lur ez oso hezea eta mantenugaietan pobrea edo pittin bat aberatsa diren lurra.

Fenologia

Loraldia ekaina eta urria bitartean ematen da.

Erabilerak

Sendabelar modura asko erabili da, maiz antifungiko, antibiral, orbaintzaile, lasaigarri, diuretiko eta izerdiarazle modura. Landare osoa toxikoa denez ez da jangarria, erabilpen topikoa du azaleko mikosi, ultzera eta zoster herpesean. Hala ere, kontu handiz ibili behar da sendabelar honekin, haziak pozoitsuak baitira ugaztun guztientzat. Hau dela eta, 2004 urtean landare honen salmenta debekatu zen.

Kontserbazioa

Ez du kontserbazio berezirik.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2013/11/28 | Azken eguneraketa: 2013/11/28 | Bisita-kopurua: 1521 | Argazki nagusia: Kristian Peters

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...