Arisarum simorrhinum

Landaretxo honi izena bere bizartxotik ('aris') eta infloreszentzia babesten duen lekatik ('arum') datorkio, eta izen espezifikoak, 'simorrhinum' tximu muturra esan nahi du, espadizearen forma dela eta. Euskal Herrian oso landare urria da eta bi populazio baino ez dira ezagutzen, biak ere Bizkaian. Hori dela eta, EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago.

Arisarum simorrhinum

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Liliopsida
Subklasea
Ordena
Alismatales
Familia
Araceae
Deskribatzailea
Durieu, 1845
Estatusa
ne

Morfologia

Landare belarkara dugu, egoera begetatiboan dagoenean errizomak garatzen dituena eta ugal-sasoian, aldiz, tuberkuluak. Tuberkuluek 1-4,5 x 0,6-3,5 cm neurtzen dituzte eta hauetatik garatzen diren errizomek, aldiz, 9 x 1,5 cm. Tuberkuluetatik ere sustraiak garatzen dira, 9 cm-rainokoak.

Hostoak

Albo kimu batzuk garatzen ditu eta hauetatik profilo izeneko hostotxoak sortzen dira, 4-16 x 0,2-1,6 cm-koak, paperkarak, zurixkak eta zorrotzak.

Hostoak lamina motakoak dira, 3,4-15 x 1,7-13,9 cm-koak eta bihotz formakoak, batzutan adartxo bat izan dezaketelarik. Peziolodunak dira, batzutan hau morea izan daitekeeklarik. Pezioloek 5-34 x 0,1-0,9 cm-ko neurria izaten dute eta oinarrialdean hegaltxo bat izan dezakete, 0,8 cm-rainokoa eta gardena. 0,5-5,9 x 0,5-4 cm-ko aurikulak dituzte, borobilduak.

Loreak

0,7-2 x 1-2,4 cm-ko infloreszentzia pedunkulatuak ditu. Pedunkuluak 4-22 x 0,1-0,6 cm neurtzen ditu, pezioloen luzeerakoa edo motzagoa eta normalean malgua da.

Infloreszentzia inguratuz, braktea zabala dago, espata izena jasotzen duena. Espata hau 2-6 x 0,7-3,4 cm-koa da, leuna eta oinarrialdean puztuta egoten da. Linboak txano forma du eta mukronatua da. Gainaldeatik purpura kolorekoa da eta nerbiazio longitudinala azaltzen du; oinaldean eta hodi barruan, aldiz, zurbilagoa da baina zainetan orbantxo moreak azalten ditu.

Espadizeak 2-10 lore eme izaten ditu, albo batean multzokaturik agertzen direnak, 2,2-4 x 2-3,8 mm-koak; eta 30-40 lore ar, emeen ondoan, 0,7-1,7 mm-koak.  Lore antzuak ere baditu, erdialdean kokatzen direnak. Espadize hau 1,4-5 cm-koa izaten da, baina espata baino handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Zintzilik agertzen da eta maiz, kiribilduta.

Fruituak

Baia motako 2-8 fruitu ematen ditu, 5-15 x 5-14 mm-koak. Baia bakoitzak 1-12 hazi izaten ditu, 2-7 x 1-3 mm-koak, eta estrofilioloa 1-3 x 1-2,5 mm-koa da.

Antzeko espezieak

Arisarum vulgare

Espezie honen espatak pigmentazio handiagoa du, pedunkulua beti pezioloa baino txikiagoa eta espadizea mazo formakoa eta ez oso nabaria da.

Banaketa

Landare mediterriarra dugu, Iberiar Penintsulan, Afrika iparraldean eta Frantzia hegoaldean zehar aurki daitekeena. Eskualde Eurosiberiarrean soilik Kantabrian (Castro Urdialesen eta Ontónen) (Aedo et al., 2001) eta Bizkaiako mendebaldean deskribatu da. Bizkaian bi populazio baino ez daudela uste da, Luzuero Muturrean (Zierbenan), hain zuzen ere (Aseguinolaza et al., 1984; eta Patino et al., prentsan).

Arisarum simorrhinum Arisarum simorrhinum

Ekologia

Lurzoru nahastuetan hazten da, azido zein basikoak: landutako lurrak (bereziki olibondo landaketak), hareatzak, lur buztintsuak, errepidetako ezpondak, haitz nitrifikatuetako pitzadurak... Itsas mailatik 840 metrora aukitu izan da .

Fenologia

Martxotik maiatzera loratu ohi da baina inoiz urtarrilean aurkitu da loretan. Fruituak, irailetik aurrera heltzen dira.

Erabilerak

Coniina izeneko konposatua du, toxikoa dena.

Kontserbazioa

Espezie hau EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago. Euskal Herriko bi populazioak ez daude Gune Babestu baten barruan eta ez dago ia daturik populazio hauen eboluzioaren inguruan. Gainera, azken urteotan ale ugalkorren kopuruan gorabehera handiak ikusi dira, edonola ere ez direlarik inoiz 250 baino gehiago izatera iritsi.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/05/24 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1398

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...