Kanabera
Arundo donax

Kanabera jatorriz Asia eta Afrikakoa den belarki fanerofito iraunkorra da, zurtoin sendo eta lodiduna. Mundu mailan Poaceae familiako espezie hau aloktono ibanditzailea dela kontsideratzen da, izan ere Europa hegoaldean asko landatu izanagatik eta bertakotzeko duen erraztasunagatik asko zabaldu da azken mendeetan, bereziki ur freatikoa lurrazaletik gertu dagoen lekuetan. Europan bereziki Iberiar penintsulan aurkitzen da, eta Euskal Herrian kostalde eta ibai inguruetan. Motako guztietako eraikuntza arinak goratzeko, bioerregaia egiteko edota bazkarako landatua izan da.

Arundo donax

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Liliopsida
Subklasea
Ordena
Poales
Familia
Poaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
lc

Morfologia

Zurtoin sendoko eta lodiko gramineoa, 2-6 m bitarteko altuera duena. Errizoma lodi, luze, zurkara eta begitsua du, bertatik 1-2 cm diametroko zurtoin edo kanaberak adarkatzen dira. Adabetarte hutsekoak dira adarkadura hauek, eta bigarren urtetik aurrera adarka egin eta loratuko dira. Zurtoina ia glabroa da, ile gutxikoa.

Hostoak

Hostoak distikoak, lauak eta 40-60 cm luzerakoak dira. Luze eta estuak dira, nerbiazio paralelokoak, oinean ongi nabarmentzen diren ertzeko aurikula txiki pare batez osatuak. Kolore berde-urdintsukoak dira, zurtoinaren gehiengoa estaltzen duen zorro batez osatuak. Ligula, ile eraztun bakarrera murriztua dago, 1 mm-koa eta ziliatua dena. Bertatik 40-60 cm-ko luzera duen hostoa garatzen da, glabroa dena.

Loreak

Loreak txikiak eta ikusgaitzak dira, eta bigarren mailako infloreszentzian daude bilduak, kolore berde-zurixka edo bioletakara den laxo erako panikulan. Panikularen errakiak ez du ile zetakararik. Galburutxo ugariz dago osatua panikula, eta galburutxoetan lore gutxi aurkitzen dira, orokorrean 3, gehienak hermafroditak. Galburutxoko lema 3-5 nerbiokoa da, kanpoaldearen beheko erdialdean ile luze zetakarak eta zatibituak dituena. Glumak loreen luzera berdinekoak dira, glabroak eta iraunkorrak. Lore bakoitzean 3 estamine, 2(3) karpelo orri batu dituen pistilo bat, goi-obulutegi lokulubakarra eta 2-3 estigma daude.

Fruituak

Fruitua kariopsidea da, lehorra eta indehiszentea. Garatzen dituen fruituak ez dira emankorrak izaten, izan ere, modu begetatiboan ugaltzen da errizoman metatuak dauden erreserbei esker.

Banaketa

Asia ekialdean eta hegoaldean du jatorria, baita Saudi Arabia eta Afrikako zonalde batzuetan ere. Bi hemisferioetako eskualde epel, hotz, subtropikal eta tropikaletan landatu eta naturalizatu da, bereziki Mediterraneoan, Californian, Ozeano Barearen medebaldean eta Karibe irletan.

Europan bereziki Iberiar penintsularen kostaldean aurkitzen da, baita Frantzian, Italian, Grezian eta Marokon ere.

Euskal Herrian nahiko ugaria da, kostaldean eta Ebro ibaiko ertzetatik hurbil agertu ohi da.

Arundo donax Arundo donax

Ekologia

Lurzoru areatsu eta buztintsuetan garatzen da, pH azido, neutro eta basikoetan, baita oso alkalinoak direnetan ere. Ez du itzala jasaten, gazitasun piskateko guneak pairatzen ditu eta orokorrean gune hezeetan eta mantenugaietan aberatsak direnetan hazten da, hala nola lubaki, erreka eta ibaiertzetan. Ondo drainatuak dauden lurrak ditu gustoko. Landare termofiloa denez ez du neguko hotza ondo jasaten. 1200 m-ko altitudetik gora ez da aurkituko, kostaldean zein ibaiertzetan baizik.  

Fenologia

Iraila eta abendu bitartean loratzen da, orokorrean urtean behin.

Erabilerak

Tresna desberdinak eraikitzeko erabiltzen den landarea da; saskigintzan, musika-tresnak egiteko, eraikuntza arina egiteko, baratzeko landareak eusteko…

Diuretiko gisa eta esnearekin ekoizpena murrizteko erabilia izan da, eta XX. mende erdira arte igeltsuzko sabai aizunak eusteko erabiltzen zen.

Lur ezpondak eusteko eta bazkarako landatu da. Askotan bioerregaia lortzeko helburuarekin landatua izan da, bereziki lurzoru eta klima desberdinetan azkar hazten delako. 3 kg biomasa/m2·urte ekoizten du eta lehortu eta errez gero, 17 MJ/Kg hornitzeko gai da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Populazio handi ia monoespezifikoak sortzen dituenez, landare gutxirekin elkarbizi da, baita animali gutxirekin ere, toxikoak diren substantzia kimikoez baitaude osatuak haren hostoak, intsektu herbiboroetatik babestearren. Hau dela eta, dibertsitate baxuko guneak sortzen ditu.

Kontserbazioa

NBNBk (Natura Babesteko Nazioarteko Batasuna) dioenez, landare hau munduko espezie aloktono inbaditzailerik kaltegarrienetako eta arriskutsuenetako bat da; horregatik ageri da Espezie Inbaditzaileetan Espezializatutako Taldearen ehun espezie biologiko inbaditzaile arriskutsuenen zerrendan.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2014/03/26 | Azken eguneraketa: 2014/10/12 | Bisita-kopurua: 1319 | Argazki nagusia: H. Zell

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...