Bartsia alpina

Banaketa boreo-alpetarra duen landare hau, garai hotzago bateko erlikiatzat har dezakegu Euskal Herrian eta soilik Ordunteko mendietan bizi da, 1.050 bat metrotan. Gainera, bertakoak ale gutxiko populazioak direla eta, 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

Bartsia alpina

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Lamiidae
Ordena
Lamiales
Familia
Orobanchaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkorra da, errizomatosoa. Zurtoin tenteak ditu, 10-30 cm-koak, sinpleak eta ile artiletsuez osatutako indumentu zeharargitsuez estalita egoten da. Zurtoinaren goikaldean, hala ere, ile guruintsuak ere agertzen dira, 2 mm-rainokoak eta oso deigarriak, guruinaren kolore morea dela eta.

Hostoak

Erdialdeko eta goikaldeko hostoak 15-30 x 11-24 mm-koak dira eta behealdekoak tamainaz progresiboki txikitzen doaz, oinarrialdeko katafiloen tamainara iritsi arte. Hosto guztiak oposatuak dira, obatuak, eta ertz horzduna dute (6-16 hortz alde bakoitzean). Zimurtsuak dira, glabroak gainaldean eta iletsuak edo glabreszenteak azpialdean, bereziki goikaldeko hostoak, ertzean arkeatzen diren ile motz eta zurrunak baitituzte.

Loreak

Zurtoinen puntan biltzen dira lore-sortak. Loratze-prozesuan oso motzak dira, baina fruitua emateko garaian luzatu eta laxo bilakatzen dira. Infloreszentziak luku motakoak dira eta hauetan, loreak elkarrengandik nahiko modu lasaian kokatuta daude. Kaliza baino bizpahiru aldiz luzeagoa den braktea batek babesten du lorearen oina, hostoen antzeko tamaina eta itxurakoa, guruintsua eta goikaldekoak moreak.

Loreek 1,5-3 mm-ko pedizeloa dute eta kaliza 6-8 mm-koa da, erregularra, kanpai-itxura dauka, eta lau gingil obal-lantzeolatu ditu kalizaren erdiraino iristen direnak, tamaina berdinekoak. Lobuluek 3,5-4 x 1,3-1,5 mm-ko tamaina dute, triangeluarrak dira, osoak, guruintsuak eta purpura kolorekoak. Korola, aldiz, 18-22 mm-koa da, gorrixka, eta bi ezpainetan amaitzen den hodi luzea dauka. Goiko ezpaina zuzena edo zertxobait kurbatua da, kasko-itxurakoa, behekoa baino luzeagoa, eta hiru gingiletan bereizita dago. Beheko ezpaina goikoa bezain zabala da, trilobulatua, lobulu berdinekin. Hodia 10-12 mm-koa da, goiko ezpaina baino askoz luzeagoa eta iletsua.

Estaminek harizpi guruintsuak dituzte. Anterak 1,8-2,3 mm-koak dira, hori eta moreak, eta ile fin, leun eta txuriak dituzte. Obarioak ere zetaren antzeko indumentu disdiratsua du, bereziki goikaldean. Estiloa iletsua da eta estigma globo formakoa.

Fruituak

9,5-11.5 x 4,5 mm-ko fruitua garatzen du, kapsula motakoa. Kapsula obal-eliptikoa da, iletsua, kaliza baino luzeagoa, eta hazi txiki ugariz beteta dago. 1,4-2,2 x 1,1-1,2 mm-ko haziak izaten ditu, elipsoideak edo giltzurrun formakoak alboz begiratuta, lateralki konprimatuak egoten baitira. Longitudinalki zenbait sahiets lau dituzte, 0,3-0,4 mm-ko altuerakoak eta arre ilun kolorekoak.

Banaketa

Banaketa boreo-alpetarra duen landarea da. Europan, zehazki, mendi garaienetara mugatzen da. Euskal Herrian, Ordunteko mendietan soilik bizi da, 1.050 bat metrotan. Altuera hori espezie honentzat oso txikia da. Bizkaiko gune urri eta txikietatik hurbil, mendebaldean, Kantabrian eta Burgosen, zenbait populazio daude; baina ekialdean, populazio hurbilenak 150 kilometrotik gorako distantzian daude, Pirinioetan.

Bartsia alpina Bartsia alpina

Ekologia

Ordunteko mendietan landarea hegal ospel eta lainotsuetako belardi hezeetan bizi da, errekasto txikien ertzean edota izerditu egiten duten haitzetan, lurzoru fresko eta azidoetan.

Fenologia

Uda betean loratzen da, ekaina eta abuztua bitartean, eta fruituak udazkenaren hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago. Izan ere, espezie boreo-alpetarra denez, gure lurraldean aurkitzen direnak antzinako garai hotzagoetako erlikiatzat hartzen dira. Babesleku oso txikietan bakarrik lortu du bizirik irautea, eta ale gutxiko populazioak dira. Landarea bizi den eremuetan abeltzaintza estentsiboari eusten zaion bitartean, ez dirudi landarea galtzeko arriskuan izango denik. Ordunteko mendietan balio handiko beste landare batzuk bizi direnez, legeak gune hori babestu beharko luke. Bartsia alpina espeziearen kasuan, propaguluak jasotzea komenigarria litzateke, egungo populazioak indartu ahal izateko.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1503 | Argazki nagusia: Roger D. Bull

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...