Isuski-garratza
Berberis vulgaris

Mendebaldeko Europan eta Asian aurkitzen den zuhaixka hau egungo klima baino kontinentalagoa izan zen garaietako aztarna dugu. Gaur egun, Durangaldeko kareharrizko mendietan eta Gorbeia mendian, Arabako hego-mendebaldean (Sobronen eta Fontetxan) eta Nafarroan (Kaparretan, Zangotzan eta Arbaiunen) baino ez da bizi. Hori dela eta, 'Bakana' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

Berberis vulgaris

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ranunculidae
Ordena
Ranunculales
Familia
Berberidaceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka honek 2 metroko altuera lor dezake. Zurtoin arantzatsuak ditu eta urte batetik beherakoek hori kolorekoak, gerora gris bilakatzen direnak. Arantzak (hosto eraldatuak direnak) kolore hori-arrekoak dira eta sinpleak edo adarkatuak izan daitezke, 1-5 adarretakoak. Erdiko arantza handiena da, 30 mm-rainokoa eta alboetakoak txikiagoak dira, 25 mm-rainokoak.

Hostoak

Hostoak sinpleak dira, faszikulatuak eta tamainaz 15-50 x 7-25 mm-koak. Arantzen galtzarbetan agertzen dira eta forma eliptikoa dute. Sesilak izan daitezke edo 20 mm-rainoko pezioloa eduki. Ertz horzduna dute, 8-35 hortzekin albo bakoitzean, baina batzuetan ertz osoa ere izan dezakete.

Loreak

Loreak luku luzeetan multzokatuta agertzen dira, 25-50 mm-koak. Luku bakoitzak 9-20 lore pedunkulatu ditu eta hauek babestuz brakteak.

Loreak horiak dira eta 4-6 mm-ko diametroa dute. Kalizak itxura petaloideko 6 sepalo ditu, bi bertizilotan kokaturik: barnekoak 4,5 x 2,5 mm-rainokoak dira, forma obalekoak eta osoak; aldiz kanpokoak txikiagoak dira. Korolak ere 6 petalo ditu, hauek ere bi bertiziloetan kokaturik, oinarrian bi guruin dituztenak. Petaloek 4 x 2 mm-ko neurria dute, oblantzeolatuak dira eta barne-sepaloak baino motzagoak dira, edo tamaina berdinekoak.

Androzeoak 6 estamin ditu, barne-sepaloekiko oposatuki txertatuta. Obarioak ez du estilorik eta estigma trunkatua du, fruituak mantendu egiten duena.

Fruituak

Fruitua, 5-9 x 3-4,5 mm-ko baia bat da, formaz elipsoidala eta kolore gorrikoa. Barruan bi hazi baino ez ditu.

Banaketa

Mendebaldeko Europan eta Asian aurkitzen den zuhaixka da. Euskal Herriari dagokionez, Durangaldeko kareharrizko mendietan eta Gorbeia mendian, Arabako hego-mendebaldean (Sobronen eta Fontetxan) eta Nafarroan (Kaparretan, Zangotzan eta Arbaiunen) bizi da. 

Berberis vulgaris Berberis vulgaris

Ekologia

Araban, isuski-garratzak ibai-terrazetan populazio txikiak osatzen ditu. Bizkaian, berriz, gailur karstikoen zuloetan bizi da. Orokorrean, landare eguzkizalea da, tenperatura epelak gustuko dituena. Oso lurzoru lehorretan hazten da, basikoak (pH 5,5-8) eta nitrogenotan txiroak.

Fenologia

Maiatza eta uztaila bitartean loratzen da eta fruituak uda bukaeran heltzen dira.

Erabilerak

Sustraiaren azala kongestioen tratamenduan erabili izan da, baita gernu-erretentzioaren aurka ere. Hala ere, landarea bera (hazi eta fruituak izan ezik) toxikoa da. Berberina konposatua da toxizitate honen eragilea. Fruituak, aldiz, mermelada egiteko erabiltzen dira Europan eta Asiako hego-mendebaldean, bereziki Iranen, fruitu hauei zereshk (زرشک) esaten zaie eta sukaldatzeko erabiltzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Puccinia graminis onddoaren fase azidikoa landare honetan garatzen da. Gainera, Auchmis detersa sitsaren beldarrek landare honen hostoak jaten dituzte.

Kontserbazioa

Isuski-garratza 'Bakana' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Litekeena da klima-faktoreen eraginez isuski-garratzaren populazio eskasak kantonatuta egotea. Izan ere, egungo klima baino kontinentalagoa izan zen garaietako aztarna da. Seguru asko gizakiak eragin handia izan zuen garai batean, espezie hau zituaren herdoilaren (Puccinia graminis) landare ostalaria baita.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/11 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1568 | Argazki nagusia: H. Zell

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...