Buglossoides gastonii

Landare eder hau Piriniotako endemismoa dugu eta Euskal Herrian soilik Nafarroan eta Iparraldean ezagutzen da. Nafarroan soilik bi populazio daude deskribaturik: Erronkarin eta Larra-Aztaparretako zonaldean. Hala ere, populaziorik handiena eta garrantzitsuena Larrako kareharrizko mendigune karstikoan dago (Villar & Lazare, 1991) eta bere mendebaldeko muga Ori mendian du. Horrez gain, Laskunen, Aspen eta Ossau-Iratin deskribatuta dago.

Hori dela eta, 'Zaurgarria' bezala sailkaturik dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta Iparraldean ere babesturik dago (Penin et al., 2003). Espezie honen populazioak txikiak dira, 10-30 alekoak (gehienak 10 aletik beherakoak), baina zaila suertatzen da ale bakarra zer den definitzea, lurrazpiko errizomak garatzen baitituzte.

Buglossoides gastonii

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Lamiidae
Ordena
Lamiales
Familia
Boraginaceae
Deskribatzailea
(Bentham) I.M. Johnston
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkor honek errizoma zurkara du eta bertatik zurtoin sinpleak garatzen dira, belarkarak, urtekoak eta 30 cm-rainokoak.

Hostoak

6 x 1,5 cm-ko hostoak ditu, berde ilunak, lantzeolatuak, eseriak eta iletsuak. Beheko hostoak erdialdekoak eta goikaldekoak baino txikiagoak dira.

Loreak

Loreak zima eskorpioideoetan batzen dira eta 1-2 lore egon daitezke. Korola, 12-14 mm-koa da, infundibuliformea, urdin-morexka, eta 5 lobulu ireki ditu. Estaminen harizpiak korolaren hoditik 1-1,5 mm-ra txertaturik daude.

Fruituak

Nukula motako fruituak ematen ditu, 4,5 mm-koak, oboideak, horixkak eta erretikulatu-punteatuak.

Banaketa

Piriniotako endemismoa dugu eta Euskal Herrian soilik Nafarroan eta Iparraldean ezagutzen da. Nafarroan soilik bi populazio daude deskribaturik: Erronkarin eta Larra-Aztaparretako zonaldean. Hala ere, populaziorik handiena eta garrantzitsuena Larrako kareharrizko mendigune karstikoan dago (Villar & Lazare, 1991) eta bere mendebaldeko muga Ori mendian du. Horrez gain, Laskunen, Aspen eta Ossau-Iratin deskribatuta dago.

Buglossoides gastonii Buglossoides gastonii

Ekologia

Kareharrizko harkaitzetan soilik hazten da, haitz karstifikatuetako pitzaduretan, hain zuzen ere. 1650-2350 metroko altitudera aurki daiteke, maiz hartxingadietan. Mendebaldeko Pirinioan prezipitazio ugari daude (urteko 1500-2000 mm), bereziki neguan baina sasoi lehorrik gabe urte osoan. Gainera, zonalde hori maiz lainoaz estalirik egoten da, mikroklima heze berezia sortuz, hezea dena baita udan ere. Urteko tenperatura 0-10 ºC bitartekoa da.

Fenologia

Udan loratzen da eta fruituak ere uda bukaeran heltzen dira.

Kontserbazioa

Landare hau 'Zaurgarria' bezala sailkaturik dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta Iparraldean ere babesturik dago (Penin et al., 2003). Espezie honen populazioak txikiak dira, 10-30 alekoak (gehienak 10 aletik beherakoak), baina zaila suertatzen da ale bakarra zer den definitzea, lurrazpiko errizomak garatzen baitituzte.

Populazio gehienak gune babestuetan hazten dira: Ukerdiko Erreseran, Larrako Erreserba Naturalean eta Pirineotako Parke Nazionalean.

Argi dago espezie honen arriskurik handiena isolaketa dela, eta metapopulazio hauetan edozein ingurumen aldaketak eragin larriak izan ditzake espeziearen biziraupenerako (Villar et al., 1995). Bigarren arazo bat herbiborismoa dugu, bereziki sarrioek, zaldiek eta ardiek eragindakoa. Loreak jaten dituztenean, landare honen ugalketa eteten dute eta honen eragina ere larria izan daiteke.

Azkenik, Belagua-Frantzia errepidearen irekierak eta etorkizunean Isaban eski pista baten eraikitzeko dagoen planak, boraginazeo honen populazio batzuk kaltetuko lituzkete.

Egilea: | Sorrera: 2012/06/12 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1633 | Argazki nagusia: pyreneanflowers.co.uk

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...