Xarma, Pago-lizarra
Carpinus betulus

Euskal Herrian galtzeko arriskuan dagoen espezietako bat dugu pago-lizarra eta horren adierazle dira EAEko zein Espainako Flora Baskularraren Zerrenda Gorriek erregistraturik izatea. Zuhaitz bitxia dugu, izenak dioen moduan pagoaren zein lizarraren zenbait ezaugarri konbinatzen dituena. Egun, Euskal Herrian Nafarroako iparmendebaldeko zuhaizti txikietan eta Gipuzkoako gune bakarrean baino ez dago.

Carpinus betulus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Betulaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz honek 25 metrorainoko altuera har dezake. Enbor bihurria du, azal grisaxka eta leuna, pagoarenarekin antzekoa baina maiz sahiets modukoekin. Kimu berriak, pagoenak ez bezala, zentimetro bat baino handiagoko lizera dute. Xarmak adaburu biribildua du.

Hostoak

Xarmaren hostoak zumarrarenekiko nahiko antzekoak dira, baina hauek simetrikoak. Txandakatuak, erorkorrak eta bitan zerratuak dira, eta ertz obalatua eta oin biribila edo bihotz-formakoa daukate. 4-9 cm-ko luzera dute, eta itxura bereizgarria ematen dieten zain nabariak. Ernamuinak txandakatuak dira eta ardatz-itxurakoak, baina pagoarenak baino gutxiago. Udazkena aurrera joan ahala kolore berdea galdu eta hori deigarri bilakatzen dira hostoak, eta lurrera erori aurretik marroi argiak dira.

Loreak

Zuhaitz bakoitzak lore arrak eta emeak ditu, baina elkarrengandik bereizita daude, hau da, espezie monoikoa da. Lehenengoak gerba zintzilikaritan elkartzen dira, eta biluziak dira (ez dute ez sepalorik ez petalorik). Emeak muturreko gerbetan biltzen dira. Heltzen direnean, infruteszentziak hiru gingil dituen inbolukru batek babesten ditu. Erdiko gingila aldeetakoak baino askoz luzeagoa da.

Fruituak

Pago-lizarraren fruitua intxaur antzeko bat da, 7-8 mm-koa, hosto moduko batzuetan bilduta agertzen dena. Braktea trilobulatu hauek 3-4 cm-ko inbolukrua eratzen dute, fruituak haizearen eraginez banatzea erraztuz. Haziak maiz ez dira bigarren urterarte hozitzen.

Banaketa

Banaketa europarra duen zuhaitza da, baina Iberiar Penintsulan ez da ia ageri. Hain zuzen ere, Nafarroako iparmendebaldeko zuhaizti txikietan, bereziki Lesaka inguruan, eta Gipuzkoako gune bakarrean (Alegia eta Arterreka artean, 160 eta 240 metro bitartean) agertzen da, eta hauxe da espeziearen hegoaldeko eta mendebaldeko muga. Ugariagoa da beriz, Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldean, Errusia eta Ukraniaraino zabalduz.

Carpinus betulus Carpinus betulus

Ekologia

Atlantikoko baso mistoetan bizi da (Quercus eta Fagus espezieekin maiz), lurzoru bigun eta freskoa duten mendi-hegal ospeletan. Tenperatura epelak behar ditu eta soilik itsas mailatik 600 metrora aurkitzen da.

Fenologia

Udaberrian loratzen da, eta fruituak udaren bukaeran eta udazkenaren hasieran heltzen dira. Hala ere, maiz haziak ez dira bigarren urterarte hozitzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Maiz izaten ditu landare-zorriak, kotxinilak eta Corythucha ciliata izeneko intsektuen plagak. Horrez gain, xarmaren mikorriza arrunta da Coprinus comatus onddoa.

Kontserbazioa

EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan 'Galtzeko arriskuan' bezala sailkaturik dago, 2011. urtetik eta 2000. urtearen bukaeran, UICNko Espainiar Batzordearen Flora Komisioak egin zuen Espainiako Flora Baskularraren Zerrenda Gorria delakoan ere espezie hau gehitu zen.  Izan ere, Iberiar Penintsula osoan Nafarroako iparmendebaldeko zuhaizti txikietan eta Gipuzkoako gune bakarrean (160 eta 240 m bitartean) agertzen da.

Badirudi Gipuzkoako populazioa eragile edafikoen eta mikroklimatikoen menpe dagoela, hedatu ezinean. Izan ere, 40-50 zuhaitz bakarrik zenbatu dira. Jabetza pribatua denez, egurra lortzeko edo lurrari beste erabilera bat emateko ustiapena aldatzen bada populazioa gal daiteke eta, beraz, bertan espeziea desager daiteke. Zuhaitz hauek moztea debekatu eta populazio txiki honen dinamika aztertu beharko litzateke. Emaitzen arabera, jarduera-plangintza egin ahal izango litzateke, espeziea kontserbatzea lortzeko.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/25 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1622 | Argazki nagusia: W. J. Hayden

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...