Lizar loreduna
Fraxinus ornus

Lizar loreduna EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan 'Bakanak' kategorian sailkatuta dagoen espeziea dugu eta modu naturalean, Arabako Badaia-Arrato mendizerran baino ez da aurkitzen. Gure latitudeetako beste lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, izen arrunta ematen diotenak hain zuzen ere.

Fraxinus ornus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Lamiales
Familia
Oleaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Lizar loreduna tamaina ertaineko zuhaitza da, inoiz ez baita 10 metrotik gorakoa. Enborrak gehienez metro bateko diametroa du eta azal ilun argia, baita ale zaharretan ere. Bere ernamuinak oposatuak, marroi grisaxkak eta nahiko handiak dira.

Hostoak

Lizar loredunek hosto konposatuak dituzte eta bikoteka oposatuak. Hostoen kimuak kolore arrosa argikoak dira eta gris koloreko ilez estalita egoten dira. Heldutan hostoak pinnatuak dira, 20-30 cm-koak eta 5-15 mm-ko pezioloak (txorten txikiak) dituzten 5-9 foliolo dauzkate, eliptiko lantzeolatuak eta goialdea glabroa baina azpialdea ileduna dutenak. Folioloak zabalak dira eta 5-10 x 2-4 cm-koak. Hauen ertza sakonki horzduna eta izurtua da. Udazkenean kolore aldakorra izan dezakete, horitik morera.

Loreak

Gure latitudeetako bestelako lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, linealak eta zurixkak edo pixka bat horixkak, 5-6 mm-koak. Hostoak ernetu ahala irekitzen dira, eta panikula handi eta tenteetan bilduta daude, 10-20 cm-koak. Lizarrak androdioikoak dira, hau da, hauen loreak arrak edo hermafroditak izan daitezke eta beraz, zuhaitz guztiak funtzionalki hermafroditak dira. Kalizak lau gingil txiki ditu, petaloak baino askoz motzagoak. Gainerako lizarrek bezala, bi lorezil ditu. Intsektuek polinizatzen dute.

Fruituak

Fruitua ohiko samarra luzanga lantzeolatua da. 1,5-1,5 cm-ko luzera du eta heltzean kolore berde-marroixka hartzen du. Fruituak adar berrien muturretan kokatzen dira, gainontzeko lizarretan ez bezala. 2 mm-ko hazi brakteatu tipikoak askatzen ditu, 4-5 mm-ko zabaleradun hegoak dituztenak, haizearen bidez barreiatzeko (anemokoria).

Antzeko espezieak

Fraxinus excelsior

Lizar loredunaren kimuak kolore grisekoak edo horixkak dira, eta gainontzeko lizarretan baino ugariagoak. Gainera, fruituak azken urteko adarren muturretan kokatzen dira, eta beste lizarretan ez. Hala ere, ezaugarririk bereizgarriena loreak dira, beste lizarretan baino askoz garatuagoak daudenak.

Banaketa

Banaketa submediterraneoa duen zuhaitza da. Europako erdialdean eta hegoaldean eta Asiako hego-mendebaldean hedatzen da. Iberiar penintsulan, Mediterraneoko eskualdean zabaltzen da.

Sarritan ez da batere erraza izaten populazioa naturala edo basatia ote den bereiztea, toki askotan landare apaingarri gisa landatzen denez, batzuetan naturalizatu egiten baita. Arabako Badaia-Arrato mendizerran bizi den populazioa, behintzat, nahiko argi dago espontaneoa dela. Gune horretako populazioa kareharrizko lurrean hazten da, artadi freskoetan. Mendebalderago, Oña sakanean (Burgos), antzeko leku batean ere ageri da, bai eta Arabako mendebaldeko muturreko guneren batean ere, baina herri batetik oso hurbil dago, eta ez dago argi bere kasa hazi ote den.

Fraxinus ornus Fraxinus ornus

Ekologia

Naturalki hostoerorkorren baso mixtoetan hazten da, hegoalderantz ematen duten magal epeletan. Itsas mailatik 1.500 metroko altitudera aurkitzen da, aire beroa deneko eskualdeetan. Prezipitazio ertaina behar du, 500-650 mm-koa. Bereziki klera eta dolomitaz eratutako substratuetan hazten da, baina andesita eta basaltoko lurretan ere aurki daiteke. Gure eskualdean, hala ere, arruntena silikatoen gainean hazten ikustea da. Sustrai-sistemak ondo drenatutako lurrak behar ditu.

Fenologia

Apirila eta maiatza bitartean loratzen da eta samarak udazkenean heltzen dira. Hala ere, hazia hurrengo urteko udaberrian hozitzen da (martxoa eta maiatza bitartean).

Erabilerak

Lizar loreduna ez da egurgintzan oso espezie garrantzitsua. Bere egurrak ez ditu dimentsio handiegiak lortzen eta beste lizar espezieena baino arinagoa da. Erreminten kirtenak egiteko erabiltzen da, besteak beste.

Bere hostoekin abereentzako oheak egiten dira eskualde mediterranearrean. Gainera, mana iturri garrantzitsua da, enborrak askatzen duen isurkin lehorra, laxante modura erabiltzen dena eta bere ingelesezko izena ematen diona.

Kontserbazioa

Lizar loreduna EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendatuta dago 2011. urtetik, 'Bakanak' kategorian. Izan ere, bi populazio baino ez ditugu Euskal Herrian, Badaia-Arrato mendizerran bizi den populazioa, eta mendebalderago, Oña sakanetik hurbil hazten dena.

Zuhaitz honen populazio espontaneoen banaketa garai lehorragoetako erlikiatzat hartzen da. Euskal Herrian oso populazio gutxi ezagutzen dira, eta ezagutzen direnek ez dituzte banako asko. Ez da erraza bere kasakoa den ala ez jakitea, batez ere ornamentaziorako erabiltzen den zuhaitza delako. Ezagutzen diren zuhaitz urriak ez dira inondik ere moztu behar.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/30 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1370 | Argazki nagusia: Christian Defferrard

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...