Olibondo basatia
Olea europaea var. sylvestris

Olibondo basatiak banaketa mediterranearra duen arren, Euskal Herrian Bizkaiko uhartetxo eta itsaslabar batzuetan aurkitu da, eta badirudi horrek argi uzten duela klima epelagoa eta lehorragoa zen garaietako erlikia dela.

Olea europaea var. sylvestris

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Lamiidae
Ordena
Lamiales
Familia
Oleaceae
Deskribatzailea
(Hoffmanns. & Link) Negodi
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka edo zuhaitz txiki honek 5 metrorainoko altuera du eta adar arantzatsuak ditu, bereziki oinarrian (beste olibondo espezieak ez bezala). Enbor azal arre-grisaxka du eta leuna. Adarrek azal zimurtsua dute eta oso zuzenak dira. Nahiko adarkadura trinkoa du.

Hostoak

Hostoak oposatuak, iraunkorrak, eliptikoak edo luzanga-lantzeolatu zabalak dira (landutako olibondoaren hostoak mehe eta luzeagoak dira). Itxura koriazeoa dute, malguak dira, sinpleak, peziolo txikia dute eta linbo osoa. Ertz leuna dute. Gainaldea berde iluna eta azpialdea zurixka eta ezkata txikiz estalita dute. Erdiko nerbioa bakarrik nabaritzen da.

Loreak

Olibondoak andromonoikoak dira, hau da, ale berdinek lore estaminatuak eta lore hermafroditak dituzte.

Olibondo basatiak lore txikiak ditu (4-5 mm-koak), zurixkak edo pixka bat horixkak dira eta galtzarbeetako luku laburretan daude. Kalizak kopa-itxura dauka, eta 4 hortz txiki ditu. Korola puntan lau gingil luzangatan irekitzen den hodi motza da. Korola erorkorra dute, zurixka. Bi lorezil ditu, korola baino luzeagoak eta korolari lotuak, eta tartean ginezeoa. Ginezeoak goi-obario bilokularra dute eta lokulu bakoitzak bi hazi-hasikin.

Fruituak

Fruitua drupa mamitsua eta elipsoidea da (oliba), hasieran berdexka eta heltzean beltzezka. Olibondo basatiaren mesokarpoa ez da oso haragitsua eta ez du olio askorik. Endokarpoa sendoa da eta hazi bakarra darama.

Banaketa

Olibondo basatiaren berezko banaketa mediterraneoa da. Horrela, iberiar penintsulan hego-erdian bizi da batez ere, eta nahiko ugaria da. Iparraldean kostaldetik gertu bizi da, itsasertzeko klimaren ezaugarri bereziak egokiak dituelako. Euskal Herrian Bizkaiko uhartetxo eta itsaslabar batzuetan bakarrik aurkitu da, eta badirudi horrek argi uzten duela klima epelagoa eta lehorragoa zen garaietako erlikia dela. Itsas mailatik ia 300 metroko altueraraino ikus daitezke zuhaixka bakan batzuk.

Olea europaea var. sylvestris Olea europaea var. sylvestris

Ekologia

Eskualde kantauriarreko populazio gehienak itsaslabar karedunetan aurkitzen dira, haizetik babestutako gune eguzkitsu eta gazietan, hegoalderantz orientatutako labarretan. Tenperatura oso altuak behar ditu et lur lehor, basiko (pH 5,5-8) eta nitrogeno gabeak.

Fenologia

Maiatza eta uztaila bitartean loratzen da, eta fruituak urria eta abendua bitartean heltzen dira.

Erabilerak

Olibondoa aspalditik kultibatua izan da, oliba-olioa, egurra, oliba-hostoak eta olibak lortzeko. Honen erregistrorik zaharrena Teleilat Ghassul-en (egungo Jordania) agertzen da, Kalkolitoan (K.a. 2500etik K.a. 1800. urtera).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Palpita vitrealis eta Xenochlorodes olympiaria tximeletak arruntak dira olibondoetan eta hauetan mimetizatzen dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du olibondo basatiaren egoera aztertu. Hala ere, 'Galzorian' bezala sailkaturik dago EAEko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean oinarrituz, 2003. urtean argitaratu zen 'EAEko Flora Baskular Mehatxatua' txostenean, Euskal Herriko olibondo basati bakarrak Bizkaiko uhartetxo eta itsaslabar batzuetan aurkitzen baitira.

Badirudi  euskal olibondoak klima epelagoa eta lehorragoa zen garaietako erlikia direla. Oraindik ez da ezaguna zenbat alek osatzen dituzten Bizkaiko kostan bizi diren populazio urriak. Hala ere, komenigarria litzateke talde horiek zenbatzea, eta duten bizkortasuna eta ugaltzeko gaitasuna aztertzea, zuhaixka toki egokietan landatu ahal izateko. Beharrezko dituen itsaslabarrak eraldatzea, urbanizatzeko
lanak direla, edo inguru hauek eraldatuko lituzketen bestelako lanak direla, olibondo basatiak bizirik irauteko izango lukeen arrisku handiena litzateke.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/24 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1329 | Argazki nagusia: Julio Reis (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...