Makal beltza
Populus nigra

Haltzarekin eta lizarrarekin batera, erreka bazterretan espezie ugarienetako bat da zuhaitz hau, maiz makal izen hutsez ezagutzen dena. Nahiko hazkunde azkarra azaltzen du baina bere egurra ez da oso kalitate onekoa eta enbalatzeko kutxetan erabiltzen da batik bat. Oso biziraupen luzeko zuhaitza izan daiteke eta hori dela eta zenbait ale ezagun egin dira, esate baterako, Horcajueloko makala, Osaba Leoncioren larreko makal izenaz ere ezagutua, Horcajueloko inguruetan aurki daitekeena, Avilako Brabos udalerrian. 2008. urtean Correos-eko zigilu batean agertu zen Horcajueloko makal beltz hau. 

Populus nigra

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Magnoliidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
lc

Morfologia

Zuhaitz hostoerorkor honek 20-30 m-ko altuera gainditzen du askotan. Sustrai-sistema ertz nagusi sakon batean oinarritzen da eta bertatik adarkatzen dira gainontzeko sustrai sekundarioak ere. Enborra oso zuzena izaten dute eta azala grisaxka, zentzu longitudinalean pitzatzen doana, pitzaduren baitan sahiets itxurako orban belzkara batzuk azaltzen direlarik (hortik datorkio izena). Kopa zabala du, ez oso dentsoa baina Populus alba edo Populus tremula espezieek baino dentsoagoa eta hauek bezala adar ugariz eratutakoa.

Hostoak

Hostoek 2-6 cm-ko pezioloa dute, lateralki konprimatua eta maiz iletsua. Hostoa sortzen denean, limboa ere pubeszentea da baina garatu ahala ileak galduz doa eta hostoa bi aldetatik berdetzen da. Hosto helduek forma aobatu-triangeluarra (makroblastoetakoek) edo aobatu-erronbikoa dute (brakiblastoetakoek), 5-8 cm luze eta 6-8 cm zabal, akuminatuak dira eta ertz zerratua dute. Maiz adarrek kimu begetatibo nabarmenak azaltzen dituzte. Hosto txandakatu sinpleak dituzte eta udazken aldera horitzen dira, neguan eroriz.

Loreak

Makala espezie dioikoa da, hau da, lore eme eta arrak ale desberdinetan daude banaturik. Lore ar zein emeak amentu motako infloreszentzietan antolatzen dira, airearen bidezko polinizaziorako moldaturik daudenak. Amentuak, hostoak baino lehenago agertzen dira zintzilik eta lazinia motako ezkata glabro batzuez babesturik daude. Lore arrak sesilak dira, <10 cm luzekoak eta nahiko estuak (5 mm irekitzean). 6-30 estamin dituzte baina normalena 10-20 izatea da. Deigarriak dira estaminetako antera more txiki batzuk.

Aldiz, lore emeak pedunkulatuak dira, motzagoak (8-10 cm ugal-aroan) eta amentoek 30-40 lore izaten dituzte. Lore emeek diska nektarifero lobulatua dute, pedizelo laburrak, obario eseria eta konikoa, bi estigma horixka dituzte eta obulutegiaren tamainako lau lobulu estigmatiko. Makalak, otsaila eta martxoa bitartean loratzen dira.

Fruituak

Fruituak 3-4 balbatako kapsulak dira, borla itxurakoak, 7-9 cm-koak, elipsoidalak, eta multzoetan agertzen dira adarretatik zintzilik amento erako egituratan. Amento fruktiferoek 10-15 cm dituzte. Haziak txikori belarraren (Taraxacum officinale) antzeko itxura hartzen du: kotoi itxurako bilduki zuri batek inguratzen du, ile luzez eraturik dagoena eta haizearen bidez distantzia handiak kolonizatu ditzake. Haziak kolore arrekoak dira. Hazi ekoizpen maximoa udaberrian ematen da eta horren hazi kantitate handiak ekoizten dira, maiz makalen inguru guztia txuriturik ageri dela.

Antzeko espezieak

Populus nigra subsp.

Hiru subespezie ezagutzen dira: (1) Populus nigra subsp. nigra, Europa erdialdean aurkitzen dena. Hosto eta kimu glabroak, azal arre-grixkara, sendoa eta zimurra. (2) Populus nigra subsp. betulifolia, Europako ipar-ekialdean. Hostoaren zainak eta kimuak oso ile gutxirekin, azal arre-grixkara, sendoa eta zimurra, maiz enborra oso okertuta. Eta (3) Populus nigra subsp. caudina, eskualde mediterranearrekoa.

Betulifolia subespeziea arruntenetako bat da Britainia Handian eta Irlandan ornamental modura, eta ezagutzen diren 7000 aleetatik 600 emeak direla frogatu da.


Populus sp.

Populus espezieak elkarren artean asko hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espeziea zein den ondorioztatzea. Esaterako, Populus x canadensis edo makal kanadiarra Populus nigra eta Populus deltoides-en arteko hibridoa da eta Populus nigra 'Italica' edo makal piramidala ere aspaldiko hibrido bat dela uste da, Lombardian hautatutakoa XVII mendean eta ornamentalki oso erabilia.

Banaketa

Europako hegoalde, erdialde eta ekialde guztian zehar aurki daiteke (Siberiako erdialdean eta Afrikako iparraldean ere). Antzinatik kultibatuta izan dela eta, bere jatorria zein den ondorioztatzea zaila suertatzen da baina uste da Asia okzidental eta Europa orientalaren arteko punturen batean sortuko zela. Makal beltzaren zenbait barietate Eskandinabian eta Hego Ameriketan (Txile eta Argentinan) kultibatuta aurki daitezke.

Populus nigra Populus nigra

Ekologia

Makala, ibai ertzetako komunitateetako partaidea da, baina skotan ikus daiteke ere ibilbide edota errepideen ertzetan landaturik. Itsas mailatik 1800 metroko altitudera agertzen da eta ez da oso exigentea substratuari dagokionean. Lurzoru oso hezeak behar izaten ditu, bereziki ibai ertzetan agertzen diren lur arin eta sakonak, eta ez ditu batere ondo toleratzen lurzoru gaziak.

Fenologia

Makala otsaila eta martxoa bitartean loratzen da, hostoak agertu baino lehen. Lehen hostoak martxoan azaltzen agertzen dira, fruituen agerpenarekin batera eta fruituen zabaltzea udararte luza daiteke.

Erabilerak

Antzinatik erabili izan da makalaren enbor-azala ornamental modura, baita ehunak tindatu eta zurratzeko ere. Bere egur biguin eta arina, zurgintzan erabiltzen da paperaren zelulosazko pasta sortzeko, zurzuriarekin egiten den moduan. Zenbait zonaldetan makal hostoak animalientzako ohe modura erabiltzen dira oraindik neguan. Hegazti graniboro ugarik hazi kotoitxuak erabiltzen dituzte kabiak eratzeko.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Meso eta mikrofanerofitoek  osatutako komunitateetan aurki daiteke,  hostoerorkor zein iraunkorrak, baso edo baso motako formazio xerofilo-higrofiloak eratuz. Arruntak dira Salix generoko espezieak, Populus generoko beste zenbait espezie eta Betula alba ezpeziea.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/11/16 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 3276 | Argazki nagusia: Christian Fischer (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...