Portugaleko erramua
Prunus lusitanica

Erramuarekin antza izan dezakeen zuhaixka hau desagertutzat ematen zen Euskal Herrian baina duela urte batzuk hiru populazio aurkitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztiak altitude baxuetan eta sakan babestu eta mehartsuetan. Hori dela eta, 2011. urtean argitaratutako EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendaturik dago, 'Galzorian' kategorian.

Prunus lusitanica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Rosales
Familia
Rosaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz txikia dugu Portugaleko erramua, 4-8 metrokokoa izan ohi dena baina inoiz ez 15 metro baino garaiagoa. Enbor-azal leuna du, kolore ilunekoa eta adar gazteak gorrixkak ditu.

Hostoak

Hostoak bakunak eta txandakatuak dira. Erramuaren hostoekin antza izan dezakete: forma obala dute eta 7-12 x 3-5 cm-ko neurria. Punta akuminatua dute, ertz krenatuak edo zerradunak, eta itxuraz larrukarak, distiratsuak eta glabroak dira baina azpialde berde argia dute, disdirarik gabea. Pezioloak gorriak dituzte.

Loreak

Loreak galtzarbetik ateratzen dira, luku itxurako infloreszentzia ia tenteetan. Lukuak nahiko luzeak dira, 15-30 cm-koak, hostoak baino luzeagoak eta 10-30 cm-ko pedunkulua dute. Loreak, aldiz, nahiko txikiak dira (10-15 mm-koak) eta 5 pieza dituzte. Sepaloak triangeluarrak eta petaloak ia biribilduak dira, zuriak. Lorezil ugari ditu, eta obarioa glabroa da, heltzean drupa purpura ia beltzezka bilakatzen dena.

Fruituak

Prunus generoko zuhaitz guztietan bezala, portugaleko erramuaren fruitua drupa motakoa da. Drupa hau txikia da, 8-13 mm-ko diametrokoa eta berdea hasieran, gerora gorrituz doan arren. Heltzean, beltz kolorekoa izaten da. Fruitu honen haziak txorien bidez barreiatzen dira (txinboak, zozoak eta birigarroak).

Banaketa

Europan banaketa mediterraneo-atlantikoa duen zuhaixka da, baina banaketa orokorra makaronesikoa dela esan daiteke, Itsaso Atlantikoko uharteetan populazio hoberenak baititu. Iberiar penintsulan mendebaldeko herenean ugariagoa da, eta euskal kokaguneek (Ipar Euskal Herriraino) espeziearen banaketa-arearen ekialdeko muga osatzen dute. Duela gutxi lau gunetan aurkitu da populazio bana, Bizkaian (Armañon, Gorbea eta Urkiolako Parke Naturaletan; eta Amorebieta eta Karrantzan), Gipuzkoan (Murumendi mendikatean eta Bidegoian), Araban (Gorbean eta Zuian) eta Nafarroan (Baztan-Bidasoa inguruan, bereziki Sunbilako Beobia errekaxtoan eta Baztango Aritzakun errekaxtoan; Ezkurra ibaian, Zubietan, Bertiz haranean, Iturenen eta Urrizaten), eta guztiak altitude baxuetan eta sakan babestu eta mehartuetan daude.

Prunus lusitanica Prunus lusitanica

Ekologia

Hezetasun handia behar duen zuhaitza da, eta batez ere ibai-ertzetan eta mendi-guneetan aurkitzen da, 180-1.150 metroko altitudeetan. Lur harritsuetan hazten da eta itzala ondo jasaten duen arren, nahiago ditu eskualde eguzkitsuak. Tenperatura epelak behar ditu eta euri edo laino ugariko eskualdeak, ez baititu lehorteak oso ondo toleratzen. Orokorrean pH azidodun substratuetan aurkitu izan da (granitoa, kuartzitak, arbela, hareharria...) baina kalkareoen gainean ere bizi daiteke.

Fenologia

Portugaleko erramua martxoa eta ekaina bitartean loratzen dira. Fruituak abuztuan garatzen hasten dira baina ez dira hurrengo urteko urtarrilerarte heltzen.

Erabilerak

Bereziki landare ornamental modura erabili izan da. Fruitua nahiko mikatza da eta soilik hegaztiek jaten dute.

Kontserbazioa

Espezie hau Euskal Herrian galtzeko arriskuan dago, eta 2011. urtean katalogatu zen EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan. Izan ere, Euskal Herriko lau guneetan baino ez da aurkitzen eta zuhaixka honen bizigune horiek baso-lanak jasan ditzakete: mendi-pistak eta egurra ateratzeko bideak egiteko lanek eta enborrak herrestan eramateak arriskuan jar dezakete espeziearen biziraupena. Horregatik, sakan horiek legez babestuta daude.

 

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/31 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1273 | Argazki nagusia: Wouter Hagens (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...