Otsa-gereziondoa
Prunus padus

Otsa-gereziondoa, gereziondoarekin antza duen zuhaitza da baina honen loreak luku itxurako infloreszentzietan batzen dira. 2011. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, Galtzeko arriskuan dagoen espezie modura zerrendatuta.

Prunus padus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Rosales
Familia
Rosaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka edo zuhaitz txikia da, 2-6 metrokoa eta arantzagabea. Adar zuzenak ditu eta hauek, usain desatsegin bat jariatzen dute. Adarrak glabreszenteak dira, leunak, arre ilun kolorekoak eta lentizela zurixkak dituzte.

Hostoak

Otsa-gereziondoaren hostoak 5-10 x 3-5,5 cm-koak dira eta itxuraz gereziondoenen antzekoak. Forma obatu-eliptikoa dute, puntaluzeak dira eta ertz zerratua dute. Batzuetan ertzekan guruinak egoten dira. Gainaldea berde mate kolorekoa da eta azpialdea argiagoa eta zertxobait iletsua, bereziki nerbioen inguruan. Pezioloa, 0,7-1,6 cm-koa da eta bi guruin gorrixka ditu oinarrian, laminarekin batzen den gunean. Estipulak ditu gaztaroan baina erorkorrak dira. Estipula hauek linearrak dira, mintzakarak eta zilio moduko iletxo guruintsuak dituzte.

Loreak

Otsa-gereziondoaren loreak nahiko handiak dira, deigarriak eta usaintsuak. 15-30 loretako infloreszentziatan batzen dira, luku itxurakoak eta 5-12 cm-koak. Luku hauek zilindrikoak dira eta maiz brakiblastoetako muturretatik zintzilik agertzen dira. 7-14 mm-ko pedizeloak dituzte, filiformeak eta tenteak. Errezeptakulua 2-4 mm-koa da, kopa itxurakoa eta kanpotik pubeszentea. Loreek, 1-2 mm-ko sepaloak dituzte, tenteak, forma triangeluarrekoak eta zilio guruintsuekin. Aldiz, petaloak 6-9 mm-koak dira, tenteak, obabatuak eta txuri kolorekoak. Obario glabroa dute.

Fruituak

Otsa-gereziondoaren fruitua drupa motakoa da. Drupa hau txikitxoa da, 6-9 mm-koa, glabroa eta hasieran purpura kolorekoa. Hala ere, heltzean ilundu egiten da eta kolore beltz disdiratsua hartzen du. Mesokarpo mehea du, zapore mikatzekoa, eta endokarpo oboidea. Fruitu hau txorien bidez barreiatzen da (zozoak, birigarroak, txinboak, mokolodiak eta txantxangorriak) eta hain zuzen ere, zenbait hizkuntzetan zuhaitz honi txorien gereziondoa deritzo. Hala ere, gizakiengan otsa-gereziondoen fruituek okadak eragiten dituzte.

Antzeko espezieak

Prunus serotina

Zuhaitz honen hostoak disdiratsuak dira eta otsa-gereziondoarenak ez. Gainera, zuhaitz honen loreak beranduago azaltzen dira, beti hostoen ostean.

Banaketa

Ia Europa osoan aurkitzen da baina ez da batere arrunta eskualde mediterranearrean. Asiako erdialderaino zabaltzen da. Euskal Herrian, hala ere, oso populazio gutxi gelditzen dira, Araban Baia ibaiaren inguruan eta Ametzagan; Bizkaian Karrantzan eta Nafarroan Erro, Auritz, Orreaga eta Artzi inguruetan eta Urrobi bailaran ikusi izan da.

Prunus padus Prunus padus

Ekologia

Ibai-ertzetan eta lurzoru hezeetan hazten da, zonalde euritsuetan. Basoen ertzetan aurki daiteke, amildegi laiotzetan eta mendietako magal harritsuetan. Nahaiago ditu lur silizeoak eta deskaltzifikatuak eta itsas-mailatik 600-2.100 metrora aurkitzen da.

Fenologia

Udaberrian loratzen da, hostoekin batera edo ia batera. Fruituak uda hasieran heltzen dira.

Erabilerak

Homeopatian erabiltzen da, buruko minak eta bihotz-arazoak sendatzeko, eta sedante modura. Antzina, amorruaren eta epilepsiaren aurkako sendagai modura erabili zen baina inongo eraginik gabe. Otsa-gereziondoaren egurra torneatutako objektuak, erreminten kirtenak, bastoiak... egiteko erabili da. Azkenik, ornamental modura ere erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Otsa-gereziondoak Argyresthia pruniella sitsaren izurrite handiak jasaten ditu eta honen beldarrek zuhaitzaren hosto guztiak jan ditzakete egun gutxi batzuetan. Izurrite hauek zuhaitz populazio dexente murriztu dituzte modu kezkagarrian.

Kontserbazioa

2011. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta, 'Galzorian' kategoriaren barruan.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/31 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1476 | Argazki nagusia: (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...