Haritz kandugabea
Quercus petraea

Haritz kandugabea, haritz kandudunarekin antza handia duen zuhaitza da, baina honen ezkurrek, izenak dioen moduan, ez dute ia kandurik edo pedunkulurik. Zuhaitz honen izen espezifikoak, 'petraea'-k lurzoru harritsuetan bizitzeko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia. Euskal Herrian nahiko ohikoa dugu.

Quercus petraea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
(Mattuschka) Liebl.
Estatusa
ne

Morfologia

35 metrorainoko zuhaitza da, adaburu zabal eta erregularrekoa. Enbor-azal hauskara du hasieran, arrexka gerora eta ezkatatsu-zartatua. Adar berriak gaztaina kolorekoak, disdiratsuak, lentizela argi ugarirekin, normalean glabroak (batzutan ile sinpleak). Ernamuinak 4-9 mm-koak, glabreszenteak.

Hostoak

Haritz kandugabearen hostoak 5-21 x 2-15 cm-koak dira, txandakatuak, mintzakarak, erorkorrak eta forma espatulatu-lantzeolatukoak. Lobulatuak dira edo subpinatifidoak, kolore ilunekoak eta glabroak dira gainealdetik, baina zurbilagoak eta pubeszentzia oso txikiarekin azpialdetik. Hala ere, ileak heldutasunean hostoaren azpialdeko nerbioetara murrizten dira. Ileek orokorrean 3-4 erradio dituzte. Haritz kandugabearen hostoek 5-9 nerbio pare dituzte. Pezioloa nahiko txikia da, 10-25 mm-koa, glabroa eta kanalikulatua.

Loreak

Haritz kandugabeak amentu motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaiska monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.

Amentu arrak 3-9 cm-koak dira eta errakis glabroa dute edo ile gutxi batzuekin. Horrez gain, periantoak lobulu ziliatuak ditu. Lore emeek, berriz, oso estilo motzak dituzte, bilotsuak eta oinarritik dibergenteak. Estigma trunkatuak dituzte.

Fruituak

Haritzen ezkurrak akenio motako fruituak dira. Haritz kandugabearen akenioak 12-15 x 9-15 mm-koak dira, horixkak, sesilak edo pedunkulu (kandu) zorrotz eta glabrodunak (15 mm-rainokoa asko jota, hortik datorkie hain zuzen ere, kandugabe izena). Karloa (txapela) 6-12 x 8-15 mm-koa dute, ezkata aske obolantzeolatuduna. Ezkatak kolore hauskara dute eta pubeszenteak dira. Oinarrialdeko ezkatak lauak dira baina aldendu ahala konkordunak izan daitezke.

Antzeko espezieak

Quercus sp.

Haritz espezieak elkarren artean asko hibridatzen dira eta askotan zaila izan daiteke espezie mailako identifikazioa. Q. petraea bereziki Q. humilis-ekin hibridatzen da, Quercus x calvescens eratuz. Q. canariensis-ekin hibridatuta ere aurki daiteke (Quercus x calvescens) eta Euskal Herrian Q. robur-ekin. Quercus petraea-ren subespezie erreliktikoei Q. petraea subsp. huguetiana (=Quercus mas) deritze.

Banaketa

Europako mendebalde, erdialde eta hegoaldean aurkitzen da, eta Asiako mendebaldean. Iberiar Penintsulan, bereziki iparraldean agertzen da eta ez da Portugalera edo Balearetara iristen. Aldiz, arruntak da Mendikate Kantauriarrean eta Piriniotako magaletan zehar. Nafarroan aipatzekoak dira Oroz-Beteluko populazioak eta Urrobi ibaiko arro altuetan ematen direnak.

Quercus petraea Quercus petraea

Ekologia

Mendi magaletan hazten da, haritz kanduduna baino lur lehor eta azalagoetan, baita lur harritsuagoetan ere (hortik datorkio hain zuzen ere, 'petraea' izen espezifikoa). 1.800 metroko altituderaino igotzen da eta kareharrizko lurretan zein silizeoetan aurki daiteke. Urrobiko arroetako populazioak hareharri triasikoen gainean hazten dira.

Fenologia

Apirila eta maiatza bitartean loratzen da eta ezkurrak iraila-urrirako heltzen dira.

Erabilerak

Haritz egurra dentsitate handikoa da eta oso gogorra. Intsektu eta onddo espezie gehienekiko nahiko erresistentea da, duen tanino kopuru altua dela eta. Erdi Arotik erabili izan da haritzaren egurra eraikinen barruko habeetarako eta Q. robur eta Q. petraea-ren egurra oso erabilia izan zen XIX. mendean, ontzigintzan. Gaur egun, haritz kandugabearen egurra bereziki ardo-barriketarako erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Loranthus europaeus landareak parasitatzen du. Gainera, Tortrix viridana lepidopteroaren larbek haritz kandugabearen hostoak jaten dituzte.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu baina 2011eko azaroaren 14an Ingurugiroko Ministeritzak argitaratutako 'Análisis de impactos y vulnerabilidad de la flora y vegetación españolas ante el cambio climático' txostenean, MFE-ko (Mapa Forestal Español) espezie zaurgarri bezala izendatuta dago, B kategoriaren barruan (oso altua).

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/19 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1918 | Argazki nagusia: Jean-Pol Grandmont (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...