Zume edo sahats negartia
Salix babylonica

Sahats honi izena adarretatik datorkio, bere gainalde zabaletik adarrak malko-tanta moduan erortzen direla ematen baitu, lur edo ibaien gainaldera iristen direlarik. Salix izena erromatarrek erabili zuten lehenengoz eta zeltatik omen dator, "sal" hitzak hurbil eta "lis" hitzak ura esan nahi baitute, hau da, uretatik hurbil bizi den zuhaitza. Bere izen espezifikoa, "babylonica", modu okerrean jarri zitzaion, egun frogatu baita Babilonian ez zegoela horrelako alerik.

Bere itxura melankolikoak, jardin guztietako erregea bilakatu du eta askoren inspirazioaren iturri izan da. Kontakizun askotan aurki daiteke, tristuraren pertsonifikazio modura. Euskal literaturan ere "Ahatetxoa eta sahats negartia" obran aurki dezakegu. 

Sahats negartia oso azkar hazten da baina biziraupen motza du, 40-50 urtekoa.

Salix babylonica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz hostoerorkorra dugu, 8-12 metroko altuera duena (nahiz eta 26 metrokoak ere ezagutzen diren). Adar meheak ditu, malguak, luzeak eta lurreraino zintzilik luzatzen direnak, berde-hori koloreko milaka hostoz estalirik daudenak. Enborra, bihurria eta zabala da, batzuetan okertua egoten da, eta azal gogorra eta zartatua izaten du, kafe kolorekoa.

Hostoak

Hostoak erorkorrak dira, adartxoetan txandakatuak, sinpleak, lantzeolatuak eta 8-16 cm-koak. Ertz zerraduna dute. Gainaldetik, berde ilunak dira, eta, azpialdean, berde argiak eta glaukoak. Nerbiazio sakona eta argia dute. Kolore berde-horixka ematen diote zuhaitzari urteko adaxka gazteek. Udazkenean horitu egiten dira, sahatsek itxura urreztatua hartzen dutelarik.

Loreak

Sahats negartia, sahats guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen lore mota amentua da, baina gainontzeko amentuak ez bezala, hauek intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentu motzak dituzte, terminalak, eta hostoen antzeko pedunkulu berdeetatik aurrera daratzen direnak.  

Lore estaminatu arrak 1,8-3 x 0,5-1 cm-koak dira, 2-10 estamin dituzte, guruin nektarifero batez lagundurik doazenak. Anterak arroxa kolorekoak dira muturrean baina naranja kolorea hartzen dute lorea irekitzean. Bi gelaxka dituzte, longitudinalki zabaltzen direnak. Filakentuak filiformeak dira, hori argiak eta orokorrean pubeszenteak.

Lore pistilatuak 1,5-2,5 x 0,5 cm-koak dira eta obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Obarioan bi lobuluko estiloa eta obulu ugari daude.

Fruituak

Fruituak, amentu emea zenetik agertzen dira multzokatuta. Kapsula motakoak dira eta 2- 4 balben bidez irekitzen dira. Hori-marroi kolorekoak dira, estuak eta forma konikokoak, 3-4 cm luze direnak eta orokorrean, glabroak. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix generoko espezie desberdinak erraz hibridatzen dira eta batzutan, oso zaila suertatzen da Salix babylonica espezieko ale puruak topatzea.

Banaketa

Sahats negartia jatorriz Asiako espeziea da, eta bertan landare inbasorea izatera irits daiteke. Europarantza Erdi Aroan pasa zela uste da eta gure kontinentean lehen aldiz 1692. urtean dago dataturik. Europan, Euskal Herrian barne, ezinbesteko zuhaitz ornamental bilakatu da, bereziki ibai ertzetan.

Ekologia

Ibaietan, erreketan, urtegietan, eta, orokorrean, maila freatikoa azaletik hurbil duen edozein lurzorutan hazten da zume negartia.

Munduan, gehien zabaldu diren zuhaitzak dira Salix generokoak.

Fenologia

Sahats negartia urte osoan zehar hazten da. Hostoak martxoa hasieran ateratzen hasten dira eta abendu bukaeran erori. Loraketa hostoen agerpenarekin batera edo lehenago gertatzen da, martxoan. Loreak erabateko garapena martxoa bukaera aldera lortzen du eta fruituek apirila bukaeratik maiatza hasierara lortzen dute heldutasuna.

Erabilerak

Batez ere bere edertasunagatik erabiltzen da, zuhaitz ornamental modura. Bere egurra ez da oso kalitate onekoa eta kutxak, paper pasta eta pospoloak egiteko erabiltzen da batez ere.

Medikuntzan, besteak beste aspirina bezalako botikak egiteko erabili izan dira sahatsak, azido azetil-salizilikoa dutela eta. Substantzia hau enborrean aurki daiteke eta propietate astringente eta antidiarreikoak ditu. Sahats hostoekin egindako infusioak Afrikan asko erabili izan dira erreumatismoen aurka.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/11/21 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1997 | Argazki nagusia: Ashitaka

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...