Zume hostoestua
Salix elaeagnos

Zume guztietatik hosto estuenak dituena dugu hau. Zume negartiaren antzeko hostoak ditu baina honen adarrak ez dira beherantz erortzen. Bere izen zientifikoa Elaeagnus generotik datorkio (Paradisuko zuhaitza deiturikoa), bien hostoek duten antzekotasuna dela eta. Era berean Elaeagnus hitza grekotik dator, bertan olibondoari 'elaia' esaten baizitzaion.

Salix elaeagnos

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
(Cariot) Rech.f. (1957)
Estatusa
ne

Morfologia

1-6 metro inguruko zuhaiska da (12 metrorainokoa baldintza optimoetan), oso adarkatua. Adarrak oso luzeak eta malguak dira. Bere enborrak azal arre iluna du, oso zartatua ale zaharretan. Adar glabroak ditu, arre-gorrixkak, baina kimu berriak horixkak dira eta ile zuriz estalirik egoten dira. Adar gazteak ere pubeszenteak dira.

Hostoak

Hostoak 2-10 x 1-2 cm-koak dira, linealak edo lineal-lantzeolatuak, oinarri kuneiformekoak eta mutur zorrotzekoak. Ertz zimurtua dute, zerratua puntan. 16-20 nerbio-lateral dituzte. Hosto gazteak glabreszenteak dira gainealdean, eta oso tomentotsuak azpialdean. 0,5 cm-rainoko pezioloa dute, hau ere iletsua, eta ez dute estipularik edo hauek glandulosoak dira.

Loreak

Zume hostoestua, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentuak hostoen aurretik jaiotzen dira, adar berrien puntan.

Zume hostoestuaren amentuak 3x1 cm-koak dira, sesilak edo pedunkulatuak (baina izatekotan oso motza) eta braktea erorkorrak dituzte. Loreen brakteak obalatu edo oblongoak dira, iletsuak eta kolore hori-arrekoak, arreak eta mutur gorrikoak heldutan. Mutur kamutsa izan ohi dute.

Lore estaminatu arrek bi estamin dituzte, eta hauen harizpiak oinaldean fusionatuta egoten dira. Harizpia iletsua da oinarrian eta nektario motz eta borobildua dute.

Lore emeak, aldiz, pistilo glabroa dute, subsesila eta estilo luzea. Bi estigma bifido dituzte, purpura kolorekoak, eta nektario zabala.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Zume zuriaren kapsulak 4 mm-koak dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix generoko espezieak erraz hibridatzen dira elkarren artean eta batzuetan, zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa.

Banaketa

Europa erdialde eta hegoaldean agertzen da, baita Afrika eta Asia Txikiko iparraldean ere. Gure inguruan zume arruntenetako bat da.

Salix elaeagnos Salix elaeagnos

Ekologia

Erreka ertzetan, amildegi laiotzetan eta mendi uharretan hazten da, 200-2000 metroko altitudeetan. Tenperatura epelak behar ditu baina espezie kontinentala denez, tenperatura aldaketak ondo jasaten ditu. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Zume hostoestua otsaila eta apirila bitartean loratzen da eta fruituak apirila eta maiatza bitartean heltzen dira.

Erabilerak

Beste Salix asko bezala hau ere erleengatik nahiko erabilia da eztia egiterako orduan. Landare ornamental modura kultibatzen da, baita ibai eta erreken ertzak egonkorteko ere. Beste zume asko bezala hau ere saskigintzan erabilia da.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu. Hala ere, Salix elaeagnos subsp. angustifolia subespeziea, Andaluziako legediak babestuta dago.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/16 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1193 | Argazki nagusia: images/biodibertsitatea/landareak/salix_elaeagnos.jpg

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...