Zume gorria
Salix purpurea

Zume gorriaren izen zientifikoak bere adarren eta anteren kolore purpura deigarrian du jatorria. Zuhaixka handia da, 6 metrorainoko altuerakoa eta ia Europa osoan zehar banaturik agertzen da, basoen ertzetan, bereziki ingurune istilduetan.

Salix purpurea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka handia da, 6 metrorainoko altuerakoa eta batzuetan zuhaitz-formakoa. Adar meheak ditu, malguak eta gaztetan maiz purpura bizi kolorekoak, nahiz eta heltzean kolore zurbilagoak hartzen dituzten. Adarrak glabroak dira eta kimu iletsuak izaten dituzte, kolore laranja-horixkakoak, disdiratsuak.

Hostoak

Zume gorriaren hostoak 4-12 x 1,5 cm-koak dira, 3-10 aldiz zabal baino luzeagoak, lantzeolatuak eta zabalagoak erdialdean. Beste Salix-ak ez bezala, zume gorriak hosto eta kimu gehienak oposatuak ditu. Hosto helduak glabroak dira, kolore berde ilunekoak eta mateak gainealdean, baina berde-urdinak eta nerbio oso nabarmenarekin azpialdean. Hostoen ertza leuna da azpialdean baina leunki hortzduna gainaldean. Pezioloa 5 mm-rainokoa. Ez dute estipularik.

Loreak

Zume gorria, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentuak hostoen aurretik jaiotzen dira, adar berrien puntan.

Lore estaminatu arrak 5 cm-rainoko luzera dute eta 1 cm inguruko zabalera. Trinkoak dira, eseriak eta brakteadunak. Brakteak tektrizeak dira, kolore arre ilunekoak baina argiagoak oinarrian. Ile luze gutxi batzuk dituzte. Estaminen filamentuak erabat fusionatuta dituzte (anteretaraino) eta hori dela eta harizpi estaminal bakarra dagoela ematen du. Oinarri iletsua dute, bi nektariorekin. Guruin nektarioaren luzera braktea tektrizarekiko 1/3-koa da. Anterak esferikoak dira, kolore purpurakoak loratze garaiaren aurretik baina horiak loratze garaian zehar eta beltzak ostean.

Lore emeak tenteak edo leunki kurbatuak dira, 6 x 0,5-1 cm-koak, trinkoak eta eseriak. Pistilo luze eta iletsua dute eta nektario bakarra. Lore pistilatu hauek obario obal bakar batez osaturik daude, 2-3 mm-koa, eseria eta ile askoduna (baina beti ere ile motzak), nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Ez dute estilorik edo oso motza da. Estigma motzak dituzte, buru moduko bat eratuz batzen direnak.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix eriocephala

Jatorria ipar Amerikan duen zuhaiska honek 1-4 metroko altuera du eta zenbait lekuetan kultibatzen da. Gainera, Salix espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suertatzen da espezie mailako identifikazioa.

Banaketa

Landare euroasiatikoa da eta ia Europa osoan zehar banaturik dago.

Salix purpurea Salix purpurea

Ekologia

Baso ertzetan bizi da, bereziki ingurune istilduetan. Ibai ertzetan da bereziki arrunta, hare, limo edo harribilezko lurzoruetan. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Urtarriletik apirilera loratzen da, eskualdearen arabera. Fruituak otsailetik maiatzera ager daitzeke.

Erabilerak

Beste Salix askorekin gertatzen den moduan, hau ere saskigintzan nahiko erabilia da, zumea dela eta. Zume gorria ornamentalki ere kultibatzen da. Bere enbor-azala eta hostoak larruak zurratzeko erabili izan dira. Erle askok eztiaren ekoizpenerako zume gorriaren loreetatik jasotzen dute polena.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoerarik inguruko azterketarik egin.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/14 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1227 | Argazki nagusia: Dunbar Gardens

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...