Sahats piriniarra
Salix pyrenaica

Sahats piriniarra, bere izenak dioen modura, Pirinioetako estai alpetar eta subalpetarretan bizi da, eta Pirinioetako endemikoa da. Euskal Herriko mendi altuetaraino iristen da eta Ori mendia da bere banaketa-eskualdearen muga.

Salix pyrenaica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Gouan, 1773
Estatusa
ne

Morfologia

Gainontzeko sahatsak ez bezala, sahats piriniarra mulua izaten da, altueran 50 cm artekoa eta zurtoin herrestariak dauzka, bihurriak eta kolore arre-ilunekoak. Adaska meheak ditu, aszendenteak, kolore arre-gorrixkakoak eta ile luzez beterik gazteetan nahiz eta gerora galdu egiten dituzten, itxura lustreduna hartuz. Begi aobatu-luzangak ditu, kamutsak, arre kolorekoak eta hauek ere ile luzeekin hasieran baina ilegabeak gerora.

Hostoak

Sahats piriniarrak hosto aobatu-eliptikoak edo obobatuak ditu, 1-3 x 0,8-1,5 ck-koak. Zuhaitz hostoerorkorra da eta hosto txandakatuak ditu. Hostoak, oinean biribilduak dira, berdeak gainaldean, eta ile luze gutxi batzuekin gainaldean baina glaukoak eta pubeszentzia zetakaradunak azpialdean. Pubeszentzia hau, hala ere, adinarekin galdu egiten dute, ertzean salbu. Ertza osoa da. Nerbiazio finki erretikulatua dute, 8 albo-nerbio pare dituena. Txortena, 3-5 mm-koa da, ileluzea eta ez du estipularik.

Loreak

Sahats piriniarra, sahats guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina gainontzeko amentuak ez bezala, hauek intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentu hauek lateralak dira, 1-2 cm-koak, lasak eta aurreko urteko adasketan jaiotzen dira. Pedunkulu luzea dute eta braktea kamutsak, ferrugineoak, puntan zertxobait ilunagoak eta ile luzez estaliak alde bietan.

Lore estaminatu arrek guruin nektarifero batez lagundurik doazen bi estamin dituzte, harizpi askekoak. Estaminen filamentuek oinarri iletsua dute, nektario oblongo batekin.

Lore emeek pistilo luze eta iletsua dute, euren nekatarioa baino 2-4 aldiz luzeagoa den pedizelo batean kokaturik dagoena. Nektarioak estilo motza du eta estigma oso edo bifidoak. Lore pistilatu hauek obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Sahats piriniarraren pistiloak iletsuak dira.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix retusa

Piriniotako sahatsaren antzeko sahats herrestaria da, Europako mendietako endemikoa, Piriniotatik zehar Nafarroako Pirinioetako gailur garaienetara iristen dena. Hala ere, honek hosto ilegabeak, berdeak alde bietan, gerba eseri edo ia-eseriak eta pistilo ilegabeak ditu.

Banaketa

Espezie hau Piriniotako endemikoa da eta bertan bizi da, estai alpetar eta subalpetarretako larrre hezeetan. Euskal Herriko mendirik altuetaraino iristen da eta Ori mendia da bere banaketa-eremuaren muga.

Salix pyrenaica Salix pyrenaica

Ekologia

Espezie honek argitasun ertaina behar du, ur dexente eta tenperatura oso hotzak. Oso ondo jasaten ditu elurteak eta 1.400-2.700 metrora bizi da, larre harritsuetan eta elur iraunkorra dagoen lekuetan. Lur kalkareoak nahiago ditu. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Uztailean loratzen da eta fruituak ere orduan garatzen dira, uda bukaeran heldutasuna lortuz.

Erabilerak

Ez du erabilera ezagunik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Landareei dagokionean, arruntak dira Dryas octopetala, Arctostaphylos alpina, Anthyllis vulneraria subsp. boscii, Sesleria coerulea, Alchemilla plicatula, Globularia nudicaulis subs. gracilis, Festuc nigrescens, Geum pyrenaicum...

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu, baina Euskal Herrian, desagertzeko arriskuan dauden espezieetako bat da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/12 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1485 | Argazki nagusia: José María Escolano

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...