Zume iluna
Salix triandra

Zume iluna zuhaiska txikia da, 10 metrorainokoa eta ibar eta erreken ertzean bizi da. Duela urte batzuk ez zen zaila Euskal Herriko erriberatan aurkitzea baina azken urteotan eman den ibaien degradazioa dela eta, geroz eta zailagoa da espezie hau topatzea.

Salix triandra

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaiska edo zuhaitz txikia dugu zume iluna, altueran 10 metrorainokoa. Adar tenteak ditu edo erekto-patenteak, bihurriak eta zaluak. Azala grisa edo arrexka du eta orri edo atal irregularretan askatzen da (platanoa-ren antzera), txaplata laranja-marroiak utziz. Adaska gazteak ilegabeak dira, kolore berdexka edo are-gorrixka dute eta begi zorrotz eta ilegabeak dituzte. Maiz adakera inklinatua du.

Hostoak

Zume ilunaren hostoak 5-10 x 1-2 cm-koak dira, luzanga-obatuak edo luzanga-lantzeolatuak, zorrotzak edo laburki akuminatuak eta oinean kamutsak edo biribilduak. Ertz zerradun-guruindunak dituzte. Hostoak ilegabeak dira, berde biziak eta pixka bat lustredunak gainaldetik baina glaukoak eta berde zurbilak azpialdetik. Txorten laburra dute, asko jota 1 cm-koa eta ilegabea. Zume honen txortenak 2-3 guruintxo ditu hostoaren oinean eta bi estipula, nahiko nabariak, oinarrian. Espezie hostoiraunkorra da.

Loreak

Zume iluna, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daudenak. Amentu hauek hostoekin batera jaiotzen dira (gainontzeko Salix gehienetan loreak hostoen aurretik agertzen dira), adar berrien puntan. Lore zilindrikoak dira eta erekto-patenteak. Braktea trasobatuak dituzte, uniformeki horixkak, kamutsak, iledunak oinean baina glabreszenteak puntan eta iraunkorrak.

Lore estaminatu arrak 2,5-8 cm-koak dira. Guruin nektarifero batez lagundurik doazen hiru estamin dituzte (hain zuzen ere, hori esan nahi du 'triandra' izen espezifikoak, gainontzeko Salix-ek bi edo bost baitituzte), harizpi askekoak. Estaminen filamentuek oinarri iletsua dute, bi nektariorekin.

Lore emeek kapsula aobatu-konikoa dute, 2-4 cm-koa, berdea eta ilegabea. Gainera, zume ilunaren lore emeak luzeki pedizelatuak dira. Pistilo luze eta iletsua dute eta nektario bakarra. Nektarioak estilo motza du eta estigma oso edo bifidoak. Lore pistilatu hauek obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana.

Fruituak

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 balben bidez irekitzen dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore txuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Antzeko espezieak

Salix sp.

Salix espezieak elkarren artean asko hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke espezie mailako identifikazioa egitea. Salix triandra-ren zenbait barietate daude. Esaterako, Salix triandra var. hoffmanniana (Bab.), Britania Handian bizi dena. Txikiagoa da (normalean 4 metro baino gutxiagoko altuera) eta oso adarkatua. Bere hostoak 2-7 x 1-1,5 cm baino txikiagokoak dira eta iletsuak azpikaldetik.

Gainera, Salix triandra eta Salix viminalis askotan hibridatzen dira, Salix x mollissima (Hoffm. ex Elwert) izeneko hibridoa sortuz. Azkenik, lehen Salix triandra-tzat jotzen zen Asiako Salix triandra var. nipponica (Franch. eta Savatier), egun Salix nipponica espezietzat jotzen da, baina biek konpartitzen dute hiru estamin izatearen ezaugarri bereizgarria.

Banaketa

Ibar eta erreken ertzean, urtegien ondoan eta bestelako gune hezeetan bizi ohi da. Europan eta Afrikako iparraldean aurkitzen da banaturik. Asian bada beste Salix bat, zume ilunarekin hiru estamin izatearen ezaugarria konpartitzen duena eta denbora luzez Salix triandra var. nipponica izendatu dena, baina ikerketen arabera beste espezie bat litzake, Salix nipponica izenekoa. Euskal Herrian antzina ugaria zen arren, egun bere egoera ez da oso ona, ibaien pairatu duten degradazioaren ondorioz.

Salix triandra Salix triandra

Ekologia

Ibai-bazter hareatsu eta istilduetan bizi da, ur emari handiko ibaien ertzetan. Zuhaitz honek lur azidoak nahiago ditu eta argitasun handia. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Fenologia

Zume iluna apirilean eta maiatzean loratzen da eta fruituak uda hasieran garatzen ditu.

Erabilerak

Zume ilunaren adar gazteak saskigintzan izugarri erabiliak dira, eta hain zuzen ere Salix hau da saskigintzan gehien erabiltzen denetako bat, Salix viminalis-en ostean. Bridgwater ondoan (Ingalaterran) zume ilunaren adarrak Willow gizona-ren eskultura egiteko erabili dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Melampsora amygdalinae onddoa eta Gonioctena linnaeana, Pontania triandrae eta Phyllocolpa intsektu espezieak zume ilunaren parasito arruntak dira.

 

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du zuhaitz honen egoera aztertu baina Euskal Herrian bere egoera zalantzazkoa da, eta iraungitze arriskuan dagoen espezietzat ere jo izan da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/13 | Azken eguneraketa: 2014/09/27 | Bisita-kopurua: 1175 | Argazki nagusia: Bob Osborn

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...