Ornodunon begiak oso antzekoak iruditu arren, ongi begiratuz gero moldaera asko izan dituela ikus daiteke. Ur-ingurunetik lehorraldera igarotzea edota gautar izatetik eguneko bizimodua edukitzea bezalako aldaketek moldapen ebolutibo anitzak garatzea eragin dute, animalia jokabideari eta inguruneari doitu ahal izateko. Erreportaje honetan ornodunon begiak jasan dituen moldaera eta aldaketa horien errepasoa egingo dugu.
Begiaren eboluzioa ulertzeko modurik egokiena, garapen enbrionarioan honek duen bilakaerari erreparatzea da. Organo optikoaren garapena dientzefaloaren eskualde medialaren ebaginazio gisa hasten da, bertatik besikula optikoak garatzen direlarik. Azken horiek animaliaren azalerantz hurbilduz doazen bitartean alde proximalean estutzen dira, eta alde distala zabalduz begi-kopa osatzen dute. Begi-koparen kanpoko geruzak erretinaren kanpoaldeko pigmentu-geruza osatzen du, eta barneko geruzak, berriz, kono eta makilak deritzen erretinako fotohartzaileak.
Begiak eta hau osatzen duten elementuek aldakortasun handia aurkezten dute ornodunen artean, eta hori dela eta, hauetariko bakoitza bizi deneko ingurunearen, eta ondorioz, izango duen portaeraren erakusle ona izango da.
Hasteko, uretan bizitzeak lehorrean baino argi eskuragarri gutxiago izatea suposatzen du. Horrela, ornodun hauek kristalino lodi eta okertuagoa daukate, argi-izpiak elkartu eta erretinara bideratu ahal izateko. Moldaera honez gain, kristalinoaren kokapenarekin zerikusia duten mekanismo ezberdinak ikus daitezke. Adibidez, lanproi eta aktinopterigio batzuek atsedenaldian kristalinoa kanporago dute distantzia laburrera ongi ikusi ahal izateko, aldiz, urrunerako ikusmen eskasa dute. Retractor lentis deritzon muskuluaren laguntzaz, ordea, kristalinoa bere jatorrizko egoerara tolesten da eta erretinara hurbiltzea baimentzen du. Predatzaile urtar handietan, aldiz, kontrako egoera ematen da. Esate baterako, marrazoak atsedenaldian urruneko ikusmenean trebeak dira, kristalinoa erretinatik hurbil edukiz. Beraz, gertuko ikusmenerako protactor lentis deritzon muskulua garatu dute, kristalinoa kanporantz bultzatuz, hurbileko harrapakinak identifikatzea ahalbidetzen diena. Marrazoek, moldaera honetaz gain, mintz niktitantea dute begia babestu ahal izateko, aurretik atzera zabaltzen den mintz gardena, alegia.
Lehorreko ornodunetan, ordea, makina bat moldaera garatu dutela ikus dezakegu. Orokorrean, lehorreko ornodunek argi kantitatearen arazorik ez dute, eta ondorioz, kristalino mehe eta okerdura txikiagokoa dute. Arazoa begia heze mantendu behar izatean datorkie baina, horretarako malko-guruinak garatzea ezinbesteko pausua izan da. Ugaztunok malko-kanal berezi bat ere garatu dugu, begitik sudur-barrunbera doana. Heze mantentzeaz gain, begia haizeak dakartzan partikulez babesteko eta garbitzeko betazalak ditugu. Betazal hauek desberdinak dira ornodun talde edota espezieen arabera.
Betazalen babespen funtzioaz hitz egitean, burura datorzkigu, esate baterako, gizaki edota jirafaren betazal bukaerako iletxo horiek, betileak, hain zuzen ere. Dena den, gogora dezagun ilea ugaztunok bakarrik dugula, eta beraz ornodun asko daude betilerik ez eta begia babesteko beste mekanismoren bat garatu dutenak. Lisanfibioek, hots, anfibio modernoek, beheko betazala mugikorra eta gardena dute, goikoa zurruna den bitartean. Gainerako ornodun lehortarren betazalen eredua gurearen antzekoa da, goi beheko betazalak mugikorrak eta opakoak dira.
Lisanfibioetara itzuliz, ikusmenarekin loturiko bestelako moldaerak garatu dituztela ikus dezakegu. Animalia hauek larba fase urtarra dute, hortaz, uretara moldaturiko begia eduki behar dute fase honetan, kristalino lodia, hain zuzen ere. Metamorfosian zehar begi hau eraldatuz joango da lehorrera moldatzeari begira. Bestalde, retractor bulbi deritzon muskulu berezia garatu dute; begia orbitaren barrura barneratuz, irensketan laguntzen duen muskulua da.
Lehen aipaturiko mintz niktitantearen antzeko mintza garatu dute hainbat ornodun lehortarrek, betazal gehigarri moduan begiaren babesa areagotzeko. Hegazti, narrasti eta anfibioetan maiz aurkitzen den egitura da. Ugaztunen artean, monotrematu eta martsupialioetan ageri da gehienbat.
Aipatuko dugun azkeneko moldaerari tapetum lucidum deritzo. Aktinopterigio, krokodilo, kondriktio eta zenbait ugaztunetan aurki dezakegu, hau da, uretan zein lehorrean bizi diren ornodunetan. Moldaera hau begiaren koroidean txertatuta dagoen geruza berezi bat da. Funtzio nagusia argi-intentsitate baxu edo iluneko egoeretan, fotohartzaileek argiarekiko duten sentikortasuna areagotzea da, modu honetan animaliari egoera hauetan ikustea ahalbidetuz. Hala ere, egitura honek animaliaren ikusmenaren zorroztasuna murrizten du askotan, izan ere, islatzen den argiak inguruko fotohartzaileak ere kitzikatzen ditu.
Aipaturiko ornodun talde guztietan, garrantzia berezia dute erretinan kokatzen diren zelula fotohartzaileek, hauek baitira argia jaso eta informazioa zerebrora bidaltzeaz arduratzen direnak. Bi motatakoak izan daitezke, konoak batetik, eta makilak edo bastoiak bestetik. Konoek ikusmenaren zorroztasuna eta koloreak bereiztea ahalbidetzen dute, baina makilek baino argiarekiko sentikortasun txikiagoa dute (10-100 aldiz txikiagoa). Makilak, berriz, argi-itzaletan moldatzen dira hobekien, honela, erretinan dauden kono eta makilen proportzioek eragin zuzena dute animalien ikusmenean.
Musker eta hegaztiek konoak bakarrik dituzte erretinan, eta ondorioz ikusmen zorrotzagoa izaten dute (oro har arrainek eta ugaztunek baino); hortaz, kolore asko bereizteko gai dira.
Ugaztunen erretinan, aldiz, makilak ugariak izaten dira erdialdeko fobean izan ezik, bertan konoak dira nagusi. Hori dela eta, ugaztun gehienek ikusmen-gaitasun handiagoa dute argi-ilunetan eta horietako askok ez dute kolorerik ikusten.
Gauez ikusteko moldatutako begiek, makil askokoek, duten ikusmena ez da oso zorrotza. Egunez bizi diren usoek konoz soilik osatutako erretina dute eta mikrometro bakarreko ezberdintasunak ere antzeman ditzakete erretinan eraikitako irudian, gauez bizi diren arratoientzat, aldiz, diskriminazio-distantzia hori 20 aldiz handiagoa izango da bereziki makilez hornituta dutelako erretina.
Begien paraeraren arabera, 2 edo 3 dimentsioko espazioan eraiki daiteke animalia inguratzen duen mundua. Erretinako kono bakoitzak, edo bastoi sorta bakoitzak, inguruko puntu batek islatutako argia bildu, neurtu eta prozesatzen du. Puntu hori begiarekiko zein distantzian dagoen jakiteko, begiaren norabidea eta kristalinoaren fokatzearekin, baita hauek kontrolatzen dituzten muskuluen informazio gehigarriarekin, lortzen da: Honela, nerbio-sistema zentralak nahikoa datu izango du hiru dimentsioko ingurunearen irudi zehatza eraikitzeko (irudi estereoskopikoa), baita denboran zehar bertan gerta daitezkeen aldaketa txikienez jabetzeko ere. Kamaleoien begi eredua kasu bitxia da oso: lentea dibergentea da eta tarte desberdinetan kokatzeko gaitasuna dauka. Era horretan teleskopio bat eduki dezakeen funtzionamendu berbera dauka, ikuseremu mugatua izanik baina irudi oso handitua lortzen duelarik. Ikuseremu mugatu hori begiaren erabateko mugikortasun gaitasunarekin konpentsatzen du. Horrela kamaleoiak gai dira begi bakoitza independenteki mugitzeko, eta honek ingurunearen pertzepzio bikaina izatea baimentzen die.
Espazioaren irudikatzea eta ulermena bezalako prozedura konplexuak begian bertan hasten dira. Argi-kinaden interpretazio eta prozesamenduaren zati bat erretinan bertan gertatzen da, neuronek kodetutako nerbio pultsuak entzefalora bidali aurretik.
Anfibioetan, esaterako, erretinak jadanik harrapakari, harrapakin edo objektu estatiko bezala identifikatua bidaltzen ditu ikusmenezko kinadei buruzko datuak garunera, eta dirudienez beste horrenbeste gertatzen da zenbait ugaztunen erretinan ere. Izan ere, erretinan 100 milioi fotohartzaile inguru dauden artean, milioi bat baino ez dira nerbio optikoan doazen axoiak, eta, beraz, axoi bakoitzak 100 bat fotohartzaileri dagokien seinaleak biltzen eta bidaltzen ditu. Eta honek aurretiko prozesamendua eskatzen du ezinbestean.
Begia beraz, bistara organo sinplea dirudien arren, ingurune bakoitzeko espezie bakoitzaren ezaugarri bereizgarria da, bere egiturak ingurune horretara moldatzeko beharrezko elementuak biltzen baititu. Horri esker (beste faktore batzuekin batera), jada aipatutako nitxo ekologiko guztiak kolonizatu ahal izan dira, gaur egun Lurrean dagoen dibertsitateari emendatzeko aukera emanez.
Erreportaje hau hainbat egileren artean sortua da: Iraide Artetxe, Judith Arruabarrena, Miren Atristain, Unai Baroja eta Oihan Pla.