Erreportajeak

2013ko ekaina
Euskal Herriko paisaiaren balioespena

Mendian, itsasoan, landa zabaletan, hirian… paisaia leku guztietan dago, oinarri-oinarrian edozein lekutik begiratuta ikusten dugun hori baita paisaia. Baina ez dugu guztiok berdin antzematen. Izan ere, paisaia ez da begi hutsez bakarrik jasotzen den zerbait. Zentzumen guztiek parte hartzen dute paisaiaren aurrean geldirik gaudenean: nola usaindu, zer entzun, hotza egiten duela, beroa… horien araberakoa ere bada paisaia. Eta ez horien araberakoa bakarrik. Gure sentimenduek, pentsamenduek, izateko moduak… ere edozein lekutik ikusten ari garen hori nola jasotzen dugun baldintzatzen dute.

Euskal Herriko paisaiaren balioespena
Lightbox Image

XVI. mendean paisaia margotu nahi zuen edozein margolarik ametsezko paisaia idilikoak bilatuko zituen bere margolana mamitzeko. Haientzat paisaia ederra gizakiaren eskusartzerik gabekoa zen eta, askotan, errealitateari berari baino, paisaiaren zentzu artistikoari erreparatzen zitzaion. Denborak aurrera joan ahala, ordea, paisaia sistema konplexu bat zela ulertzen hasi ziren, inguruneko elementuen eta lurraldearen arteko harremanen agertokia. Modu horretan ekin zioten, lehendabiziko aldiz, paisaia nola sortu zen ulertu nahiari. Orain, halaber, paisaia nola sortu den aztertzeaz gain, etengabe aldatzen ari den zerbait dela onartzen denez aldaketa horiek zergatik gertatzen diren jakitea da paisaiaren ikerlarien erronka.

Paisaiari begira: zer gertatu da hemen?

Paisaia milioika urtetako gertakarien emaitza da. Eta emaitza horren pertzepzioa, paisaiarena alegia, subjektiboa da guztiz; norbanakoaren araberakoa. Baina paisaia nola zizelkatu den oso modu objektiboaz aztertu daiteke. Horretarako, ikerlariek lehenik eta behin paisaiako elementuak 5 multzotan sailkatzen dituzte: litomasa (lur eremu horretako arroka multzoa), hidromasa (ura, bere egoera guztietan), aeromasa (eguratsari dagokiona), biomasa (elementu bizidunak) eta elementu antropikoak (gizakiarekin erlazionatutakoak). Bada, elementu hauen arteko konbinazioak oso desberdinak izan daitezke eta konbinazio horien araberakoa izango da, beraz, paisaia bera.

Elementuak identifikatzearen helburua paisaia azpimultzotan zatikatzea da, betiere azpimultzo horiek independenteak ez direla eta haien artean erlazio ugari daudela aintzat hartuz. Paisaia zatituta errazagoa da paisaiaren eraikuntzan eragin zuzena izan duten faktoreak zeintzuk diren jakitea. Hau da, paisaia ulertzeko lur-eremu horretan dauden litomasa, hidromasa, aeromasa, biomasa eta elementu antropikoak baldintzatu dituzten eragile edo prozesuak zeintzuk izan diren aztertu behar da.

Bada, paisaiaren eragile nagusiak faktore geologiko eta geomorfologikoak dira. Plaken tektonikak eragindako indarrek inguruneak deformatzen dituzte, han-hemenka gandorrak eta ibarrak banatuz. Hauek dira erliebearen itxuraren erantzule nagusiak. Gero, haran, magal, gandor, kosta edo labar izan daitezkeen lur-eremuok bestelako prozesu geomorfologiko batzuk jasaten dituzte (hala nola higadura, adibidez).

Lightbox Image

Faktore geologiko eta geomorfologikoek eraikitako paisaia biluzi hau faktore hidriko eta biotikoen arabera janzten da hurrena. Hots, ingurune horretan bizi diren espezie desberdinek (basoan, sastrakadian…) bai eta lur-eremu horretan dagoen uraren egoerak (izotza, elurra, ibaia, itsasoa…) eta ezaugarri fisiko-kimikoek paisaiaren aniztasuna baldintzatzen dute. Bestalde, normalean paisaietan energia eta materiaren sarrera eta irteerak konstanteak izaten badira ere, batzuetan fluxu horietan gizakiarekin inolako erlaziorik ez duten bat-bateko aldaketak egoten dira, eta horrek ere paisaiaren aniztasunean eragin zuzena dauka (urtaroen arabera landaredia asko aldatzen da, El Niño eta La Niña fenomenoak, luiziak…).

Azkenik, paisaiaren eragile nagusienetako bat gizakia bera da, eta oso garrantzitsua da hori gogoan izatea. Izan ere askorentzat paisaia natural diren asko, ustez gizakiaren eraginik gabekoak, gizakiaren mendetako lurraren erabilerak ondorioztatutakoak dira. Zaila da, zinez, gizakiak inolako eskusartzerik izan ez duen larrerik edo basorik aurkitzea, adibidez. Hori dela eta, paisaiaren babeserako oso garrantzitsua da lurraren kudeaketa tradizionalari eustea, abeltzaintza, basogintza… gabe egungo paisaia gehienak ez bailirateke diren bezalakoak izango. Gizakiaren eraginez leku gehienetan ingurunearen berezko erlazioak aldatu egin dira eta, zenbaitetan, paisaian elementu berriak sartu ditugu. Halaber, batzuetan aldaketa horiek paisaiatik urrun egindakoengatik izaten dira.

Lightbox Image

Irudian ikus daitekeen basoa eragile fisiko-kimikoek baldintzatzen dute, hots, bertako lurraren ezaugarriak (pHa, elementu kimikoak…), intsolazioa, batezbesteko temperatura… Bestalde, irudikoa baso heze bat da, pagadia, beraz eragile hidrikoek ere eragina izango dutela esan daiteke: euri kantitatea, elurra… Azkenik, irudian ikusten den langak gizakiaren eragina agerian uzten du. Langaren bestaldean ez dira zuhaitzak moztu eta, ziurrena, ez dira abereak larratzera sartzen; langatik hona ikusten den zelaitxoa, ostera, seguru aski abereak bertan larratzen direlako mantentzen da horrela.

Paisaiak sailkatzeko irizpide desberdinak daude faktore eta prozesu hauetako bakoitzari ematen zaion garrantziaren arabera. Batik bat zeri erreparatu (paisaiaren dinamika, egoera biologikoa, paisaiaren erabilgarritasuna…), horren arabera klasifikatuko dira paisaiak. Adibidez, paisaiaren dinamikari erreparatzen badiogu, paisaiak egonkorrak, osatuak edo ezegonkorrak izan daitezke, paisaia eraldatzen duten prozesuen jardunaren arabera.

Euskal Herriko paisaiaren balioespena. Kasu praktikoa

Paisaia aztertzea eta paisaia balioestea bi kontzeptu oso desberdinak dira. Paisaia aztertzea lan objektiboa da, baina paisaiaren balioespena norbanakoaren araberakoa da, subjektiboa. Horregatik paisaiaren kalitatea aztertzeko lehenbizi aintzat hartuko diren irizpideak zeintzuk diren finkatu behar da.

Jendeak paisaia bat kalitate onekoa, ederra edo erakargarria dela esateko aintzat hartzen dituen ezaugarriak zeintzuk diren ezagutzeko lan ugari egin dira, eta horietako gehienetan argazkiak erabili izan dira. Metodoa oso sinplea da: ikusleari argazki multzo bat eman eta argazkiotan jasotako paisaiei buruzko galderak egiten zaizkio (paisaiak sailka ditzala, taldeetan elkartu…). Horrela, egiten den sailkapen edo taldekatzearen arabera jakin daiteke hori egiteko erabili duen irizpidea edo aintzat hartu dituen ezaugarriak zeintzuk izan diren.

Kasu praktiko honetan ezagutzen diren ezaugarri eta irizpide horiek erabili ditut Euskal Herriko paisaia nolakoa den aztertzeko. Hori bai, nire helburua ez da Euskal Herriko paisaiarik ederrena zein den jakitea. Baizik eta paisaia bat aztertzeko jarraitu behar diren pausuak zeintzuk diren erakustea. Eta horregatik, lan xume honetan paisaia aztertzeko gogoan hartu beharreko irizpide guztien artean batzuk baino ez ditut erabili. Hori dela eta, ziurrenik lortutako emaitzak ez du guztion oniritzia izango, baina orientagarria izan dadin saiatuko naiz.

Paisaiaren azterketan, lehenik eta behin, paisaia bera mugatzen duen eremua zedarritzea beharrezkoa da, lurraldea aztergai edo lurralde-azpiunitate desberdinetan banatzeko. Eta horren faktore nagusia aztertutako ingurunearen eskala da, horrek baldintzatzen baitu ikerketan aztertuko diren ezaugarrien zehaztasun-maila. Paisaiaren unitateak zedarritzeko, hots, azpiunitateak bereizteko erabil daitezkeen irizpideetako batzuk honakoak dira: lurraren erabilera, landaredia, arroak edo haranak… Kasu honetan Euskal Herri osoaren azterketa egin dudanez paisaiaren unitateak zehazteko ikus-arroak mugatu ditut. Hau da, puntu batetik ikus daitekeen lurralde zatia. Badakit ikus-arro horien baitan paisaien aniztasuna handia izan daitekeela, baina eskalak behartzen nau. 

Lightbox Image

Irudi honetan Euskal Herriko ikus-arroak identifikatu ditut, kasu praktiko honetako aztergaiak, guztira 1058. Ikus daitekeen moduan irizpide hau dela eta aztertuko diren paisaia-unitateek Euskal Herriaren muga politikoak gainditzen dituzte.
 

Behin aztertuko diren eremuak zeintzuk diren zehaztuta, hauetako bakoitzean paisaia balioesteko erabiltzen diren irizpide desberdinak aplikatu behar dira. Nik 5 ezaugarri aztertu ditut: erliebea, landaredia, uraren presentzia, lurraldearen ezaugarri bereziak eta elementu negatiboak.

Erliebeak eragin zuzena du paisaiaren balioespenean. Izan ere, besteak beste ikus-arroak mugatzen ditu. Bestalde, onartua dago erliebe malkartsuek, adibidez, gehiago erakartzen gaituztela haran lauek baino. Bada, ondoko taulak paisaia-unitate bakoitzeko erliebea baloratzeko erabili dudan irizpidea jasotzen du:

Malda (º)Kalitatea (1-4)
< 20.00 1
20.00 - 40.00 2
40.00 - 60.00 3
> 60.00 4

Paisaia-unitate bakoitzean egon daitekeen erliebearen aniztasuna dela eta, paisaia-unitate osoaren kalitatea bertako aldagai (malda) bakoitzaren azaleraren arabera kalkulatu dut, ondoko formula jarraituz.

Ondoren, lortutako balioak birsailkatu ditut ondoko taularen arabera:

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
0,087 ≤ x< 0,929 1 - Oso txarra 4
0,929 ≤ x< 1,081 2 - Txarra 610
1,081 ≤ x< 1,443 3 - Ertaina 367
1,443 ≤ x< 1,618 4 - Ona 59
1,629 ≤ x 5 - Oso ona 81

Landarediak erliebea janzten du eta paisaiari koloreak gehitzen dizkio. Horregatik, paisaiaren aniztasunarekin zuzenki erlazionatuta dago. Ez dugu ahaztu behar, baina, paisaian dagoen landaredi hori ingurune horretako lurraren erabileraren menpekoa dela eta, beraz, gizakiak zerikusi handia izan duela bertan. Bestalde, paisaiaren azterlanen artean puntu honetan dago desadostasunik handiena. Izan ere, naturaltasun sentsazioa ematen duten landarediak (basoak batez ere), zuhaitz-geruzak dituztenak, kontraste onekoak (urtaroen eraginez batik bat) eta mosaiko-paisaiak positiboki baloratzen badira ere, subjektibotasunak eragin handia du landaredi-egiturak hautematean eta gizakiaren eragina benetan nabarmenak diren inguruneak oso desberdin balioesten ditu pertsona bakoitzak.

Lurraren erabilerari buruzko informazioa Europar Batasuneko Corine Land Cover datu baseak jasotzen du. Ni kartografia horretan oinarritu naiz landaredia balioesteko (betiere antzeko lanek ezarritako irizpideetatik gehiegi aldendu gabe). Ikus ondoko taula:

Landaredia / Lurraren erabileraKalitatea

Baso hostozabalak
Baso mistoak

5

Baso-lahardi trantsizioa
Pinudiak

4

Fruta-arbolak
Landaredi natural asko duten nekazal eremuak
Landaretza esklerofiloa
Mahastiak
Nekazal eta baso-lurrak
Olibondoak
Txillardiak
Zelai naturalak

3

Idorreko lur-lanak
Landaretza gutxiko eremuak
Larreak
Padurak
Sail ureztatuak
Uzta iraunkorrekin lotutako urteko uztak
Uzta konplexuak
Zohikaztegiak

2

Arroz zelaiak
Artifiziala
Erretako eremuak
Harkaitzak
Hondartzak, dunak...
Itsasadarrak
Itsasoa
Marearteko lurrak
Ur-korronteak
Ur-masak
Urtegiak

1

Erliebearekin bezala, honakoan ere paisaia-unitate bakoitzean landaredi edo lurraren erabilera mota bat baino gehiago dago. Beraz, aniztasun hori jasotzeko, paisaia-unitate osoaren kalitatea bertako aldagai (malda) bakoitzaren azaleraren arabera kalkulatu dut, ondoko formula jarraituz.

Ondoren, lortutako balioak birsailkatu ditut ondoko taularen arabera:

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
0,999 ≤ x< 1,520 1 - Oso txarra 34
1,520 ≤ x< 2,254 2 - Txarra 168
2,254 ≤ x<  3,000 3 - Ertaina 319
3,000 ≤ x< 4,250 4 - Ona 472
4,250 ≤ x 5 - Oso ona 65

Ura paisaiari balio positiboa atxikitzen dion elementu bat da, besteak beste urak dinamika ematen diolako paisaiari, mugimendua. Halaber, zenbait ur geruzek, hala nola lakuek, urtegiek… paisaia islatzen dute eta, horrela, sakontasuna ematen diote. Horregatik, urak geroz eta geruza zabalagoa bete orduan eta kalitate bisual handiagoa esleitzen dio paisaiari.

Ur masaKalitatea (1-4)
Itsasoa 4
Urtegiak, lakuak 3
Ibaiak 2
Errekak 1

Honakoan, aurrekoan ez bezala, urak presentzia hutsaz eragiten du paisaian, eta uraren araberako paisaia-unitatearen kalitatea ur masa motaren araberakoa da, ez ur masa bakoitzak paisaia-unitatean betetzen duen azaleraren araberakoa. Hori dela eta ondoko formula jarraitu dut:

Ondoren, lortutako balioak birsailkatu ditut ondoko taularen arabera:

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
0 ≤ x< 2 1 - Oso txarra 187
2 ≤ x< 3 2 - Txarra 743
3 ≤ x<  4 3 - Ertaina 11
4 ≤ x< 5 4 - Ona 53
5 ≤ x 5 - Oso ona 64

Elementu batzuek paisaien kalitatea emendatzen dute haien presentzia hutsarekin. Urarekin gertatzen den bezala, arroka biluziko hormak, hondartzak… erakargarriak zaizkigu. Horregatik, paisaiaren kalitatea balioesteko ezinbestekoa da aintzat hartzea zein elementuk sortzen duten gugan zirrara hori. Kontua da, ordea, elementu horiek norbanakoaren araberakoak direla. Gainera, elementu bereziren batek sortu dezakeen erakargarritasun maila ere ez da berdina pertsona guztiongan. 

Lan honetarako elementu berezien zerrenda arroka biluziko hormen eta hondartza/dunen presentziara murriztu dut. Baina, lana zintzotasunez egiteko jendartean elementu berezi hauei buruzko galdeketa bat egitea ezinbestekoa dela argi utzi nahi dut. Gainera, lan honen eskalak asko murriztu du elementuon zehaztasuna, hauek jasotzeko kartografiatze-lan berri bat egin beharko bailitzateke. Edonola, elementu hauetako baten bat gutxienez duten paisaia-unitateei 5eko balioa esleitu diet eta gainontzekoei 0 (gainontzeko ezaugarrien eskala berdinera egokitze aldera).

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
0 ≤ x< 5 0 – Presentziarik ez 971
5 ≤ x 1 – Presentzia bai 87

Zenbait elementuk paisaiari balioa gehitu beharrean eragin negatiboa dute, hau da, horrelako elementuak edukitzeagatik paisaia-unitate hauen kalitatea eskasagoa da. Normalean elementuok paisaia eraldatzeko ahalmen handia izaten dute; ikusleak gizakiaren eragin zuzena antzematen du eta lurraren erabilera ez-tradizionalarekin lotzen du. Eta horrek eragin oso negatiboa du. Zenbaitetan, halaber, elementu hauen eragina ez da bisuala soilik, izan ere gehienetan inpaktu akustiko eta kutsatzaileak ere badituzte, eta paisaia nola jasotzen dugun baldintzatzen dute.

Beraz, aldagai hauek paisaian betetzen duten azaleragatik ez baizik eta haien presentzia hutsagatik eragiten du paisaian. Baina bakoitzaren eragina desberdina da. Ondoko taulan elementu hauek eta bakoitzaren eragina jaso dut:

AldagaiaEragina

Eraikitako guneak eta industriguneak
Harrobiak
Autobia-autopista

2
Errepidea
Aireportuak
1

Elementu hauen eragina paisaia-unitate bakoitzean metagarria da. Hau da, geroz eta aldagai hauetako gehiago egon paisaia horretan kalitatea orduan baxuagoa izango da. Kalkulua egiteko ondoko formulan oinarritu naiz:

Ondoko taulak lortutako balioak sailkatzen ditu:

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
0 ≤ x< 1 1 – Eraginik ez 109
1 ≤ x< 5 2 – Eragin txarra 618
5 ≤ x<  12 3 – Eragin ertaina 257
12 ≤ x< 22 4 – Eragin ona 63
22 ≤ x 5 – Eragin oso ona 11

Azken formula

Aldagai guztiak aztertu eta gero azkeneko urratsa elementu horiek uztartzea da, mapa bakar batean aldagai guztiak jasotzea. Horretarako aldagaien eraginak negatiboak edo positiboak diren eta elementu bakoitzaren pisua zenbatekoa den zehaztu behar da. Kasu honetan erliebeari gainontzekoei baino garrantzia handiagoa eman diot. Ondoko formulak laburtzen du:

Paisaia-unitate bakoitzarentzat lortutako balioak birsailkatzea da azkeneko pausua. Ikus hurrengo taula:

Balio-tarteaKalitate-kategoriaPaisaia-untitate kopurua
2 ≤ x< 5 1 – Oso txarra 23
5 ≤ x< 7 2 – Txarra 262
7 ≤ x<  10 3 – Ertaina 417
10 ≤ x< 14 4 – Ona 268
14 ≤ x 5 – Oso ona 88

Adibide batzuk

Dorraoko bailara (0152)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Ona
Uraren presentzia: Txarra
Ezaugarri bereziak: Bai
Elementu negatiboak: Txarra

 
Itxina (0065)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Ona
Uraren presentzia: Txarra
Ezaugarri bereziak: Bai
Elementu negatiboak: Txarra

 
Aulestia (0333)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Ona
Uraren presentzia: Txarra
Ezaugarri bereziak: Bai
Elementu negatiboak: Txarra

 
Arantzazu(0342)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Ona
Uraren presentzia: Txarra
Ezaugarri bereziak: Bai
Elementu negatiboak: Txarra

 
Irati(0449)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Oso ona
Uraren presentzia: Oso ona
Ezaugarri bereziak: Ez
Elementu negatiboak: Txarra

 
Amezketa(0467)

OSO ONA

Erliebea: Ertaina
Landaredia eta Lurraren erabilera: Oso ona
Uraren presentzia: Oso ona
Ezaugarri bereziak: Ez
Elementu negatiboak: Txarra

Bibliografia

BOSQUE SENDRA, J., GOMEZ DELGADO, M., RODRIGUEZ DURAN, A. E., RODRIGUEZ ESPINOSA, V. M. ETA VELA GAYO, A. (1997) "Valoración de los aspectos visuales del paisaje mediante utilización de un SIG". Documents d'Analisi Geográfica, 30. zk.

MARTINEZ VEGA, J., MARTIN ISABEL, M. P., ETA ROMERO CALCERRADA, R. (2003) "Valoración del paisaje en la zona de especial protección de aves carrizales y sotos de Aranjuez (Comunidad de Madrid)". Geofocus, 3. zk.

MATA OLMO, R. ETA CSANZA HERRAIZ, C. (2004) "atlas de los paisajes de España". Ministerio de Medio Ambiente, Madrid.

ORMAETXEA, O. ETA DE LUCIO, J. V. (1992) "Valoración de la calidad del paisaje vasco por la población. Métodos para su consideración objetiva como criterio de conservación". Cuadernos de sección. Historia-Geografia: 491-504.

SOLARI, F. A., ETA CAZORLA, L. (2009) "Valoración de la calidad y fragilidad visual del paisaje". Cuadernos del Centro de Estudios de Diseño y Comunicación, 30. zk.

 

Comments (3)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    03 June 2013 at 09:57 |
    Zorionak egindako lanagatik, Gari. Erreportajea irakurri dugun guztioi gogoetarako bide zabala ireki diguzulakoan nago...

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    03 June 2013 at 11:54 |
    Eskerrik asko Antton! Gaiari objektibotasun puntu bat gehitzen saiatu naiz, besterik ez. Zure lana ere aparta izan da, erreportajea oso bisuala geratu da eta horrek erreportajearen arrakastaren erantzukizun handia du, zalantzarik gabe.

    reply

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    03 June 2013 at 14:05 |
    Ondo Gari!!! Zoriooonak!!!
    Ikusten da Orbangeren Paisaiako klaseak oso baliogarriak izan zirela bere momentuan jajaja!
    Segi fin!!

    reply

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...