Erreportajeak

2014ko Apirila
Karsta, Euskal Herria adibide

Euskal naturaren atal honetan badira dagoeneko hainbat erreportaje karsta barneratu dutenak, hala nola Lide Jimenezek saguzarren babesleku izendatu zituen karstaren parte diren kobazuloak, Inma Mugerzak lurpeko uren baitan akuifero karstikoak aipatu zizkigun, eta Garikoitz Perurenak Euskal Herriko paisaiaren kalitatea neurtu ondoren jarritako 6 adibideetatik 3 ingurune karstikoan daude (Dorraoko bailara, Itxina eta Arantzazu). Badirudi karstak Euskal Herrian baduela berebiziko garrantzia arlo ezberdinetarako, baina, zer dakigu karstari buruz? Edo hobeto esanda, zer da karsta?

Karsta, Euskal Herria adibide
Egilea: Martin Arriolabengoa

Martin (Aramaio) geologoa da eta egun, Deba bailararen kuaternarioko bilakaera geologikoaren inguruan doktore-tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.

"Karst" hitza Italia eta Eslovenia artean dagoen kareharrizko mesetaren alemanerazko izena da. Bertan, azaleraturiko kareharri formazioak, ur meteorikoek eragindako disoluzioa jasaten hari dira duela miloika urtetik, eta higadura mota onek eraginda erliebe berezi eta ikusgarriak sortu dira. Erliebe honi Karsta edo erliebe karstikoa deritzo, eta uraren bidez disoluzioa jasaten duten arroka guztietan gertatzen da, halaber, kareharrietan, dolomietan, igeltsuan, eta abar. Euskal Herrian aipaturiko hiru arroka motetan aurkitu daitekeen arren, kareharrietakoa da zabalduena.

Lightbox Image

Gure karstaren historia

Lightbox Image
 

Kareharriak ur azpian sortzen diren harriak dira, kimikoki ur saturatuetan hauspeatuz edo izaki bizidunek beraien eskeletoa hornitzean hauspeatuz. Euskal Herriko kareharri formazio gehienak Kretaziko garaikoak dira, orain dela 100 miloi urte ingurukoak (Aptiar-Albiar garaiak). Kontinenteetan dinosauroak bizi ziren bitartean, ia Euskal Herri osoa ur azpian zegoen; klima tropikaleko ur epel eta garbietan. Egoera horretan, errudistez (bibalbioen baitan desagerturiko orden bat) eta koralez osaturiko arrezifeak eratu ziren eta, ondorioz, kareharrizko formazio handiak sortu. Kretaziko amaieran eta Tertziarioan zehar gertatu zen Iberiar plakaren eta Europako plaken talkaren ondorioz, tartean ur azpian aurkitzen ziren lurrazalak urgaineratu ziren, kasu Euskal Herria eta Pirinioak. Altxatze hori 60 eta 14 miloi urte bitartean gertatu dela estimatzen da eta, beraz, teorikoki badira 14 miloi urte gure gaur egungo paisaia garatzen hasi zela (ikus Euskal Herriko paisaiaren balioespena erreportajea). Kareharriak uretatik kanpo ateratzerakoan bere ingurune naturaletik kanpo eta agente meteorikoen baitan geratu zen, gutxi gorabehera 14 miloi urtez.

Lightbox Image
Euskal Herrian hiru erliebe karstiko bereizi dira: 1) kostara itsatsita antzina, itsaspeko plataformak zirenen baitan garatu direnak (Mundakan adibidez). Hauek gainazal laua erakusten dute eta hiru erliebe karstikoetatik gazteenak dira, miloi bat urte ingurutik gaur egun arteko garapena jasan dute;.2) Cockpit motako karsta, kostatik gertu garatzen da eta Deba zein Gernika inguruetan ikusi dezakegu. Erliebe pinakularrak ematen dituzte, eta beraien gailurrek kota berdintsuan bat egiten dute, antzina existitzen zen gainazal lau bat disolbatzen joan ahala garatu den erliebea erakutsiz. Mota honetako adibiderik ikusgarrienak Indotxinan aurki daitezke. 3) Azkenik, barrualderantz mendiko karsta garatzen da, tontor handiak ematen ditu, malkartsuak, eta hiruretan erlieberik zaharrenak direla uste da.

Denbora tarte orretan klima-, tektonika- zein geomorfologia-aldaketak etengabe jazo dira, eta egun ezagutzen ditugun mazizo karstiko guztiak aldaketa horien isla dira; bakoitzak bere modura, erliebe mota ezberdinak ageri dituzte.

Lightbox Image
 

Karstaren garapenean berebiziko garrantzia du denboran zehar izandako maila freatikoaren bilakaerak. Nahiz eta gizakion denbora kontzepturako maila freatikoa ia ez den aldatzen (beti ere gehiegi ustiatzen ez bada, ikus Lurpeko urak, babestu beharreko altxorra erreportajea), milaka urtetan aldaketa asko jasaten ditu. Maila freatikoa egonkor mantentzen den garaietan, unitate geomorfologiko karstiko bereziak sor daitezke, hala nola, poljeak eta garapen horizontaleko leizeak.

Exokarsta

Urak, bere zikloaren bidean, lehenik arrokaren azala disolbatzen du, eta horri exokarsta deritzo, azalean garatzen den karsta. Exokarstaren baitan, tamaina ezberdineko disoluzio unitate geomorfologikoak aurkitu daitezke. Harriaren azalean garatzen diren ildaskei lapiaza deritze, disoluzio gradua handiagoa bada dolinak deritzen zulo edo sakonune zirkularrak sortzen dira, eta denborarekin hauek elkartzen joanez lehenik uhala, eta azkenik poljea edo bailara karstikoak sortzen dira.

Lightbox Image
Euskal Herrian aurki daitezkeen morfologia exokarstiko ezberdinak. a) eta b) aurkitzen diren bi lapiaz mota arruntenak; malda handieneko eremuetan ildo semizirkularrak sortzen dira bertikalean (b), eta malda txikiagoko eremuetan berriz ildoak bertikalki sakontzen dira (a), normalean arrokaren diaklasatuak edo haustura planoek markaturik. c) eta d) dolina batzuk ia biluzirik dauden arkaitzean garatzen dira (c), beste batzuk ordea poljeen gainazalean (d), lurzoru garatu batean. Ezberdintasun hori bertara iristen den sedimentu kantitateak markatzen du. e) Euskal Herrian aurki ditzakegun polje edo bailara karstikoak txikiak eta estuak dira beste ingurune batzuetakoekin konparatuz gero, adibidez Astigarribiakoa (e) edo Lasturrekoa (d). f) Azkenik, maila freatikoak behera oso azkar egiten badu kainoiak sortu daitezke, kasu Nerbioien jaiotza.

Endokarsta

Ingurune karstikoetan ura ez da azalean geratzen, eta lapiazaren ildo sakonetatik, dolinentatik edo pitzaduretatik infiltratuz arrokan barrena sartzen da. Urak karbonatoan asegabe jarraituz gero disoluzio prozesuak aurrera egiten du, eta simak eta leizeak sortzen dira, elementu endokarstikoak.

Lightbox Image
Goikoetxe kobazuloa, Gernika. Argazki honetan hainbat sedimentazio-fase bereiz daitezke: lehenengo fasean sedimentazio ibaitar-karstikoa gertatzen da, aloktonoa, kanpotik erreka karstean sartu eta hareharrizko legar borobilduak utzi dituena. Horren gainetik eta bigarren fasean, kolada estalagmitiko bat hauspeatu da, aurreko sedimentazio detritiko aloktonoa estaliz. Ondoren energia handiko ur korronteek aurkitzen zen sedimentuaren parte bat eraman dute, higadura fase bat eraginez. Ikusten den azken fasean, tantaketa bidez, estalaktitak eta estalagmitak hauspeatu dira.

Leize eta sima hauek arrokan sorturiko hutsuneak dira, eta beraz, sedimentuz bete daitezke. Betetze hori eragin dezaketen prozesu sedimentario endokarstikoak oso konplexuak eta ezberdinak izan daitezke, eta, horrenbestez, oraindik ez da mundu-mailan sedimentu endokarstikoen sailkapen adostu bat garatu.

 

Orokorrean, betekinak bi multzo nagusitan banatzen dira, sedimentazio kimikoa (espeleotemak, kimikoki hauspeatuak) eta sedimentazio klastikoa (garraiatuak). Espeleotemen kasuan, tantaketazkoak (estalaktitak edo estalagmitak) zein fluxuzkoak (koladak) ezberdintzen dira, eta, detritikoetan aloktonoak (sistema karstikoaren kanpotik ekarritakoak) edo autoktonoak (sistema karstikoaren baitan existitu eta garraiatzen direnak). Betekinek, karst-sistemak kanpoko ingurugiro-baldintza konkretu bati ematen dion erantzuna islatzen dute, eta, beraz, kanpoko baldintza hauek aldatzerakoan karst barneko sedimentazioa ere aldatzen da.

Lightbox Image
Goikoetxeko kobazuloan aurkitu ziren fase endokarstikoen bilakaera: 1) disoluzio bitartez leizea sortu; 2) urak edo errekak kanpoko errekarriak sartu eta sedimentatu; 3) ura energia galduz doa eta karbonatoz aseturiko ur fluxu bat sartzen da, espeleotema kolada hauspeatuz; 4) ur emariak energia galtzen jarraitzen du, eta tantaketazko estalagmitak edo estalaktitak sortzen hasten dira; 5) erreka berraktibatu da, eta ur korronte handiek aurreko sedimentuak higatu dituzte; 6) eta 7) errekak berriz ere indarra galdu ondoren tantanketazko sedimentazio kimikoak jarraitzen du.
Lightbox Image
 

Kobazuloetako altxorra

Gaur egun, giza eboluzioa baldintzatu duten kuaternarioko klima aldaketaren ikerketa-esparruan oso modan jarri dira estalagmitak. Espeleotema hpriek, tantaketa bidez behetik gora hazten dira, kapaka, zuhaitz enborren eraztunak bezalaxe. Kanpotik barrura sartzen den tanta bakoitzak garai orretan atmosferan aurkitzen den isotopo egonkorren erlazioa gordetzen du, eta kristaltzen denean erlazio hori mineralean mantentzen da. Klima aldaketak atmosferako baldintza isotopikoan eragin zuzena du, berau aldatuz, eta ondorioz estalagmitaren hazkuntza geruzak aztertuz kuaternarioan zehar izan ziren klima aldaketak estima daitezke.

 

 

 

Bibliografia

Aranburu, A., E. Iriarte , I. Yusta, S. Giralt, V. Martinez-Pillado, I. Rentería, A. Suarez, M. Arriolabengoa. 2012. Estudio paleoambiental a partir de precipitados químicos: espelotemas de la Sala Roja (Cueva Goikoetxe, Busturia, Bizkaia). Euskal Espeleologo Elkartea, 101-118 pp.

Arriolabengoa A., G. Garzón, A. Aranburu, E. Iriarte. 2012. Correlación entre marcadores geomorfológicos de estabilidad del nivel de base en los macizos kársticos de Arno e Izarraitz (Gipuzkoa). XII Reunión Nacional de Geomorfología, Santander.

Ford D. eta P. Williams. 2007. Karst Hydrology and Geomorphology. Wiley

KARAITZA urtekaria (www.euskalespeleo.com)

Vanghi V., V. Martínez-Pillado, E. Iriarte, L. Rodríguez, M. del Val, M. Arriolabengoa, A. Aranburu. 2013. A primera vista: el uso de tomografías axiales computerizadas (TAC) en el estudio de espeleotemas. Workshop Cuaternario Bilbao.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...